Ez da erraza VHS liburuaVHS ren inguruko nondik norakoak azaltzea eta 'spoiler'-ik egin gabe. Liburuaren autore den Oier Guillan idazleak azalpenak eman behar dituenetan nekeza egiten zaio isilpean mantentzea irakurleak deskubritu beharko dituen kontuak. "Oso zaila da liburu honen berri ematea, baina hori ere adierazgarria da", aitortu du. Izan ere, idazlearen esanetan ezohiko eleberri bat da Susa argitaletxearekin atera berri duen liburua. Guillanek azaldu duenez, "etengabeko jolasa" planteatzen du eleberriak, memoriak eta iraganak paper garrantzitsua duten kontakizun batean. Horrez gain, irakurleak eskuartean duen liburua objektu soil bat baino gehiago da; protagonismo berezia dauka istorioan. Guillanek adierazi du itxuraz genero beltzeko istorio bat eman dezakeen arren, sorpresa ugari dituela bere orrialdeetan.

Eleberriaren abiapuntua Victor deituriko aktore baten heriotza da. Auto istripuz hil zen, pailazo jantzita zegoela. 20 bat urte beranduago Ilehoria izeneko pertsonaia gertatutakoa ikertzen hasten da, eta horretarako detektibe emozional bat kontratatzen du. "Detektibe emozional horrekin iradokitzen da pertsonaiak ez direla izango naturalistak eta ez direla izango lehen kolpean eman dezaketena", azaldu du Guillanek. Detektibe emozionalaren pertsonaia "oso umoristikoa" dela nabarmendu du idazleak, ironikoa ere bai eta tarteka apurtu egingo duela besteak beste antzerkigintzan landu ohi den laugarren pareta; hau da, fikziozko pertsonaia hori publikoari zuzenduko zaio. "Une batzuetan irakurleari begiratzen dio detektibe emozionalak, eta fikzioan gertatzen ari dena komentatzen dio", zehaztu du.

Memoriak eta iraganak leku inportantea dute eleberrian, eta neurri batean horrekin lotuta dago VHS izenburua ere. Idazleak adierazi du haren belaunaldiarentzako oso esanguratsua izan zela VHSa, bideo amateurrak gordetzeko era bakarrenetarikoa baitzen duela urte batzuk. "Memoria gordetzeko modu bat zen, eta horren metafora bat da", zehaztu du. Izan ere, Ilehoriak Victor ezagutu zuen gaztaroan, eta beraien ametsak bideo zinta batean grabatu zituzten. Horren helburua zen hamar urteren ostean grabazio hori ikustea eta amets horiekin zer gertatu zen jakitea, baina Victor hil egin zen eta VHS zinta desagertu. Ilehoriak ez du gogoan zinta horretan kontatutakoa, eta horrek nolabaiteko obsesio bat eragiten dio. "Oraina ulertzeko modu bat da iraganera begiratzea, eta etorkizunera begiratzeko modu bat ere bada", adierazi du Guillanek.

Bidaiatzeko gonbita

'Road movie'-tik ere badauka eleberriak. Liburuak hainbat atal ditu, eta Ilehoriaren eta detektibe emozionalaren ikerketa, adibidez, orainaldian gertatzen da. Hala ere, 23 urte lehenago egindako bidaia bat kontatzen du Ilehoriak, non abentura batzuk dauden, eta besteak beste horrek ematen dio 'road movie' kutsua. Baina Guillanek azaldu duenez, ez da hori egiten den bidaia bakarra: "Ez da errepidean gertatzen den bidaia bat bakarrik, norberaren gorputzean eta memorian barrena ere bidaiatzen dute pertsonaiek".

Idazlearen hitzetan, "nobelarekiko maitasunez" eta "idazteko moduaren mugak estrukturatzeko nahiez", ohiko egitura narratiboak apurtzeko saiakera egin du: "Uste dut nobelan gauza asko kabitzen direla, eta kasu honetan frogatu nahi izan dugu ea zenbat gauza sartzen diren". Hala ere, aitortu du "askoz ere gehiago" sartu daitezkeela. Eleberriaren berezitasunetako bat da ez dagoela era lineal batean idatzita, eta bizitzaren beraren an-tza izan zezan ahalegindu da Guillan: "Askotan eleberrietan kontatzen digute ekintza bakoitza bere ondorioarekin, eta horrelako kasuetan modu ordenatu batean gertatzen dira gauzak, baina bizitza nahasiagoa da; anabasa dago, gertakizun asko bizi ditugu eta elkarren artean gurutzatzen dira". Hori dela eta, VHS-ko istorioak ez du etengabe aurrera egiten, Guillanen esanetan "alboetara" ere zabaltzen da. Bizitzaren "inperfekzioak" erakusten ahalegindu da.

Istorioaren behatxuloa

Liburuaren azala Idoia Beratarbide artistak egin du, eta Guillanek adierazi du "oso pozik" dagoela emaitzarekin. Gizon baten aurpegia ageri da bertan, eta idazleak gaineratu duenez, irakurleak istorioan aurrera egin ahala deskubrituko du berari begira dagoen azal bat dela portadakoa. Liburuen azalak istorioan sartzeko ateak direla uste du, eta behatxuloekin alderatu ditu: "Liburuaren azalak planteatzen dizun begi horretara begiratu eta istorioa ezagutuko duzu".

Guillanen bigarren eleberria da VHS. Duela bi urte Zauri Bolodia izeneko liburua argitaratu zuen, eta adierazi du aurretik egindako lanak ezagutzen dituzten irakurleek nabarituko duela eboluzio bat izan dela. COVID-19ari aurre egiteko ezarritako itxialdirako idatzita zegoen liburuaren testua eta edizio prozesuan aritu konfinamendu garaian. Horrek aukera eman die lanari denbora asko eskaintzeko eta istorioa orrazteko. Guillanek aitortu du eleberria "helduleku pertsonala" izan dela beretzat. "Dena geldirik zegoela zirudienean, nobela bizirik zegoen, eta aurrera egiteko modu bat izan da", adierazi du.