Erakustoki moderno, ireki eta garaikide gisa sendotu duen eraldaketa sakon baten ondoren, dena prest dago Euskal Museoa Bilbaon ateak berreriketzeko. Datorren asteazkenean izango da, ekainaren 10ean, eta bisitariek hilaren 21era arte doan bisitatu ahal izango dute museoa, proiektu berria ezagutzeko.
Bultzada berri honek nazioartera begirako proiektu anbiziotsu bati erantzuten dio, eta museoaren beraren bilduman eta euskal kulturaren hedapenean jartzen du fokua, zaharberritze arkitektoniko zein museografiko integral baten bidez. Esku-hartzeak beste dimentsio batean kokatzen du museoa, eta tradizioa eta garaikidetasuna lotzen dituen eta ondarea herritarrei modu berritzaile eta irisgarrian helarazten dien erakusketa-esperientzia murgiltzaile bat proposatzen du.
Proiektua ahalik eta gehien ezagutarazteko, ekainean doakoa izango da museoan sartzea, herritarrek kultura-proposamen berritua zuzenean deskubritzeko aukera izan dezaten.
Gaur izan da komunikabideen aurreko aurkezpena, eta bertan izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkate eta Museoko presidentea, Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusia eta Sorkunde Aiarza Museoko zuzendari-kudeatzailea. Han izan da ere proiektua sinatu duen arkitektoa, Antonio Vaillo.
Elkarrekin bisitatu dute Miserikordia eraikina, bildumaren pieza handiak ezagutzeko, hala nola 1940ko hamarkadaren hasieran Bilboko Victor jatetxerako egindako sukaldea, eta jasotako azken dohaintzetako bat: Francisco Urrak Bilbon zeukan aulkien lantegiaren ondare multzoa.
Ondoren, haritzaren enborra simulatzen duen Aretz Bizia izeneko espazio arinetik ibili dira, zeinak euskara baituen ardatz, eta, amaitzeko, klaustroaren eraikinean dauden pieza askotarikoak ikusi dituzte.
Adierazpenak
Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen hitzetan, "Euskal Museoa Bilbao berriz irekitzea mugarri bat da gure hiriarentzat, eta honela aurkezten da: museo bizia, inklusiboa eta munduari irekia, herritarren eta euskal kulturaren zerbitzura. Ehun urtetik gorako erakunde bat da, Zazpikaleetan eta hiriaren historian errotuta dagoena, eta berritu egin da, euskal nortasunaren, memoriaren eta kultura-ondarearen zaindari izaten jarraitzeko, nazioarteko proiekzioa duten museoen mailan. Izan ere, kultura izan da beti Bilbo eraikitzeko zutabeetako bat; guztion ondasuna eta gizarte-kohesiorako tresna den kultura".
Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusiak azaldu duenez, “museo hau sistema zabalago baten parte den espazio berezi bat da. Bizkaiak kultur azpiegituren sare aberats eta orekatua eraiki du. Eta sare horretan, Euskal Museoak leku berezia du: elkargunea da, multzo osoari zentzua ematen diona. Hemendik aurkezten gara mundura, eta hemen aurkitzen dugu gure memoria: gaurtik iraganera doan haría”.
Sorkunde Aiarza Euskal Museo Bilbaoko zuzendari-kudeatzaileak azpimarratu duenez, "proiektu arkitektonikoa egiteko, une oro hartu da kontuan ehun urtetik gorako erakunde honen zutabea, 50.000 piezatik gorako bilduma zabala alegia. Etapa berri honen helburuetako bat bilduma horretako ahalik eta obra gehien erakustea izango da; izan ere, erakusketa erdiiraunkorrari esker, piezak maizago txandakatu ahal izango dira. Euskal kulturaren ate bihurtu nahi dugu, eta nazioarteko izaera nabarmena duen gizarte-museo bat izan nahi dugu, tokikoek zein kanpotik etorritako bisitariek euskal herriaren historia, kultura eta ohiturak ezagut ditzaten. Eta, nola ez, euskara ere ezagut dezaten, tradiziotik eta sustraietatik ikuspegi garaikideenera doan proiektu hau hazten duen izerdia baita. Espazioen erreforma integralaren bidez, bilduma erakusteko baldintza museologikoak bildu nahi genituen, egungo araudietara egokituta, batez ere irisgarritasunari, iraunkortasunari eta museo-jarduerari dagokienez".
Bestalde, Antonio Vaillok azaldu duenez, "proiektuak sintesi bat planteatzen du multzo historikoaren jatorriaren (Jesuitek XVII. mendean inportatutako klasizismo erromatarra) eta tokiari lotutako euskal tradizioko materialen artean (hala nola harria, zura eta altzairua). Asmoa ikuspegi garaikidetik diseinatutako eta eraikuntza-sistema tradizionalen bidez egindako arkitektura bateratzaile eta soila lortzea da."
Gaur arratsaldean, inaugurazio instituzionala egingo da. Bertan, Imanol Pradales lehendakariak, Juan Mari Aburto Bilboko alkate eta Museoko presidenteak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusiak hartuko dute parte, eta Bilboko eta Bizkaiko erakundeetako eta gizarte- eta kultura-arloko zenbait ordezkari ere izango dira.