Síguenos en redes sociales:

Arriaga Antzokiak 'La cuisine de ma cousine' antzezlana jasoko du

Sarrerarak gaur, apirilaren 15ean, jarriko dira salgai 11:30etik aurrera

Arriaga Antzokiak 'La cuisine de ma cousine' antzezlana jasoko duB. U.

Arriaga Antzokiak La Cubana konpainiaren La cuisine de ma cousine (La cocina de mi prima) izeneko ikuskizun berriaren 29 emanaldi jasoko ditu abuztuaren 13tik irailaren 13ra bitartean.

La Cubana agertokietara itzuliko da, izenburu frantsestua duen “komedia ero” batekin. La cuisine de ma cousine (La cocina de mi prima) “sukaldaritzako melodrama” bat da (“made in” Cubana, bere erara egindakoa): oraingo honetan, gastronomiaren munduan murgiltzeko balioko digu eta, ohikoak dituzten osagaiak erabilita —umorea, musika, abestiak, kolorea, erritmoa, sorpresak, parte hartzea eta, oraingoan, baita bertako konplizitate handia ere—, azkenaldian guztiok hartu gaituen “zoramen gastronomiko” horretan barrenduko gara. Zoramena ez da soilik "aho txikientzat" egindako platerak dastatzean ongi jateagatik sortzen, baizik eta baita "itxurak egiteko" behar horregatik ere, denek jakin dezaten zer jaten ari garen eta non jaten ari garen. Arriaga Antzokia munduko gastronomiaren epizentro bihurtuko da udara honetan. Eta horixe da oraingoz esan dezakegun guztia…

Aste Nagusia

Kataluniako konpainiak beti utzi izan du zapore bikaina Bilbon eta idilio berezia du Aste Nagusiarekin. Arriagara uda batean egindako azken bisita 2018an izan zen, Adiós Arturo ikuskizuna antzeztu zutenean. Aurretik, arrakasta handia izan zuten bestelako antzerki eta musika ikuskizun eroekin, hala nola Campanadas de boda (2013), Mamá, quiero ser famoso (2004) edo Cegada de amor (1995) lanekin. Horrez gain, publikoak gogoan du Cómeme el coco, negro (2007), Ayala Antzokian antzeztu zena.

'La cuisine de ma cousine' antzezlanaren kartela.

Sarrerak, salgai

La cuisine de ma cousine ikusteko sarrerak gaur jarriko dira salgai, apirilaren 15ean, asteazkenean, 11:30ean, ohiko salmentarako kanalen bidez: Arriaga Antzokiaren webgunean edo antzokiko txarteldegietan, aldez aurreko salmenta ordutegian. Ikuskizun honetarako finkatutako prezioak 24 eta 48 euro bitartekoak dira, eta hainbat aukera eta deskontu daude, egunaren eta emanaldiaren arabera.