"Gertatu zena da kontatzen dudana, nik bizitako egia"

Karlos Gorrindok kartzelan igarotako hamasei urteen kronika egin du bere azken liburuan: 'Funanbulistaren beldurra'. Ikuspuntu humano zein emozionaletik atzera egin, eta historia eta bere egia kontatu ditu

25.10.2020 | 21:33
Kartzelatik atera eta 24 urtera idatzi du bertan bizitakoei buruz Karlos Gorrindok

Nahiak eta kontatzeko beharrak bultzatuta idatzi du Karlos Gorrindok (Gernika-Lumo, 1959) bere azken liburua: Funanbulistaren beldurra. Kartzelan bizitakoa jaso du musikaz lagundutako orrietan, garai hartan pentsa-tzen eta sentitzen zuen moduan idatzita. "Istorio duin bat" idatzi duela iritzita, "pozik" da emaitzarekin. Liburua idatzita, gauza asko ikasi eta beste hainbat baieztatu ditu.

Kartzelatik atera zinela 24 urte igaro direnean argitaratu duzu 'Funanbulistaren beldurra' liburua. Zergatik idatzi duzu orain eta ez lehenago?

Eta zergatik ez? Ni liburu hau idaztekotan egon naiz urteetan. Hasieran, beharbada, ez nuen nire burua gai ikusten horrelako liburu bat idazteko. Nigan zauri asko egon ziren zabalik, eta, gainera, enfrentamendu gehiegi ezker abertzaleko 3-4 pertsonekin. Baina askok esaten zidaten: "Karlos, zuk kartzelari buruz idatzi behar duzu, zure esperientzia ezagutu egin behar da". Eta nik bueltak ematen nizkion nire buruari, baina pentsatzen nuen oraindik ez nengoela horretarako prest. Gauzak objektibotasun handiagoarekin ikusteko denbora pasatzen utzi behar da. Nik 24 urte itxaron ditut. Zergatik orain? Nahi izan dudalako eta gauza bat kontatzeko beharra sentitu dudalako.

Eta zer kontatu duzu?

Espainolek eta frantsesek gure gatazkaren inguruko kontaera bakarra nahi izan dute; egun, esaterako, Patria-ren bitartez Euskal Herriko gatazkaren inguruko kontaketa deformatua, interesatua eta desitxuratua egingo dute. Orain, pixkanaka-pixkanaka bagoaz gure kontakizuna kontatzen bai zinemagintzan, bai liburuetan... Liburu honen bitartez azaldu dut historikoki ETAren porrota zergatik eman den; ikuspuntu humanotik zein pertsonaletik, liburuan agertzen diren pertsonaiak pertsona bilakatuz. Horretarako, sekulako atzera begirada egin behar izan dut, bai ikuspuntu emozionaletik eta baita sentimentaletik ere.

Orduko pentsamenduarekin osatu duzu kontaketa ala egungoarekin?

Garai hartan pentsatzen eta sentitzen nuen modu berean idatzi dut liburua, hasieratik amaierara. Sentimendu eta pentsamenduek lehengo ideologia bera dute, aldatzen den gauza bakarra da helburu horietara iristeko baliabideak hanka-sartze izugarria egin zuela; ez zen zuzentzeko gogorik egon, eta Euskal Herria, Espainia eta Frantziarentzat sufrimendua areagotu egin zen. Nik, gaur egun, ez daukat 18 urterekin nuen maitasun itsu hori; askoz ere arrazionalagoa naiz. Garai hartan uste genuen presioa eginda eta gure indarkeriaren baliabideak erabilita, politikariek seguraski lortuko ez zituzten helburuak lortuko genituela. Horregatik sartu nintzen ni ETAn.

Kontatzeko beharra sentitzen zenuelako hasi zinen liburua idazten. Behin amaituta, beharrak asetuta geratu dira?

Bai. Gainera, liburua idatzi eta gero gauza asko ikasi ditut, eta beste batzuk baieztatzeko ere balio izan dit. Ez dut esango asebete egiten nauenik, baina uste dut istorio duin bat idatzi dudala, ezker abertzaleko jendearen-tzako eta abertzale nazionalista edo folkloristentzako jakin beharreko istorioa. Kartzelako ikuspuntutik zer bizi izan genuen eta zelako ondorioetara ailegatzen ginen batzuk azaldu dut. Oso pozik geratu naiz emaitzarekin, eta uste dut badudala oraindik ere zer kontatu.

Badago pasarte horietatik idaztea gehiago kostatu izan zaizunik?

Jakingo bazenu liburu hau idazten zenbat negar egin dudan€ Orain ere, hau gogora-tzean, oilo ipurdia jartzen zait. Liburua idaztean berriro joan naiz kartzelara, berriro bizi izan ditut 16 urte kartzelan; bai ETArekiko maitasun itsu hura eta baita amorru eta gorrotoa azkenaldian gertatutakoarekin. Inoiz galdetu izan didate ea kartzelan bertan oharrik hartu nuen gero horiek guztiak gogoratzeko. Eta ez, ez dut horren premiarik izan; oso gogoan dut zer gertatu zen, zer bizi izan genuen, zer nolako harremanak, jarrerak eta portaerak izan genituen kartzelan eta kar-tzelatik kanpo ere. Liburu hau bihotzetik eta ikuspuntu humano batetik idatzi dut, beste askorentzako deabru eta animalia basatiak zirenak humanizatzen saiatuz. Azkenaldian, kontaketaren gaineko iritzi asko sortzen dabiltza, baina kartzelan bizi izandako batek ez du honelakorik idatzi, eta kartzelan egondako batek idatzi duelako, hain zuzen, izan beharko luke sinesgarritasun handiagoa.

Zure sinesgarritasuna indartzeko idatzi al duzu?

Gertatu zena da nik liburuan kontatzen dudana, nik bizi izandako egia. Badakizu, egia baten aurrean bi pertsonak iritzi ezberdina eman dezakete. Gertatu zenaren testigan-tza egiten dut, historia kontatzen dut eta nire egia kontatzen dut.

Liburuak zenbat dauka errealitatetik?

Nik esango nuke guztia dela errealitatea, baina, beharbada, zehatz mehatz gogoratzen ez dituzun gertaerak ordezkatu egin behar dituzu irudimenarekin. Baina irudimena esaldiak lotzeko orduan erabili dut, elkarrizketak taxutzeko orduan€ Baina errealitatea %100 da.

Kapitulu bakoitzari abesti bana jarri diozu. Zergatik?

Ez dut esango gorputz biluzi bati arropa jar-tzea bezalakoa denik, baina abestiak badira edergailu. Kapitulu bakoitzeko abestiek, gainera, kapituluan bertan agertzen den zerbaitekin dute lotura. Kapitulu bakoitza irakur-tzen hasi aurretik irakurleari eskatzen diot abestia entzun dezan. Eta, egia esan, jende askok esan dit negar batean hasi direla abestiak entzutean. Ikaragarria da horrenbesteko sentimendu eta emozioa transmititzea.

Zer zen kartzela zuretzat?

Nik liburuan kartzela munstro bat bezala deskribatzen dut, zeini guk bizia ematen genion. Herrera de la Manchan egon ginenean, esaterako, bi txapeo (patiora ateratzera ukatzea) egin genituen, eta ziega bakoi-tzetik ateratzen ginenean, niri iruditzen zi-tzaidan kartzela zela aipatutako munstro hori, eta ate bakoitza alua zela. Alutik mundu oso hertsi, itxi eta gogorrera sortzen ginen, eta kartzelak berak xurgatu egiten zituen bertan bizi ginenon memoria, sentimendu eta abarrak. Horri eustea zen gure lanik garran-tzitsuena, eta, batzuetan, borroka zen bidea ematen ziona norbera bizirik sentitzeko. Eta beste batzuetan, borroka zen kartzelan zaudenaren ideiari eustea.

Atera al diozu zerbait positiboa kartzelari?

Kartzelan egotea sufrimendu bat zen, baina niretzat kartzela ez zen guztia beltza izan; bilatzen genion bere alde positiboa ere: adiskidetasuna, maitasuna€ Lan asko egin dut nik kartzelan: kazetaritza ikasketak egin nituen, lau liburu argitaratu, euskarako titulu guztiak atera... Niretzat euskara, esaterako, oso garrantzitsua da: nire aberria da. 14 urte nituela itsuki maitemindu nintzen euskaraz, eta hil arte hala jarraituko dut. Gaur egun, esaterako, pare bat plataformako kide naiz: 'Plazara gatoz' da horietako bat. Plataforma horretan gabiltzanok euskarak bizi duen egoera negargarri honi aurre egiteko asmo onak ditugu; nolabaiteko presioa egin nahi dugu, nahiz eta jakin zaila daukagula. Gaztelerak eta euskarak balio legal bera izatea da eskatu nahi duguna.

Lehenengo pertsonan idatzi duzu liburua. Norberari buruz idaztea errazagoa edo zailagoa egiten da?

Liburuaren lehenengo bertsioa hirugarren pertsonan idatzi nuen; hirugarren pertsonan eta pertsona guztien izen-abizenak aldatuta, alegia, benetakoak ezkutatuta. Kubara joan nintzen eta Joseba Sarrionandiarekin bildu nintzen. Liburua irakurri zuen, eta esan zidan: "testigantza liburu bat da hau, beraz, idatzi lehen pertsonan eta izen-abizenekin". Esan zidan testigantza liburuak zenbat eta biluztuago egon, sinesgarriago egiten direla, eta, egia esan, ni hemen biluztu egiten naiz, ez bakarrik alde ideologikotik, pertsonaletik ere. Nik lehen bertsioa eraman nion Josebari nire liburua zelakoan, eta berak esan zidan liburua idazteko materiala zela hura. Beraz, liburua erabat aldatuta dago. 14 liburu dauzkat argitaratuta, baina liburu hau idaztearekin hasi naiz idazle sentitzen, edo idazlea izatea zer den jakiten. Ez da dena segidan idaztea eta listo; idazlea da gozatzea, sufritzea, eraikitzea, desegitea, berregitea, egokitzea, orraztea, behin eta berriro bertsioak aldatzea, norbere gustura geratu arte. Horrek lan ikaragarria dakar, eta liburu honekin nik lan ikaragarria egin dut. Bilatu nahi izan dudana da nire gustukoa den testu bat, bai edukiari dagokionez, eta baita idazkerari dagokionez ere.

Hurrengo liburua lehen edo hirugarren pertsonan idatziko duzu?

Hurrengo liburua uste dut hirugarren pertsonan idatziko dudala. Oraindik azkar da esateko, baina zeri buruz idatziko dudan badakit: adiskidetasunari eta elkartasunari buruz. Nik ez dakit idazten sentimenduak agertu gabe.

Merezi izan du, beraz, liburu hau idazteak?

Nik uste dut merezi baino beharrezkoa zela. Orain arte beti pentsatu izan dut niretzat liburu bat argitaratzea nahikoa zela, horrek adierazten baitu zuk egindako lanari balio literario bat ematen diotela. Baina honekin gertatutakoa bestelako gauza bat izan da. Gernikan jaso dudan feedbacka, esaterako, oso ona izan da. Jende askok irakurri du, eta kalean geldiarazi egiten naute, besarkatu egin naute. Horrelakorik ez zait inoiz gertatu. Irakurleen iritziak dira nik nahi ditudanak.