Lehen diskoa atera du Ikarass musika taldeak. Relapse into Desolation izena du lanak, eta post-metal musika estiloa du oinarri. Taldekideen esanetan, "oso pertsonala" da diskoa, eta gustura gelditu dira emaitzarekin. Barruan zuten "amorrua" kanporatu nahi izan dute. Taldearen webgunean daude eskuragai bai diskoa, baita duela pare bat aste atera zuten biniloa ere. Boskote bizkaitarrak aurkezpen kontzertuak ematen egon beharko luke, baina pandemiaren eraginez, ezin izan dute emanaldirik antolatu. Hala ere, taldekideak harrituta daude lehen lanak izan duen harrerarekin, eta atzerrian ere badituzte entzuleak jada.

Taldeko bi gitarristek, Hodei Gonzalezek eta Matio Bañosek, institutu garaitik ezagutzen dute elkar, eta harreman hori dago Ikarassen abiapuntuan. 2013an topo egin eta abestiak sortzen hasteko erabakia hartu zuten. Gonzalezek azaldu zuenez, hasieran denbora-pasa moduan egiten zuten musika, baina gerora ikusi zuten taldea osatzearen kontua serioago hartzeko moduan zeudela. 2017an kontzertu bat eskaini zuten Urretxuko Hezurre Fest jaialdian, eta Gonzalezen ustez, "inflexio puntu" bat izan zen. Izan ere, horren ostean hasi ziren diskoaren grabaketa prestatzen.

Bi urteko prozesuaren ostean argitaratu dute Relapse into Desolation lana, "kostata", Gonzalezen hitzetan: "Prozesu luzea izan da; exigenteak gara, eta soinuari garrantzi handia ematen diogu". Hain zuzen ere, Gonzalezek adierazi du musika kritikariek hori azpimarratu dutela; soinuaren, produkzioaren, eta azken finean, abestien kalitatea goraipatu dute. "Esan izan dute ez duela ematen gure lehenengo lana denik", adierazi du. Gaineratu du Europako hainbat hedabide underground-etan ere izan duela oihartzuna euren lanak.

ATZERRIAN ERE ZALEAK

Entzuleen aldetik ere espero zutena baino harrera hobea izan dutela aitotu du. Euskal jarraitzaileak ez ezik, beste herrialde batzuetakoak ere badituzte. Sare sozialen bitartez, besteak beste, Australiako, Oregoneko eta Sui-tzako entzuleen mezuak iritsi zaizkie. Spotify plataformaren bitartez, berriz, pasa den astean 52 estatutatik entzun zuten Ikarassen musika. Horrez gain, diskoaren aurretiazko eskaeren %50 baino gehiago estatutik kanpokoak izan dira. "Guzti hori izugarria da gure-tzat", adierazi du taldeko gitarristak.

Gaur gaurkoz, diskoa taldearen webgunetik eskuratu daiteke. Biniloa irailaren erdialdean atera zuten, eta hori ere salgai dago. Horretaz aparte, kamisetak eta bestelakoak ere badituzte sarean.

EUSKAL ERREFERENTEEN FALTA

Ikarasseko taldekideak arduratzen dira abestiak sortzeaz; eurak dira kanten musikaren eta letren egileak. Ingelesez abestu ohi dute, "naturalki" horrela ateratzen zaielako: "Egiten dugun musikak ingelesera garamatza". Izan ere, euren erreferente gehienek hizkuntza horretan abesten dute. Gonzalezek azaldu duenez, post-metal musika egiten duten talde gutxi daude Euskal Herrian. Metalak, ordea, historikoki nahiko harrera ona izan duela uste du Gonzalezek. "Agian beste hamarkada batzuetan gehiago, orain beste estilo bat entzuten da irratietan eta kontzertuetan", zehaztu du. Ikarasseko gitarristak aitortu du behin baino gehiagotan planteatu izan dutela euskaraz abestea, baina ez dutela "indarrez egin" nahi.

Bost abestik osatzen dute Relapse into Desolation diskoa; lauk biniloa. Izan ere, biniloan ez zitzaizkien abesti guztiak sartzen, kanta luzeak baitituzte. Gonzalezek azaldu duenez, bataz beste hamar minutu ingurukoak izaten dira euren kantak, eta hori da ohikoena post-metal estiloan. Egin dituzten kanten artean dago Deception, Anestesia taldeari egindako omenaldia. Ez naiz existitzen abestia moldatu dute horretarako.

BIGARREN DISKOA BURUAN

Diskoa kaleratzear zeudela harrapatu zuen pandemiak Ikarass. "Gure asmoa zen kontzertuak bilatzen hastea, eta bageneukan proposamenen bat", azaldu du Gonzalezek. Baina konfinamenduak diskoaren nahasketa lanak atzeratu zituen eta emanaldirik gabe gelditu dira. Kontzerturik gabe entzuleengana iristeko "zailtasunak" dituztela adierazi du. Kulturak kolpe gogorra jaso duela iritzi du, eta hain ezagunak ez diren taldeentzat egoera zail dagoela: "Kontzerturen bat egin da jada, baina underground eszenan gaudenontzat zailagoa da".

Datozen hilabeteetan zer egin ez dakitela daude Ikarasseko kideak. "Ezjakintasun handia" dagoela adierazi du Gonzalezek, eta aitortu du pixka bat "desesperatuta" daudela: "Gure zirkuituan gaztetxeak eta areto txikiak daude, eta horrelakoek oraindik ez daukate aukerarik kontzertuak emateko". Hori dela eta, euren kabuz emanaldiak prestatzen hastea dute buruan, baina ez dute ezer zehaztu oraindik. "Argi dago luze joango dela kontua, eta ezin gara itxaroten egon". Laster abesti berriak prestatzen hasiko direla iragarri du, eta bigarren diskoan pentsatzen ari direla adierazi du. "Amorrua ematen digu atera berri dugun lana ezin izan baitugu ganoraz aurkeztu". Argi dutena da lanean jarraitu nahi dutela, eta tartean kon-tzertuak emateko aukera baldin badute, emanaldi oro "ongietorria" izango da.