Astearte honetatik irailaren 28ra arte, ikusgai egongo da Azkuna Zentroan Chiharu Shiota artista japoniarraren My House ir your House izeneko erakusketa. Astearte honetan goizean, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak, Chiharu Shiota artistak eta Tereza de Arruda erakusketaren komisarioak aurkeztu dute lana.
Artistaren lehen erakusketa monografikoa da Euskadin. Artilezko hariekin egindako instalazio monumentalengatik da ezaguna, eta bere egiturek mundu poetiko eta onirikoan murgiltzera gonbidatzen dute. Chiharu Shiotak eguneroko bizitzako elementuetatik abiatuta ulertzen du bere obra, hala nola, oroitzapenak eta aurkitutako edo erabiltzen ez diren objektuak..
Tereza de Arruda artearen historialariak komisariatutako erakusketan kolore gorriak eta eskala monumentalak Azkuna Zentroko Kulturen Ataria eta Erakusketa Aretoa lotzen dituzte, hasieratik inoiz erakutsi ez diren azken instalazioetaraino. Erakusketa honetarako Chiharu Shiotak etxea kontzeptua landu du, etxeko esparrua espazio publikora zabalduz, Bilboko Alondegiaren arkitekturarekin elkarrizketan. Emaitzak, site-specific gisa, bisitaria bere oroitzapenekin konektatzen duten etxeko giro desberdinak esperimentatzera gonbidatzen du publikoa, eguneroko bizitzako elementuetatik abiatuta.
Atarian, lore-begi erako gorputza oroitarazten dute soineko gorri monumentalek, nia ezkutatzen hainbat agertzen duten babes-azal. Japoniako kulturan gorria bizitzaren, energiaren eta eguzkiaren sinboloa izanik, hemen gogora dakartza odol-lerroa, bizi-indarra eta izakien arteko elkarlotzea. Jantziek bigarren azal bati egiten diote erreferentzia: munduari aurkezten diogunari, bereizketarik eta pribilegiorik gabe. Azal hori da gure babesa, gure ezkutalekua, eta, era berean, alderdi pertsonalak adierazteko dugun baliabidea. Batez ere, gure etxearen beraren metafora da: gure espaziorik intimo eta pertsonalena, babesa eta konfiantza irudikatzen dituena.
Erakusketa Aretoko gunean, Shiotak azken hiru hamarkadetan ondu dituen lanen panoramikarekin batera, haren instalazioek hari-patroi korapilatsuak ehundu dituzte, loturak eratuz nola ehungintza tradizionalarekin, hala ekialdeko kaligrafiarekin. Hasiera eta amaiera argirik gabeko marrazki konplexu hedatua eratzen dute hariek, bideen, istorioen eta esperientzien sinbolo bilakatuta. Esekitako objektuek, hala nola jantziek eta leihoek, ez dauden presentziak irudikatzen dituzte, gogora ekarriz bizitzaren hauskortasuna eta memoriaren boterea.
Azkuna Zentroarentzat bakarrik Chiharu Shiotak elkarlaneko pieza bat garatu du, non herritarrek, gutun eta marrazkien bidez, beren etxeen esentzia partekatzen duten. Instalazio horrek ondo islatzen du historia partikularrak historia kolektibo zabalago baten parte direla: norbanakoa gainditzen duen eta unibertsalaz mintzo den pertenentzia- eta aldaketa-historia baten parte.
Erakusketa Prototipoak Bilbao, Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Bienalean kokatzen da, 2025eko maiatzaren 27tik 31ra Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaon ospatuko dena.