Berben apaintzaileekin osatutako kontaketa

Bizkaiko ilustrazioaren historia biltzen duen 'Irudigileak 1975-2019' liburua ondu dute Alex Oviedo eta Kike Infamek Bizkaiko Foru Aldundiak lagunduta. Hain zuzen, 1975. urtetik 2019ra bitarte sortutako kartelak, pegatinak, liburu azalak eta bestelako irudiak jaso dituzte

25.05.2020 | 15:52
Higinia Garayren azala.

Imajina daiteke irudi gabeko pelikula edo aldizkaririk? Irudiez inguratuta dagoen mundu batean bizi gara, ilustrazioa toki guztietan dago, baina irudigileen lana gero eta gutxiago baloratzen da". Kike Infame irudigilearen hitzak dira. Alex Oviedorekin elkarlanean, Bizkaiko ilustrazioaren historia zati bat biltzen duen Irudigileak 1975-2019 liburua argitaratu berri dute. Egileen esanetan, dokumentazio lana izan da batik bat. Aurretik Bizkaiko Foru Aldundiak 1975. urte aurreko garaiari, euskal komikiari eta Juan Carlos Egillor irudigile bizkaitarrari buruzko liburuak ere argitaratu izan ditu. Bilduma osatzen duen azken liburu honetarako, 50 testigantza batu dituzte eta zifra zehatz bat esateko gai ez badira ere milatik gora dira liburuan aurki daitezkeen irudigileak.


Euskal Herriko garrantzitsuena Gipuzkoako ilustrazioa izan bazen ere, "eklektikoa" hitza darabil Oviedok Bizkaiko ilustrazioaren historia deskribatzerako orduan. "Egileak gai izan dira edozein formatu edo material erabiliz nahi dutena deskribatzeko". Bilboko Errekalde auzoan, adibidez, mundu osoan zabaltzen ziren kromoak egiten zituzten. Eta, urteak igaro ahala, Bizkaiko ilustratzaileak, beraien burua berrasmatu eta zituzten ezinegonak edota interesak erakusteko modu berriak aurkitzen joan direla frogatu dute Oviedok eta Infamek. Bigarrenaren arabera, azken finean, "sektorearen ezegonkortasunarekin" lotura zuzena du bildutako informazioak eta irudigileek beraien lana norabide desberdinetan dibertsifikatu behar izan dute hasiera hasieratik. "Ilustrazioa hainbat modutara eta espazio baten baino gehiagotan adierazi daiteke, eta horregatik sektoreko profesionalek sarritan ur bizietan mugitzen jakin behar izan dute bere bidea aurkitzeko", azaldu du Infamek.


Hamarkadaz hamarkada Urteen poderioz, ilustrazioa aldatuz joan da Bizkaian. Oviedok eta Infamek bilakaera hori bildu dute liburu berrian. 70eko hamarkadan, adibidez, Franco hil eta euskarak normalizazioaren bidea hasi zuenean ilustrazioari "osagai pedagogikoa" gehitu zitzaion, hain zuzen, testu liburuetan sartzen hasi zelako. Hori horrela, irakaskuntzara lotuak zeuden hainbat ilustratzaile eta idazlek momentu horretan hazten zebilen sektorera batzeko hautua egin zuten. Asun Balzola irudigilea izan zen ai-tzindarietako bat. "Ilustrazioak Bizkaian kasu gehienetan emakume izena dauka", azpimarratu du Infamek.

80ko hamarkadan ere garaiko gizartea isla-tzeko tresna gisa erabiltzen zen ilustrazioa. Urte hauetan, adibidez, Juan Carlos Egillor irudigilea egin zen ezagun Bilbon. "Egillorrek, besteak beste, Bernardo Atxaga konbentzitu zuen haurrentzako liburuak egin zitzan", aipatu du Infamek. Bestalde, sasoi hartan kartelek garrantzia berezia izan zuten. Baliabideen faltan, hainbat talde politikotako jendea kartelgintzara batu zen. Besteak beste, Victor Allenderen lana nabarmentzen da Irudigileak 1975-2019 liburuan. AEKn egiten zuen lan Allendek eta Korrikaren bultzatzaileetako bat izan zen. Paradox taldea ere azpimarratu behar da 80ko hamarkadan.


90eko hamarkadan ilustrazioaren alorrean hezkuntza bat jasoa zuten irudigileak hasi ziren nagusitzen, hots, jendea modu "argiagoan" hasi zen hezten. Horren adibide da, Belen Lucas irudigilea. Bilbon bestalde, animaziora gerturatzeko ahalegina egin zen, oraindik ere Internet sortu gabe zegoen garaian. Marrazten zuen jendea toki batean elkartzeko deia ere egin zuten.


Oviedok 90eko hamarkadan agertutako aerografoa aipatu du. Hamarkada horretan zein hurrengoaren hasieran oinarrizko tresna bilakatu zen ezein irudigilerentzat. Alabaina, agertu bezala desagertu egin zen. Artistek bestelako tresnak aurkitu zituzten, ordenagailua, besteak beste. "Ordenagailuak garrantzia hartu zuen eta ondorioz lehen eskuz egiten zena birtualki egitera igaro zen", azaldu du.


Mende berriarekin batera, diseinu grafikoa gailendu zen ilustrazioaren alorrean, adierazpide moderno bat bezala sortu zen eta horrekin batera espezializatutako agentziak ere agertu ziren. Hauek ilustrazioa zeharka eskaintzen dutela zehaztu du Infamek, "mezu aktualizatu eta sofistikatuagoa helaraztea lortzen dute". Era berean, irudigile berriak ageri dira, 2000ko hamarkadan: Eider Eibar, Alex Orbe edota Raquel Alzate. Azken urteotan, bestalde, nazioartekotzea da nagusi ilustrazioan ere. Gero eta gehiago dira kanpora ikastera zein lanera doazen irudigileak. Ordura arteko gehienak aldiz, autodidaktak ziren. "Egun belaunaldi eta estilo desberdinen arteko elkarbizitza ikus daiteke", aipatu du Infamek.


Ilustrazioaren bilakaera teknologiarenarekin lotua egon da uneoro. Ordenagailuak agertzeak bestelako sistemen desagertzea ekarri zuen. Belaunaldi berriek bestelako prestakuntza zekarten eta ondorioz jende asko sobran gelditzen zen. "Egoera bitxia da, kurba bat ikus baitaiteke bilakaeran, eskuekin hasi eta prozesu digitaletatik igaro eta normalizatu ostean, egun gero eta gehiago baloratzen da artisau-lana", dio Infamek. Argitu du, irudigileek "ahots bat" izan nahi dutela ilustrazio artistikoak sortzeko hautua egitean. "Beraien ahotsa lehenesten dute bestelako baliabideen aurrean, eta hala, beraien planteamenduak agertzen dituzte". Betiere, marrazkia indar-tzea da guztien xedea.

Egiletasuna baloratzen Bizkaiko ilustrazioaren historiaz hitz egitea eta euskal gizartea azken 45 urteetan nola hazi den aztertzea dena bat dira Oviedok eta Infamek diotenez. "Askotan ezezagunak zitzaizkigun irudien inguruan hazi garenon kronika sentimental bat da liburua", azaldu du Infamek. Hain zuzen, irudien atzean ageri den egileez inor gutxi jabetzen dela eta beraiek ere liburu honen bidez hainbat autore ezagutu dituztela aitortu dute. "Asko ezezagunak zitzaizkigun, baina ezezaguna beraien izena zen, obra aspalditik ezagutzen baikenuen" esan du Oviedok. Infameren esanetan, aitzitik, ezagutzen zutena "begi berriekin ikustea" izan da Irudigileak 1975-2019 liburua sortu eta argitaratzea. Urteak igaro ahala, gizartean egileen izenei garrantzia eman zaiela azaldu dute. "Denbora askoan egilea irudia marrazten zuen pertsona soilik zen", kontatu du Oviedok. "Kalean kartel bat edo pegatinak ikusi eta inork gutxi zekien nork egina zen", gaineratu du. Hala ere, duela urte gutxi ba-tzuk, egiletasuna baloratzen hasi ziren, are gehiago, egileak beraien obrengatik ordain-tzen edota argitaletxeak sortzen hasi ziren euren sorkuntza prozesu osoa kontrolatu asmoz.

"Hain ohituak gaude irudiak modu librean erabiltzeaz, oso zaila dela jendeak kontzientzia hartzea, guzti horren atzean norbait dagoela", nabarmendu du Infamek. "Ilustratzaileena besteak bezalako lanbide bat da eta babestu beharra dago". Lanbidearen prestigio kulturala galdu egin dela iruditzen zaie, orain arte ilustratzaileek irudiak erreproduzitzeko soilik egiten zituztelako. biak bat datoz lanbidean errekonozimendu zabal bat egon dadin lan handia dagoela egiteko diotenean. "Lehen lanbide bat zen, agian ez zuen egun daukan prestigioa baina jasangarriagoa izatea ahalbidetzen zuen".


Agustin Ibarrola, Asun Balzola, Victor Allende, Belen Lucas, Dani Tamayo, Tellaetxe€ zerrenda amaigabea osa daiteke Bizkaian azken lau hamarkadetan egon diren irudigileen izenekin, eta bakoitzak bere bidea egin du. Irudigilearen lana gero eta politagoa bada ere, egun makina bat dira, beraien aitzindariak bezala gustuko duten horretara, modu duin batean dedikatu nahi dutenak: Elisabeth Perez Fernandez, Ane Pikaza, Eider Eibar, Raquel Alzate, Iraia Okina, Irati Eguren, Ana Gonzalez Lartitegi, Asier Sanz€ Ilustrazioa gero eta zabalagoa, anitzagoa da. Eta egileaz gain, irakurleak ere aurki ditzake bide berriak. Hain zuzen, beraien beharrizanetara egokitutako egileak aurki ditzakete irakurleek, Infamek dioenez: "bizi garen momentua izugarria da aspektu horretan".


Euskal Irudigileen elkarteak sektorearen egoera aztertzeko egindako ikerketa bat kaleratu du

Euskal Irudigileen elkarteak azterketa bat egin berri du sektorearen egoera nola dagoen ikusteko. Hainbat profesional galdekatu eta emaitzak argitaratu dituzte: egoera etsigarria aurreikusten dute datozen hilabeteetarako. Ilustratzaileak beraien lanetik bakarrik bizitzeko zailtasunak dituztela kexu dira, besteak beste, aldizkako kontratuak izateak bestelako autonomoei ematen zaizkien laguntzetatik bazter-tzen dituztela aipatu du Kike Infamek, elkarteko kide gisa. Erakundeek ematen dituzten laguntzak halaber, ez dutela irudigileen figura aintzat har-tzen salatu eta sektorea osasun krisi honen aurretik ere momentu larriak igarotzen ari zela azpimarratu dute. "Proiektu asko erori eta ilustratzaileak egoera delikatuan geldituko dira". Halaber, beraiena sektore ikusezina izanik, gizarteak "jende txikiaren" ahaleginarekin enpatia izatea oso zaila dela gaineratu dute. Erakundeei neurri batzuk bidali dizkiete, sektoreak beste gremio batzuen aldean modu zehatzagoan izan ditzakeen hobekuntza-eremuak zein diren argitzen saiatzeko.