Misterioz beteriko bidea egin du orain arte Zetak-ek, musikaz harago doan Pello Reparazen (Arbizu, 1990) proiektu berriak. Vendetta taldeko abeslari ohiak martxoan eman zuen jakitera esku artean zerbait bazuela eta uda hasieran kaleratu zuen “zerbait” horren lehen uzta: Errepidean. Elektronika oinarri, bisualki maisuki zaindutako bideo batek lagundu zuen kantua. Dinamika bera errepikatu zuen Pater Noster abesti eta bideokliparekin, eta haren ondotik etorri dira Nirekin topatu naiz eta Kalizak hau abestiak. Gauzak horrela, diskorik argitaratu gabe eta non jo behar zuten esan gabe, Oialume aretoa betetzea lortu zuen taldeak. Kontzertu horretan argi geratu zen bestelako esperien-tzia dela Zetak-ek proposatzen duena. Musika ardatz hartuta, bestelako diziplina ugari landu, deskubritu eta uztartzeko gogoa du Reparazen talde berriak. Finean, “gauzak beste era batera” egin nahi ditu Zetak-ek. Abentura berrian Reparazek ondoan ditu Leire Colomo, Gorka Pastor eta Iban Arreuri.

Alfabetoko azken letra da ‘zeta’.

Bukaerarako uzten den hizkia da zeta, eta bukaerarako uzten diren pertsonak dira zetak. Baina, gure ustez, amaierarako uzten diren horiek ere, gizartean askotan marjinatu gisa ulertzen ditugun horiek, ezinbestekoak dira zirkulua ixteko, bai alfabetoan eta bai geure bizitzan ere.

Ezberdin sentitzen direnei dei egiten die Zetakek.

Horientzako kolektibo bat izan gura du taldeak. Era batera edo bestera, egungo gizartean euren txokoa aurkitzen ez duten pertsonentzat tartea ireki nahi dugu. Ezberdin sentitzeagatik bakarrik, kolektibo honen parte sentitu daitezkeen horiei. Hain zuzen ere, pertsona horien inguruko istorioak ekarri ditu Zetakek bere lehen diskoko kantuetara. Morala eta erlijioarekin lotuta kasu askotan, baina diskoaren hari nagusia ezberdin sentitze hori da. Izaki berri eta naturalago baten hausnarketak azaltzen ditugu, kontrobersia bila behin eta berriro.

Eta nola bat egin Zetaken kolektibo horrekin?

Kontzeptualki, Zetaken musika etxean en-tzuten duzun unetik badakizu beste nonbaiten badagoela norbait musika bera entzuten. Baliteke bera ere bakarrik sentitzea, zu bezala. Une horretan, baina, Zetaken bat egin duzue. Bestalde, kolektiboak bandera bat dauka, bandera batek duen indarrean sinisten baitugu guk. Gure zuzenekoak eta esperientziak badira kolektiboarekin bat egiteko beste bide bat.

Argi utzi duzue: musika talde bat baino gehiago da Zetak.

Diziplina anitzeko proiektu artistiko gisa ulertu behar dugu Zetak. Ardatza musika da, baina harago joan nahi genuen. Musikaren inguruan mugitzen diren alor ezberdinei garrantzi handia eman diegu: taldearen kon-tzeptuari, asmo artistikoei, irudiari, taulara-tzeari, bideoei, sare sozialei, marketinari, komunikazioari? Lan talde handi batek osa-tzen du Zetak, eta tartean arte zuzendari bat dago, Iratxe Reparaz. Artea sortu nahi badugu, artearen osagaietako bakoitza zaindu beharko dugu, eta horretan ari gara. Finean, transmititu behar duena musikaren bidez transmititzeaz gain, aurretik aipatutako beste arlo horiekin transmititzen du Zetakek.

Proiektua tantaka aurkeztu duzue.

Moskeoarekin jolastu dugu, nahita. Ohikoena litzateke disko bat kaleratu, promozio kanpaina egin eta listo, baina guk gauzak beste era batera egin nahi izan ditugu. Zetak sare sozialetan agertu zen, eta bere lehen zertzeladak hauen bitartez helarazi zizkion jendeari. Abestirik argitaratu gabe, 7.000 jarraitzaile inguru pilatu genituen sareetan. Promozio lan ikaragarria izan zen. Zalantza asko izan genituen hasieran, baina oso pozik gaude proiektuak jendartean izan duen harrerarekin. Sekretismoak eta denboran zehar sortutako zalantzek eta galderek asko lagundu dute Zetakek egiten duen edozerren inguruan jendea gogotsu egon dadin. Jendea gehiagoren zain sentitu dugu hasieratik.

Eta horrela bete zenuten Oialume, non jo behar zenuten esan gabe.

Sarrerak saldu genituen kontzertua non izango zen esan gabe. Harrigarria izan da hainbeste jende ordaintzeko prest egon dela ikustea nora jo behar zuen jakin gabe. Euskal Herri osotik etorri zen jendea, baita kanpotik ere, Kataluniatik eta Madriletik, adibidez. Hiru abesti baino ez genituen aurkeztu ordurako. Oso gauza handia da hori.

Ez zen ohiko kontzertu bat izan.

Esperientzia gisa planteatu genuen. Pertsona bakoitzari haririk gabeko entzungailu bat eman genion eta diskoaren aurre-entzunaldia egin genuen elkarrekin, kanten eta Zetak proiektuaren inguruko hausnarketez lagunduta. Oso esperientzia ederra izan zen. Jendea Zetaken munduan isolatu genuen, en-tzungailuaren bidez, baina guztiok bagenekien gure ondoan ehunka pertsona zeudela esperientzia bera bizitzen. Zetaken lehenengo kontzertu esklusiboa jo genuen ondoren.

Eszenaratze berezirik proposatzen al du Zetakek?

Gauzak beste era batera egiteko jaio da Zetak, eta hori kontutan hartuta, zuzenekoak ere ezberdina izan behar zuen. Nahiko teatrala da une batzuetan. Taula gainean musikariak izateaz gain, badakigu zeintzuk diren transmititu nahi ditugun mezu eta sentsazioak, eta horrek show berezi bat eskatzen du. Musikaren plano bera hartzen dute zuzenekoetan argiak, taldekideen mugimenduak eta irudiak. Lau pertsona gaude eszenatoki gainean baina gauza piloa egiten ditu gutako bakoitzak.

Elektronika da nagusi.

Musika estilo ezberdinak entzutea eta sor-tzea gustatu izan zait beti, eta joera handia izan dut elektronikarantz. Vendettan ildo estilistiko zehatz eta argia geneukan: ska, rock eta reggaea. Egia da azken diskoan elektronika ukituak ere antzeman zitezkeela, baina estiloa, finean, bera zen. Nik bestelako influentziak nituen eta Londresera joatea erabaki nuen, abestigintzaren inguruko master bat ikastera. Musikari piloa ezagutu eta Erresuma Batuko musikaren industria barrutik deskubritu nituen han, eta horrek denak barne-iraultza bat eragin zuen nigan. Konturatu nintzen ordura arte egiten nuen musika baino azkarrago aldatzen ari nintzela ni, eta aldaketa potenteago baten beharra nuela ondorioztatu nuen.

Prozesu horretan Zetak jaio da eta berarekin batera “armairutik irten” naizela esan dezaket, arlo estilistikoari dagokionez behin-tzat.Nire momenturik onenean nagoela uste dut, sentsazio ikaragarri onak ditut eta oso asebetea sentitzen naiz egindako lanarekin. Horrela jarraitu nahi dut, konplexurik gabe gorputzak eskatzen didana egiten, eta orain arte izandako harrera izaten jarraitzen badu, askoz hobe. Behintzat lasai eta gustura egiten dut lo egunero.

Ez zarete Euskal Herrian musika elektronikoa egin duen lehen taldea, baina denbora gutxian izugarrizko arrakasta lortu duzue.

Jendeak gogotsu hartu du Zetak eta ilusioz bizi du proposatu dugun musika elektronikoa. Agerikoa da argitaratu ditugun lau abestietan eta egin dugun kontzertuan. Nire ustez, elektronika Zetakek dituen gainontzeko asmo artistikoekin nahasten asmatu dugu, eta proposamenak jendea konbentzitu du.

Mundu osoan zehar indar handiz hedatzen ari da elektronika.

Elektronika aspaldiko kontua da, baina egia da azken aldiko joerek horretara garama-tzala musikariak, musikaren industria globalizatuaren influentzia ikaragarria baita. Gero eta mundu globalizatuago batean bizi gara, non denak duen antza eta, ustez, esen-tzia bera. Egoera honen aurrean, osagai bereizgarriak bilatzean, sortzean eta aurki-tzean dago gakoa. Globalizazioa gure mesedetan erabiltzea, alegia. Eta, bada ezer bereizgarriagorik milioi bat baino pertsona gutxiagok hitz egiten duten hizkuntzan ari-tzea baino? Musika elektronikoa egiten du Zetakek, mundu osoan sona duten soinu modernoak, baina Euskal Herrian errotutakoak. Euskal izaera Zetaken zainetan doa eta hori euskararen bidez eta bertoko soinuen bidez transmititu nahi dugu, txalaparta eta elektronika uztartuz, adibidez. Euskal Herritik kanpo ikusmira handia sortu du honek. Londresera bisitan noanean gure proiektuarekiko interes ikaragarria erakusten didate lagunek.

Oraingoz lau abesti argitaratu dituzue sarean. Durangoko Azokan, baina, diskoa formatu fisikoan eskuratu ahal izango da, ezta?

Azokan jarriko dugu diskoa salgai eta han izango gara gu ere, ia egunero. Euskarriari dagokionez, asko zaindu dugu formatu fisikoa eta horren ardura Zigor Samaniego 3D disenatzaileak hartu du. Hamar abestik osa-tzen dute diskoa eta abesti bakoitzeko 3D teknikarekin sortutako eta 2Dan inprimatutako irudi bana egongo da, baita azalerako bereziki sortutako beste bat ere.

Azokaren baitan ere, abenduaren 6an zuzenekoa eskainiko duzue, Plateruenan. Zer mezu duzu joan edo ez zalantzak dituen batentzat?

Ohiko kontzertuetatik harago proposamen ezberdin bat deskubritu nahi baduzu, gogo-tsu baldin bazaude gauza ezberdinak entzun, ikusi eta bizitzeko, etorri zaitez gu ikustera. Gazte piloa gaude murgilduta proiektu honetan eta antolatzen dugun Zetaken ekitaldi bakoitzean jendea etxera pozik itzultzeko lan egiten dugu.