Tragedia izatera iritsi ez diren drama txikiez osatuta dago Ana Malagonek (Donostia, 1978) idatzitako azken obra. 2014an argitaratutako Lasai ez da ezer gertatzen lanean bezala, oraingoan ere kontakizun laburrekin osatu du Elkar argitaletxearekin argitaratutako liburua.

Guztira hamabost narrazio dira eta gizartearen islada garbia bilakatu diren isolamendua, bakardadea edota frustrazioa gailentzen dira istorioetan, baita familia eta bikote harremanak ere.

"Bere asperdura eta nazka guraso dibortziatu baten etxetik bestearenera garraiatzen dituen nerabea; aita enpresaria hil ondoren beren erdipurkeriarekin zer egin ez dakiten seme-alabak€". Fikziotik urrun senti daitezkeen ideiak dira. Malagonen hitzetan abandonu sentsazioa ere gurutzatzen du liburuak zeharka, egun gizartean "hainbeste gailendu dena". Eta abandonu sentsazio hori oso ondo irudikatzen du jendez hutsik baina janari apurrez beteriko mahaiak. Festaren hurrengo eguna, bazkari jendetsu baten bat-bateko amaiera.

Mahaia hankaz gora eta jaso gabe uzteaz ez ezik badira beste modu batzuk utzikeria adierazteko, aldamenekoari 'ez dakit zertaz ari zaren' erantzutea, esate baterako. Askotan bestea zertaz ari den dakigun arren "disimulatzeko eta esandakoa ukatzeko tresnatzat" erabili ohi dugun esaldia da eta horrek liburuko orrialdeetan barrena dagoena oso ondo "biribiltzen" duela azaldu du.

Lan hau osatzen duten ipuinek ez dute haien artean lotura handirik, dena dela, mundu "distopiko" bat elkarbanatzen dute, egoeraren bat edo beste "muturreraino" eraman dituelako. Distopia horren aurrean ironia darabil idazleak autodefentsa gisa, "babestuta sentitu" eta egoera latzei nolabait tonu eta larritasun maila jaisteko. Horrela, tragedia izatera heldu ez diren drama txikiak dira liburuaren oinarria. Bere burua ironikotzat hartzen ez duen pertsona da Malagon, alabaina, aurreko lanei erreparatuta argi geratu da idazten dituen tonu iluneko istorioei garrantzia kentzeko tresna oso baliagarria zaiola ironia.

Halaber, kontakizunetan giro urbanoa edo hiritarra nagusitzen dira eta hori ere bada hamabost narrazioek amankomunean duten beste ezaugarrietako bat. Azken batean nahiz eta ipuin-liburu bakarra osatu, hamabost narrazio hauek sakabanatuta jorratu dituela aipatu du Malagonek, "lehenengo bat eta gero bestea". Hauek azkenaldian irakurritako erreportajeetatik, telesail bateko eszena batetik edota lagunek kontatu diotenetik tiraka idatzi ditu. Itxialdiak kontzentratzeko trabak jarri badizkio ere, iturriz josita duen datu basea lagungarri izan zaio, bertan gordetzen baititu unean uneko datu zein gertakariak.

Berrikuntzak

Duela zazpi urte Lasai, ez da ezer gertatzen izenburupean kaleratu zuen bere aurreneko liburua eta bertan hainbat mikroipuin ondu zituen, 162 zehazki. 2017an ordea, Gelditu zaitezte gurekin lanak narrazio luzeagoa ekarri zuen. Oraingoan gertakizun laburrak lantzea erabaki du berriz ere, berrikuntza batzuekin. Alde batetik narrazioetan nagusitzen diren protagonistei dagokionez, badira norbanako bezala identifikagarriak diren pertsonaiak, hala ere, azken honetan hirugarren pertsonan kontatutako istorioak badaude, baita kutsu "kolektiboagoa" dutenak ere. Bestetik, aurreko bi liburuetan aipatzen diren familia harremanak ageri dira honetan ere, baina egungo egoerara ekarrita gai zehatzagoetan murgildu nahi izan du, isolamenduan edota bakardadean, adibidez.

Oskoletik ateratzeko saiakera

Joan den urteko itxialdiak norbera oskolaren barruan mantendu zuen, alabaina bestelako arrazoiak ditu idazleak saiakera hau "oskoletik ateratzeko modukoa" dela esateko. Izan ere, Ana Malagonentzat idaztea beste norbaiten zapatetan jartzea da. Enpatia ariketa bat. Eta horrek gizarteak egiten dituen ekintzak zergatik egiten dituen ulertzera eramaten du, mundua nolabait "eramangarriago" eginez. Liburu hau ideia horren adibide argia dela esan daiteke, hain zuzen ere, oskoletik atera eta barnera begiratzeko baizik, besteen istorioak imajinatzeko eta aldi berean haiekin enpatizatzeko aukera eman diolako. "Oskoletik atera, besteen informazioa jaso eta oskolera bueltatzea, ipuin formarekin kanporaka berriz egin ahal izateko", hori da idaztea bere-tzat.

Txikitatik idatzi izan duela dio Malagonek. Ikastolan hasi zen "besteen zapatetatik" mundua ikusten eta kontatzen. Ikasketak hasi zituenean idazteari utzi behar izan zion arren, lanean hasi eta berehala itzuli zen plataforma digitaletan idaztera, blogetan batez ere. Sarean ibilbidea egin ostean, salto egin eta "serioago" jarraitu zuen argitaletxe batekin, publikatzen hasi zen arte. Ia zortzi urte daramatza paperean bere istorioak kontatzen, haatik Samuraitasuna blog pertsonalean ere idazten du. Nolanahi ere, bere burua idazle-tzat ez duela eta idaztea igande arratsaldeetan egiten duen zerbait dela dio.