LABA borborka ari zen Iruñean, eta badira aste batzuk erupzioa gertatu eta hiriak dardara egin zuela. Lurpean zegoen mugimendua saretu eta plazara jauzia egin dute zenbait euskaltzalek, hain zuzen, Nafarroako hiriburuko plazarik ezagunena, Gaztelu plaza, izango da Labaren eta iruindar euskaldunen erreferentzia gunea aurrerantzean.

Iruñerrian energia edo magma bat zegoela sumatzen zuten aspaldidanik eta hori bideratzeko eta toki bat eskaintzeko jaio da Laba. "Edozein arlotan arituta euskara beti egon da bazterrean Iruñean, oso gune gutxitan eta sakabanatuta. Baina euskaraz bizi daitekeela eta bizi garela erakusteko eta bazterrekoa erdigunera ekartzeko beharra sentitu dugu", azaldu du Leire Ubani Labako kideak. "Saretu gabe zegoen guztia toki fisiko batean elkartzeko beharra, gogoa eta aukera ikusten genuen, dagoena elkartu eta ikusgarri egitekoa", gaineratu du. Hala, orain arte isolatuta egondako hainbat proiektu, egiteko modu eta gogo elkartuta sare-tzea lortu dute. Halaber, halako proiektu bat bihotzera eramatea uste dute oso eraginkorra izanen dela eta jende kopuru bat aktibatuko duela. "Hori da energia honek batu eta lokal horretara eraman gaituena".

Egitasmoa hiriaren erdigunean, Gaztelu plazan, kokatzea eta era berean euskarari toki hori eskaintzeak hizkuntzari ikusgarritasuna emango diola uste dute Labako kideek. Toki garrantzitsua eta sinbolikoki berezia dela deritzote, horregatik erreferentzia gune bihurtu nahiko lukete. Hain zuzen, espazio fisikoak berebiziko garrantzia du. Izaskun Barber kideak azaldu duenez lokala eskuratu zutenean, duela urtebete inguru, hasi ziren egitasmoari itxura ematen. "Orduan hasi ziren ametsak, gogoak, nahiak". Hiruzpalauk eman zuten lehen urratsa eta ordutik hainbat pertsona batu dira proiektura. "Aniztasun batean gaude lanean, izaera zein ekintza aldetik. Proiektu berriak sortzeko espazio bat bihurtu nahi dugu Laba", azaldu du Barberrek. Dirua behar dute eta baita lagun aktiboak ere: "Sortzeko prest dagoen jendea".

Eraikitze fase batean daudela dioten arren, etorkizunean hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak, edota sorkuntzarekin loturiko erakusleihoak ikusi nahiko lituzkete espazioan. "Horiek egiteko daude, amesten eta amets horiek egi bihurtu nahian ari gara eta aldi berean ideia berriak jasotzeko prest gaude", dio Ubanik. Ez dute proiektu itxi bat aurkeztu nahi izan, baizik eta ekarpenak jaso eta horiei ere toki eman nahi diete Laba espazioan. Hala, proiektu berriak sortu edota lagundu, kultura maite edota euskaraz bizi nahi duenarentzat leku oso aproposa izango dela uste dute, jende berria ezagutzeko elkargunea. Informazioa nahi duenak info@laba.eus helbidera mezu bat bidalita eska dezake.

SAREA SORTZEA HELBURU

Laba sare bat dela azpimarratu dute Ubanik eta Barberrek behin eta berriz. "Lehenengo bileretan denok ezagu-tzen genuen norbait baina jende ezezaguna ere bazegoen eta hala sarea sortu da". Taldekideen ezaugarriei dagokienez uste du ikuspegi desberdinak batu direla: "batzuk euskalgintzatik hurbilduak, besteak proiektuak erakarriak". Hala, proiektu irekia den neurrian ongi etorria izanen da batu nahi duen oro.

Halaber, crowfounding kanpaina bat ere hasi dute, hots, proiektuak aurrera egin dezan herritarrei ekarpen ekonomikoa egiteko eskatu diete. Itsulapikoa.eus webgunean egin daitezke ekarpenak eta dagoeneko igaro dute lehen langa, 10.000 euro lortu dituzte. "Oso pozik gaude izan duen harrerarekin, minimoarekin behintzat hasteko prest gaude", adierazi du Barberrek. Halaber, ekarpena egin izana eskertzeko opariak ere prestatu dituzte.

EUSKARATIK ETA EUSKARARA

Euskara gabe ezin da Laba ulertu. Euskaratik datorren eta euskara erdigunean dagoen proiektua baita. Euskara inplizituki barnean daraman proiektu bat. Hezurduran dago. "Nolabait, euskararen alde egotetik egitera igaro gara, euskaraz egiten dugulako eta euskaraz bizi nahi dugulako". Horretarako, sarearen ideia garrantzitsua dela uste dute: "euskararen alde egotetik egiterako jauzia islatzea". Badaude euskarazko ekitaldiak eta mugimenduak Iruñean baina uste dute euskarari ez zaiola lekua eman eta normaltasun batera ailegatzeko hiri erdigunera eramateko aukera aprobetxatu dute.

Laba momentu honetan posible bada, aurretik eginiko lan guztiaren ondorio dela uste du Ubanik: "Magma eta erupzio hori gertatzeko aldez aurretik lanketa bat egon da. Horien oinordekoak gara eta haiek ere proiektuaren parte dira". Barberrek gaineratu du, espero dutela beraiek hurrengo belaunaldiekin lotu ahal izatea. "Ederra litzake hemendik mende erdira transmisio hori ikustea, hurrengoei lekukoa ematea jarrai dezaten".

Jendearen joan etorri handia egongo den espazio gisa, aldakorra, toki bizia, egunero hurbildu eta akaso molde ezberdin batean aurkitu daitekeen toki bat beharren arabera moldatuko den espazioa irudikatzen dute Barber eta Ubanik. Aukera suertatu da eta aprobetxatzera doaz, desberdina izango den zerbait egiteko. "Dagoen gogo eta ilusioa pilatu eta indar, energia bihurtu". Erdigunean ahaldundu eta euskaldun gisa hemen daudela oihukatu nahi dute.