Bertsolaria eta idazlea da Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984 ). Urte asko eman ditu plazetan kantari eta egun ere bertsoari estuki lotuta jarraitzen du. Aspaldi hasi zen Alberdi bertsotan dabilenean -zein hortik kanpo- generoak nola eragiten dion hausnartzen eta kezka hori konpartitzen. Gogoeta kolektibo horren emaitza da Kontrako Eztarritik: Emakume bertsolarien testigantzak (Lisipe, 2019). Bertan, hamabost bertsolarirekin izandako elkarrizketak batu ditu eta hogeita bi azpiratze mekanismotan sailkatu ditu entzundakoak. Horrela, argazki orokor bat osatu nahi izan du Alberdik, genero auzia heldu beharreko zehar-lerro gisa kokatuz.

Bertsolaritza praktika soziala dela eta, bertsogintzaren oinarriak nortzuek, norentzat eta nondik sortuak diren aztertzen dituzula dio Jule Goikoetxeak liburuaren sarreran. Bada, zein da liburuaren abiapuntua?

Orain arte egin diren definizioetan bertsolaritza beti definitu izan da jardun dialektiko modura, eta generoa edo gorputza ez dira kontuan hartu izan. Nik bertsolari bezala dudan esperientziatik eta esperientzia partekatutik abiatuta, konturatzen hasi ginen guretzat “nondik” hori, gure gorputzetik bertatik hasten zela, eta emakume gorputzetik kantatzerakoan bazeudela oztopo batzuk mezua modu “neutroan”, modu “naturalean” bideratzen uzten ez zutenak. Emakume gehienok gure generoa sentitzen dugu goazen plaza bakoitzean. Eta, hain juxtu, horregatik dago liburuaren hasieran Itziar Okarizek behin egin zidan galdera bat: “nola iristen da bertsora emakume gorputzetik?”. Oso fisikoa iruditu zitzaidan: gorputza leku batean dago eta bertsoa bestean; sentiarazi zidan emakume gorputzak apartatu egiten gaituela bertsotik, urrundu, nolabait, bertsoa ez dagoela gure gorputzaren barruan.

Okarizek behin bota zizun galdera hori orain eginez gero, liburua idatzi ondotik, nola iristen dira bertsora elkarrizketatu dituzun emakumeak?

Nik gaur egun plazan dabiltzan emakumeak elkarrizketatu ditut. Umetan berdintasuna lortuta zegoela saldu zigutenon belaunaldikoak gara guztiok. Berdinak garela eta aukera berdinak dauzkagula esan digute; inork ez digu esan “zu ezin zara bertsolari izan” edo “zu ezin zara futbolari izan”. Ohikoa izaten da, muturrekoa hartu arte, berdina zarela, beste bat gehiago zarela sentitzea. Posizio subalternoa onartzea edo konturatzea zure kokapena azpiratua dela ez da erosoa; erosoagoa da pentsa-tzea “nik nahi dudana egiten dut”, “ni librea naiz”, “niri emakume izateak ez dit eragiten”. Ondoren plazak zure lekuan jartzen zaitu. Emakume gorputzetik desabantaila posizio batetik iristen da bertsora, eta liburuan kontatzen diren bizipen guztiak azpiratze horren adar ezberdinak dira. Bertsolaritzaz ari gara, baina gaia orokorragoa da: “Zer da emakume izatea?”. Hori da liburuak nolabait definitzen duena, emakumea -eta haren ifrentzuan, gizona- nola eraikitzen den. Eta konturatzen zara emakume bertsolariari emakume gisa eska-tzen zaiona eta bertsolari gisa eskatzen zaiona talkan daudela.

Talkan ei daude emakumea eta bertsolaritza. Nola da posible?

Emakumea eraikuntza sozial modura eraiki da juxtu bertsolaria eraiki den kontrako moduan, eta momentu askotan badirudi emakume “egokia” bertsolari “onaren” definizioaren idealaren kontra doala, eta alderantziz. Konstruktu sozial bakoitzari exijitzen zaizkion ezaugarriak, baloratzen zaizkionak eta ontzat jotzen zaizkionak kontrakarrean eraikiak dira. Eta horregatik, hortik abiatuta bertsolari guztiei egin nien lehenengo galdera izan zen: “Emakume izateak eragin al dizu bertsotan egiterako orduan? Eta eragin baldin badizu, nola?”. Nik lehenago aipaturiko distantzia hori arakatu nahi nuen, baina nahi nuen bakoi-tzak bere erara konta zezala distantzia. Denon esperientzia ez da berdina izan eta hor nahasten ziren hainbat aspektu: generoari dagozkionak gurutzatzen ziren hizkuntzarekin, identitate sexualarekin, adinarekin...

Liburu deserosoa dela esan izan duzu; baina, era berean, emakume askorentzat irakurketa konplizea ere izan daiteke, identifikatuta sentitu daitezke. Zergatik diozu deserosoa dela?

Liburu honek denok interpelatzen gaitu, baina modu ezberdinean. Seguru aski gizonezko askori ez zaie erosoa gertatu; izan ere, hemen erakusten baldin bada zer den emakume izatea, horren negatiboan agertzen dena da: zer da orduan gizona izatea? Emakumeak horrela egiten badira egiten dira gizonekin batera bizi diren gizarte batean, oposizioz eraikitzen dira generoak. Eta, beste alde batetik, deserosoa da euskaldun askok eta abertzale askok idealizatuta daukaten bertso mundua desidealizatzen duelako. Gertatu zait emakume feminista bertsozale batzuk deseroso ikustea, errazagoa delako sinestea hain maite duzun eremu horretan ez dela desberdintasun-egoerarik gertatzen, edo salbu dagoela diferen-tziatik.

Baina, era berean, emakume askok irakurri dute konplizitatetik eta ahots lagunak topatu dituzte bertan, hori da autoerrepresentazioak daukan alde positiboa. Baina, aldi berean, errepresentazio horrek biluzik jartzen gaitu. Horretaz liburua egin eta gero konturatu naiz. Izugarrizko ahalduntze, ausardia eta eskuzabaltasun ariketa da bertsolarien partetik; baina, aldi berean, biluzik gelditzen dira emakumezko bertsolari hauek, euren zaurgarritasuna agerian. Aldiz, mugitu nahi ez duten gizonei nahikoa zaie isiltasuna mantentzea. Inork ez ditu, gu bezala, zuzenean interpelatzen. Orain arte inork gutxik galdetu die gizonei “zer pentsatzen duzu honetaz? Nola kokatzen zara gai honetan?”. Deserosoa da kuestiona-tzen duelako gure eraikuntza emakume bezala, gizonen eraikuntza gizon bezala, eta baita gure komunitatearen eraikuntza soziala ere.

Denak, ordea, ez datoz bat jorratzen ari zareten bidearekin. Genero sistemak ez duela zeharkatzen edo emakume modura izateak ez duela eraginik berarentzat dio, adibidez, elkarrizketatuetako batek, edo lanketa feministatik kanpo sentitu izan dela, beste batek. Uler-tzen dituzu mezu horiek?

Bai, ulertzen ditut eta kasu batzuetan ni egon izan naiz posizio horretan beste garai batean. 19 urte neuzkanean eta emakume bertsolariak lehenengo aldiz Azkizun bildu zirenean, eta guri iristen zitzaigunean zertaz ari ziren hitz egiten, nik benetan sentitzen nuen gu hortik libre geundela, hori gure aurreko belaunaldietako emakumeen arazoa zela, ez zirelako behar beste askatu. Gero kontzientzia feminista hartzeak eta plazako zein plazatik kanpoko bizipenek eraman naute kontura-tzera hori ez dela horrela.

Sistema batean azpiratutako talde batean kokatuta zaudenean, bizirauteko hainbat jarrera sortzen dira. Dena dela, nire ustez feminismoaren premisetako bat da emakumeok gure artean elkar ez epaitzea. Elkarri urrunetik begiratzen diogunean sistemak berak gure artean lehiatzera eta elkar epaitzera eramaten gaitu; aldiz, elkarrekin lanean ari garenean ulertzen dituzu bestearen bizipenak eta nondik esaten dituen esaten dituenak. Horregatik da hain garrantzitsua lanketa kolektiboa.

Zuk zeuk ere egile paper berezi xamarra izan duzu. Emakume bertsolaria zara -liburuan aipamen ugari egiten dizkizute elkarrizketatuek- eta, era berean, idazlea. Nola bizi duzu paper bikoitz hau?

Hau lotuta dago nire lanbideetan dudan kokapenarekin. Ni idazlea eta bertsolaria naiz eta tartekotasun horretan bizi naiz. Egilearen irudia oso modu ezberdinetan eraiki da literaturan eta bertsotan. Bertsolariak izan behar du herriaren ahotsa, izan behar du jatorra, hurbila, izan behar du komunitatekoa. Eta, aldiz, idazleari baloratzen zaiona da singulartasuna, originaltasuna, besteek ikusten ez dutena ikustea, ahots propioa. Horregatik, askotan pasatzen zait distortsioekin topo egitea nire jardunean. Bertsolari bezala, “idazletasunak” hainbeste goresten den naturaltasunetik urruntzen nauela dirudi; eta idazle gisa, berriz, “bertsolaritasunak” singulartasunetik urrun-tzen nauela. Esan izan didate, adibidez, bertsolari komunitateari esker dauzkadala irakurleak, bertso komunitateari nolabait bahituta, ez direla nire idazle merituaren ondorio. Emakume bezala esaten diguten gauza berbera, kurioski.

Orain arte ez naiz hainbeste jabetu emakume etiketari ihes egiten diogun moduan ni ere ihesi jardun naizela, idazle bezala elkarrizketa-tzen nautenean bertsolari katalogaziotik eta bertsolari bezala elkarrizketatzen nautenean idazle katalogaziotik. Liburu honetan elkarlanean jardun dira nire bi identitateak.

Barne eta kanpo gatazkak ere elkartzen dira, norbanakoa eta kolektiboa. Bakoitzaren epaia eta gainerakoena. Eskutik doaz? Zein da arriskutsuagoa?

Barne eta kanpo epaia bereiztea oso zaila da, eta besteen begietara agertzen gara on, txar, polit, zatar... esango nuke dialogo bat dela etengabe. Baina bertsolari gehienek aipatzen dute gehien eragiten dien aitortza bertsolari kanonikoena dela, eta horietan gehienak gizonak dira. Nik uste gure lanaren eta emakumeon arteko artikulazioaren alderdi positiboenetako bat dela, hain zuzen, autoritatea, neurri batean behintzat, lekuz aldatzen ari garela. Emakumeok elkar autorizatzeko tresnak eta sareak sortzen ari garela. Ahizpatasunaz hitz egiten dugunean aliantza politikoaz ari gara, ez afinitateaz. Generoa eraikuntza bat da eta deseraikitzen hasteko gako garrantzitsua da geure burua zein ispilutan kokatzen dugun. Gizonen onespenaren zain egoteak gutxitu egiten gaitu autoestimuan eta gaitasunetan.

Kritikak ez dizkigute zuzenean egiten, baina gure kideak kritikatzen dituzte: haien estiloa, jarrera, gaitasunak... Eta azpikoz esaten dizutena da: guk baloratzeko moduko bertsolaria izan nahi baldin baduzu hauxe da bidea, hauexek baldintzak. Horregatik daude emakume publiko asko emakumetasunarekin borrokan. Mediku euskaldunaren ipuinarekin bezala geratzen da. “Zer nahi duzu, mediku euskalduna ala mediku ona?” galdetzen dizunak galderan bertan oposizioan jartzen ditu bi ezaugarriak. Bata ala bestea. “Ez naiz emakumea, bertsolaria naiz” esan beharrean bagaude, kontrakotasun hori sumatzen dugulako da, emakume izateak bertsolari izateari kendu dio oraindik. Zenbat aldiz aditu dugun “Maialen ez da emakumea, txapelduna da”. Inork ez du esaten “Amets ez da gizona, txapelduna da”.

Emakume izatea, eta gizon izatea, eraikuntza soziala dela aipatu duzu etengabe. Identitatearen eraikuntza hori baino are korapilatsuagoa da, ezta?

Galdera da zenbateraino baloratzen dugun gure burua gizonen edo Anaidiaren begiradaren arabera. Gure identitate sexualaren eraikuntza ere horri lotuta dago. Maider Arregik liburuan esaten du: erabakitzen duenean bere desira aldatzea eta bollera bihurtzen denean, konturatzen da ez diotela gizonen epaiek lehen beste eragiten, edo lehen gizonen elkarrizketa batzuekiko interesa agertzen zuela sinpleki haientzat desiragarri izan nahi zuelako.

Galdera da: ze emakume modu dira posible? Eta horren ifrentzuan ze gizon modu dira posible bertsolaritzan, literaturan, gizartean...? Bertsolari maritxurik apenas dagoen, ez dago maritxuen arteko artikulaziorik. Emakumeen artikulaziotik bolleren artikulazio bat ere sortu da, baina maritxuen bilgunerik ez da egon, ez da inor bertsotara atera maritxu identitatetik. Eta gizonak emakumeak baino askoz ere gehiago dira bertso munduan, orduan horrek adierazten du zenbateraino eraiki den bertsolariaren eredua gizon, euskaldun, jator heteroaren eredura. Maskulinizatuenak diren eremuetan dago maritxu gutxien. Eremu maskulinizatu guztiak -futbola, elkarte gastronomikoak, bertsolaritza, literatura, rocka...- dira, bakoitza bere modura, gizontasun fabrika.