Araba hutsari erretratua

Arabako zenbait herri biztanlerik gabe, hutsik, geratzen ari direla bistaratzea du helburu 'Erroak' dokumentalak. Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak deitutako Batera deialdia irabazi zuten, eta behin aurkeztuta jaialdietara bidali dute orain ikus-entzunezkoa

05.04.2021 | 09:51
Araba hutsari erretratua

Nograro, Gaubea, Bajauri, Albaina, Saraso, Korres, Markinez eta Fuidio. Añanako kuadrilla, Arabako mendialdea eta Trebiñuko konderria. Zortzi herri eta hiru eskualde. Inguru horietako errealitatea erakusten du Erroak dokumentalak. Arabako herri txiki askok eta askok, bereziki hiru eskualde horietan, bizi duten egoeraren isla izateko asmoz jaio da ikus-entzunezkoa: geroz eta hustuago dauden herriak; biztanleak etengabe galduz joan eta desagertzear egon litezkeen herri txiki askoren lagina da Erroak.


Sergio Azkarate, Irati Lekue, Itziar Hormilla, Nefer Olaizola eta Erlantz Matak osatzen dute sortzaile taldea, eta ez zuten oso urrutira begiratu behar izan dokumentalaren abiapuntua aurkitzeko. "Askotan agertu izan da hedabideetan hustutako Espainia delakoa. gu ohartu ginen arazo hori Euskal Herrian ere gertatzen dela, eta gainera etxetik oso gertu, Araban bertan", azaldu du Sergio Azkarate zuzendariak. Gaia, kezka eta beharra biltzen ditu Arabako herri txikien egoeraren erretratuak, lan taldearen ustez. Bidegurutze horretan jarri ziren martxan gazteak. Araban "isilduta" zegoen errealitatea jaso dute herrietako protagonisten ahotik, lehen pertsonan.

Kontatzeko zerbait bazutela ohartu ziren gazte arabarrak horrela, eta ideia materializatzeko baliabide bila hasi ziren. Dokumentala finantzatzeko, hain zuzen, bi bide erabili dituzte. Batetik, Oihaneder Euskararen Etxeak euskarazko kultur sormena bultzatzeko duen Batera deialdira aurkeztu ziren, eta ondoren, finantzaketa kolektiboko kanpaina bat jarri zuten martxan.

Egunerokoaren isla

Zer kontatua hautatuta, eta kontaketa egiteko baliabideak bilduta, nola kontatu pentsatzeari ekin zioten gazteek, dokumentalaren "estiloa" aukeratzeari. Herritarren egunerokoa kontatzea izan dute asmo, eta horregatik, galdera-erantzun "ohiko" elkarrizketa formatuari ihes egin nahian aritu dira: "Gure helburua izan da jendea atzetik jarraitzea, ez diegu esan ezer ez prestatzeko, esan diegu euren eguneroko gauzak egiteko eta gu ibili gara atzetik jarraitzen".

Atzetik jarraituak izan diren herritarrak hautatzeko, hainbat kontaktu bide urratu dituzte gazteek. Herri txiki bat Arabako herri txikien asanbladarekin jarri ziren kontaktuan, batetik. Saraso ETB1eko Herri txiki, infernu handi programan agertu zela-eta, programaren bidez egin zuten harremana. Gaubeako Teoren kasuan, bestalde, herriko udalak jarri zituen gazteak eta Teo harremanetan.

Herriko bizitza

Bilaketak aurkikuntza dakar, eta hori gertatu zaie Erroak dokumentalaren sortzaileei. Herri horiek ezagutzera joan, eta bizimoldearen hainbat ertz arakatu dituzte. Herrietako bizitza ideia "kontrajarri" askoren arteko orekan dagoela uste du Azkaratek: "Alde ona izan daiteke pertsona gutxi izanda herritarren artean erlazio estua egotea, baina, era berean, arazo bat baldin badago posible da bi herritarrek sekula elkarri berriro ez hitz egitea; ingurune lasaiak ere badira, baina negua eta hotza heltzean bakardadea ere erabatekoa da. Naturaz inguratuta egotea ere ederra izan daiteke, baina, baldin-tza meteorologiko txarrak daudenean, zerbitzuak oso eskasak direnez isolatuta geratzen zara". Lasaitasuna ala isolamendua? Herri komunitatea ala talka? Natura ala zerbitzu falta? Arnas gune ala kartzela? Txanpon beraren bi aldeak ikus daitezke herrietan.


Haatik, hiritarren partetik, eta Covid-19aren pandemiaren izurriteak sustatuta, herri txikien "erromantizazioa" fenomenoa garatu dela baieztatu du Azkaratek: "Herri horietatik igaro eta gure erreakzioa izan ohi da 'ai, ze polita naturaz inguratuta bizitzea, a ze lasaitasuna!', baina gero negua eta hotza heltzen direnenean eta zerbitzurik ez dagoenean ere bizi egin behar da bertan". Gordintasun hori medio, eta gizartearen norabidea kontuan hartuta, herrietako biztanleak "erresistentzia hautu bat" egiten ari direla uste du zuzendariak: "Populazioa oso polarizatua dago gaur egun: hirietan geroz eta jende gehiago bizi da eta herrietan geroz eta gutxiago. Beraz, gaur egun herri batean bizitzeko hautua egitea sistemari erresistentzia egitea da".


Herri txikien despopulazioa arrazoi eta ondorioz jositako korapiloa da, ertz asko dituen errealitatea. Mataza horretan, hainbat gako zerrenda-tzeko gai izan dira sortzaileak. Arrazoietan, nekazal eremuaren mekanizazioa, eta ondorioz lan aukeren murrizketa, eta hirietan bizitzeak dituen zerbitzu erosotasunak aipatu ditu Azkaratek. Era berean, uneak eta faseak ere izan direla baieztatu du, eta, garaiaren arabera joan-etorri ugari egon direla landa eta hiri eremuen artean Araban.

Arazoari konponbidea emateko dauden aukeretan ere, iritzi kontrajarriak dituzte herritarrek. Belaunaldien arteko aldea igarri dute egileek: "Ikusi dugu jende zaharra, Teo bezala, pixka bat ezkorragoa egoerarekin, eta gero jende gaztea, Unai eta Txasko bezala, direla herrietara joan diren gasteiztarrak, positiboagoak direla". Egoeraren analisia eginda, denborak bakarrik esango du Arabako herri txikien patua berpiztea ala desagertzea ote den.

noticias de deia