Palestina, Sardinia, Eskozia eta Euskal Herriko taldeak izango dira Galdakaoko Musika Bizian jaialdian
Galdakaoko Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak Musika Bizian estaturik gabeko herrialdeen arteko musika jaialdia antolatu du aurten ere
Galdakaoko Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak Musika Bizian estaturik gabeko herrialdeen arteko musika jaialdia antolatu du aurten ere, udalarekin elkarlanean, urriaren 24rako eta 25erako, Iturrondo plazan, eta Palestinako, Sardiniako, Eskoziako eta Euskal Herriko taldeak bilduko ditu.
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, jaialdi honen aurkezpenean jakinarazi dutenez, Musika Bizian jaialdiaren 11. edizioa urriaren 24an hasiko da, Eskoziako Imar eta Euskal Herriko Korrontzi taldeekin, eta biharamunean, urriaren 25ean, Sardiniako Nur, Palestinako Apo & The Apostles eta Euskal Herriko Xutik ariko dira.
PROGRAMAZIOA
Kontzertuez gain, egunean zehar ere izango da zertaz gozatu. Horrela, urriaren 24ko arratsaldean, Taberna Ibiltariak irekiko du jaialdia, euskal kanta tradizionalekin, eta hilaren 25ean, goizerako luthier eta musika azoka antolatu da, ohi bezala, umeentzako musika tresnen tailerrarekin, musika tresnen erakusketarekin eta kale animazioarekin, azpimarratu dute prentsa-ohar baten bitartez jaialdi horren antolatzaileek.
"Herri eta hizkuntza zapalduen bozgorailu izan nahi du, eta beste herrialde batzuetako musika, kultura eta hizkuntza erakustea da jaialdiaren bereizgarria"
Gainera, eta ildo beretik jarraituz, "musikak Euskal Herriaren antzeko egoeran dauden herrien ikusgarritasuna handitzeko eskaintzen duen aukeraren jakitun, Andra Mari taldeak 2014an antolatu zuen Musika Bizian jaialdia lehen aldiz", gaineratu dute antolatzaileek. "Herri eta hizkuntza zapalduen bozgorailu izan nahi du, eta beste herrialde batzuetako musika, kultura eta hizkuntza erakustea da jaialdiaren bereizgarria", ondorioztatu dute azkenik jaialdi horren aurkezpenean.