Unai Ruiz eta Naroa Martínez izan dira 2026ko Etxepare sariaren irabazleak. 'Afonia' izeneko album ilustratua sortu dute, ilustratzaile eta idazle moduan, hurrenez hurren. Aurtengo edizioak 26 partaide izan ditu eta epaimahaiak doluaren, memoriaren eta ahozko transmisioaren inguruko kontakizunaren kalitatea nabarmendu egin du. Garaileek, jasotako 5.000 euroez gain, Pamiela argitaletxeak datorren udazkenean euren lana argitaratzea eskuratu dute.
Epaimahaiaren esanetan, lanak "isiltzen ari den ahotsa" du ardatz, baina, aldi berean, oroimenaren bidez bizirik dirauen transmisioa zein tradizioa aldarrikatzen ditu. Kontakizunean, kanpaien bitartez, aitonaren eta ilobaren arteko lotura irudikatzen da, belaunaldiz-belaunaldi igarotzen den jakintza eta ondarea aldarrikatzen den bitartean.
Dolua eta oroimena, kontakizunaren muinean
Lanaren oinarri nagusia dolua da, baina galeraren mina baino harago doa. Epaimahaiaren arabera, lanak erakusten du ezer ez dela erabat galtzen norbaitek gogoratzen duen bitartean. Hori dela eta, aitonaren ahotsa desagertzen den arren, haren irakaspenak amonaren, lagunen eta ilobaren bidez irauten dute.
Bestetik, testuen eta ilustrazioen bidez atmosfera lasaia eta hunkigarria eraikitzen da lanean zehar. Onomatopeiak, errepikapenak eta hizkuntza zaindua baliatuta, irakurlea kanpaien soinuez gidatutako bidaia emozional batean murgiltzen da. Aldi berean, irudi ilunek eta xehetasun gutxiko konposizioek galeraren hutsunea eta isiltasunaren indarra transmititzen dituzte.
Bi egile, ibilbide sendoekin
Unai Ruiz Galartza Beran jaio zen 1983an eta Leitzan bizi da. Arte Ederretan lizentziatua da, margolari eta hezitzaile lanetan aritzen da, eta haur-eskoletako tailerrak ere eskaintzen ditu.
Naroa Martínez Suárez Gasteizen jaio zen 1987an, Alegría-Dulantzin hezia eta familia Oarsoaldean sortu du. Psikopedagogia ikasi eta euskal-eskola publikoan aritzen da irakasle. Horrez gain, Heriotza haurrekin egitasmoaren sortzailea da; esperientzia horrek ere isla du saritutako lanean.
Bi hamarkadako erreferentea
Etxepare saria Nafarroako 23 toki entitatek antolatzen dute haien euskara zerbitzuen bidez. Betiere euskarazko album ilustratuen sorkuntza eta argitalpena sustatzeko. 2004an abiatu zenetik, aurtengoarekin batera 17 album ilustratu saritu eta argitaratu dira.
Antolatzaileen esanetan, sariak urte guzti hauetan sortzaileentzako bultzada handia izan dira, eta etorkizunean ere euskal kulturaren eta euskararen ospea hobetzeko tresna izaten jarraitu nahi du. Helburua euskaraz sortutako kultur edukien ikusgarritasuna, erabilera eta aitortza handitzea da, kalitatezko lanak saritzeaz gain.