Síguenos en redes sociales:

Behetik gora etorrita, Galletebeitia goitik behera nagusi

Saio polita egin zuen Barakaldoko oholtzan eta Bizkaiko Txapelketara indartsu heldu dela erakutsi

Behetik gora etorrita, Galletebeitia goitik behera nagusiBERTSOZALE ELKARTEA

Finalaurreetako lehenengo fasea agortu zuen Bizkaiko Bertsolari Txapelketak Barakaldoko Lasesarre kiroldegiko saioan. Xabat Galletebeitia eta Onintza Enbeita lehenengoz aritu ziren aurtengo edizioan eta biek erakutsi zuten Bilboko finalean berriz egoteko hautagai sendoak direla. Bereziki aipatzekoa izan zen lekeitiarraren lana, zalantzati hasi arren bikain aritu baitzen, behetik gora eginez. Muxikarrak, aldiz, sendo kantatu zuen, ofizioetan gaiaren pisua hartuz eta bakarkakoan ideiak ondo josiz.

Galletebeitiari 653 puntu eman zizkioten epaileek. Enbeitak 626rekin konformatu behar izan zuen. Ibai Amillategi hirugarrenak ere, 591,5 punturekin, finalaurreetako bigarren fasean egoteko eskubidea irabazi zuen, konplexu barik kantatuta. Lurdes Ondarok ere freskotasuna eman zion saioari baina, 586 punturekin, gutxigatik geratu zen kanpoan. Bosgarren Mikel Goiriena izan zen (569) eta seigarren Irune Basagoiti (515,5).

Hamarreko txikian ez bezala, zortziko txikian giroa berotzen asmatu zuten bertsolariek. Amillategi aspaldiko musika-talde bateko kidea zen eta Galletebeitia zaleak oholtzara bueltatzeko eskatu zion. “Ze ba ez garen bueltatzen azaldu beharra / ni naiz bizi-bizirik dagoen bakarra”, bota zion gernikarrak lekeitiarrari. Antzokira bi urteko umea eraman eta hura negarrez hasi zela eta, Enbeitak Goirienari zera bota zion: “Berak be parte hartu gura leuke antza / baina ez da ulertzen bere performantza”.

Behin saioak martxa hartuta, Iparragirre abila dela doinuan ofizio onak entzun ziren, bereziki Goiriena eta Galletebeitiaren artekoa. Turistifikazioaren kontra protestan aritzen diren lagun bi ziren, baina oporretan zeudela beraiek bihurtu ziren bertakoen protesten jomuga. “Euren burua motxilerotzat zeukaten bi giri gara”, bota zuen lekeitiarrak aurrena, eta amaitzeko hau: “Etxeak bete ta bete / ez gara ohartzen baina horrela herri bat hustu daiteke”.Jarraitzaileak galtzen hasi diren sareko eduki sortzaileen azaletik, Ondarok eta Enbeitak ere probetxua atera zioten ofizioari. “Eurek nahi duten arinkeria eman beharko diegu”, bota zuen Ondarok.

Ganbaran gai hau izan zuten bertsolariek: “Notizia bat eman dizute. Ez duzu ondo hartu”. Mikel Goirienak azaldu zuen alabak mutil laguna aurkeztu ziola. “Ia bihotza hautsi zait bro esan didan unean”, izan zen bigarren bertsoaren amaiera, barreak eragin zituen ateraldia. Ibai Amillategik, aldiz, osasun kontuetara jota, minbiziaren diagnostikoa berandu eman diotenaren azaletik kantatu zuen, amorruz: “Ta telefonoa entzunez / musikatxue entzuten da gogor eta osteko hutsunez / negozioa ondo egiten dabe beste batzuen osasunez”.

Te puede interesar:

Ondoren, Xabat Galletebeitiak saioaren gailurra jo zuen, bertsokera dotore, zehatz zein hunkigarriarekin. Faxistak bueltan datozela telebistan ikusi duen 90 urteko agure larrituaren azaletik, goi mailako istorioa osatu zuen. “Inoiz bare, inoiz gogor / beldurra beti dago hor”, bota zuen bigarrenean, eta hirugarrena hala errematatu: “Demokrazian ura uholdean / etorri eta estoldetan nahiz gorde ziren arratoiak / bizirik daude kabroiak”.

Larunbatean hasiko da finalaurrekoetako bigarren fasea, Bermeon, eta hurrengo astean Markina-Xemeinen izango da finalaren aurreko azken saioa. Bertsolari hauek pasatu dira hurrengo fasera: Bermeon kantatuko duten Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Onintza Enbeita, Ibai Amillategi, Unai Mendiburu eta Aissa Intxausti; eta Markina-Xemeinen arituko diren Xabat Galletebeitia, Jone Uria, Oihana Bartra, Txaber Altube, Gorka Pagonabarraga eta Imanol Uria.