Astearte honetan arratsaldean, otsailaren 25ean, hasiko da Gutun Zuria Bilbao. Letren Nazioarteko jaialdiaren 18. edizioa, BBK Gutun Zuria Bilbao 2025 sariak banatzeko ekitaldiarekin. Bada, gaur goizean, Azkuna Zentroak jaialdi honen aurkezpena jaso du. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Gorka Martinez BBKko zuzendari nagusiak; Itxaro Borda eta Leila Guerriero idazleek (BBK Gutun Zuria 2025 sariak) eta Iván de la Nuez eta Beñat Sararola, Gutun Zuria Bilbaoko aholkulari taldeko kideek parte hartu dute. Gainera, Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotzia, bertan egon da.

Hitzarekin urteroko topagune gisa finkatua, Gutun Zuriak urtero biltzen ditu hitza saiakeratik, ediziotik, antropologiatik, soziologiatik, filosofiatik, kazetaritzatik, ikerkuntzatik, ikusizko arteetatik edo zuzeneko arteetatik lantzen duten autoreak.

Juan Mari Aburto, Bilboko alkateak nabarmendu duenez, literaturari eta letrei lotutako sorkuntza artistikoarekin egindako topaketa hau “erreferente bat da Euskadin, izaera anitza, zeharkakoa eta irekia duelako”. Gutun Zuria Bilbaok “gure gizartean gero eta beharrezkoagoak diren eztabaida, solasaldi eta hausnarketarako espazioak irekitzen ditu urtero”, azaldu du.

Jaialdia gutun zuri bat da, edizio bakoitzean berriz idazten dena. 2025ean, “gonbidapena luzatzen die parte hartzen duten hogei idazleei euren elkarrizketak ireki ditzaten begirada baikor batetik, literaturaren, artearen eta pentsamenduaren bitartez. Gaur egungo literaturaren eta kazetaritzaren erreferente eta euskarazko sorkuntzaren ahots garaikideak dira”, nabarmendu du Bilboko alkateak.

Gutun Zurian, hitzak liburuetako orrien mugak gainditu, eta harremanetan jartzen da gainerako diziplina artistikoekin. Irakurketa performatiboekin eta artearen aukera narratiboak ezagutzeko saiakera irekiekin, edo Azkuna Zentroak ekoitzitako argitalpenen aurkezpenekin, Zentroan bizi diren artisten lana jaso eta zabaltzen dutenak.

Esperientzia horiek sortzaileekin duten konplizitatearen emaitza dira, eta balio eta aberastasun gehiago ematen dizkiote hitzordu honi, zeinak gonbit egiten duen partekatzera, hitz egitera, eztabaidatzera, ikastera eta letren inguruan aztarna uztera.

Gutun Zuria publiko gaztearentzako jaialdia ere bada, kulturan ikaskuntza ez-formalak zabaltzeko kezka duena, sormen literarioaren prozesuak bertatik bertara ezagutuz. Gainera, kultura eta liburuaren industriak ere bere lekua du , Gutun Zuria PROn, liburuaren kateko hogeita hamar bat eragilek sektorearen erronkak jorratuko dituzten jardunaldi profesionaletan.

BBK Gutun Zuria Bilbao sariak

Literatur sorkuntzaren inguruko esparru honetan, BBK-k eta Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok 2022tik ematen dute ohorezko sari hau. Laugarren edizio honetan euskal makila tradizionala Itxaro Bordak (Baiona,1959) bere ibilbide oparoagatik eta euskal literaturari egindako ekarpenagatik; eta Leila Guerrierok, idazle argentinarrak, Latinoamerikako kazetaritza narratiboko firma handienetako bat, jasoko dute. Biek euskal makila tradizionala jasoko gaur arratsaldean, jaialdiaren inaugurazioan.

Ohorezko makilak banatu ondoren, Amoranteren emanaldia izango da. Iban Urizarren proiektua da Amorante, herri musika oinarri gisa erabiltzen duena eta hainbat musikaren sustraiak aztertzen dituena. Ondoren, Leila Guerrierok Rodrigo Fresán idazlearekin hitz egingo du Auditorioan, jaialdiari hasiera emanez. Bertan, beren artearen eta lanbidearen noiz-nolakotasunaz eta zergatiaz, eta hura kontatzeko erabiltzen dituzten moduez eta maneraz hitz egingo dute.

Itxaro Bordak itxiko du jaialdia martxoaren 1ean, Aurélia Lassaque idazlearekin egingo duen topaketan. Bertan, literatura globalaren testuinguruan hizkuntza gutxituak erabiltzeak duen garrantziaz hitz egingo dute.

Gutun Zuria: euskal literaturarako gunea

Ohikoa denez, Azkuna Zentroko Auditorioa eta Bastida Aretoa euskal, espainiar estatuko eta nazioarteko hogei egile baino gehiagoren elkarrizketen topagune izango dira, eta horien ugaritasunak gaur egungo sorkuntzaren paisaia erakutsiko du.

Aurten, Euskal Herriko testuinguruko hainbat egilek hartuko dute parte jaialdian, Joseba Sarrionandiak, esaterako, Oihane Amantegi Uriarterekin hitz egingo duenak. Euskaraz tropikoetan izenburupean, euskaraz idaztea zer den esplikatuko dute. Horretaz gain, literaturaren inguruko beren ikuspegia ezagutzeko aukera izango dugu, baita egun literaturak duen lekuaren inguruan hausnartzeko ere. 

Euskarazko literaturaren berrikuntzan erreferente den Itxaro Bordak, Aurélia Lassaque okzitanierazko idazlearekin batera, testuinguru globalean hizkuntza gutxituetan idazteak dakarren erronkari helduko diote. Ondo dakite zer den literaturaren periferietan aritzea, ez soilik hizkuntzagatik, baita literaturarekiko beren hurbilpenagatik ere. Bi idazleon ibilbideari buruz eta hizkuntza eta literatura hautuei buruz jakiteko egokiera ezin hobea.

Euskal idazleen arteko hirugarren solasaldia Miren Amuriza eta Lizar Begoña izango dira, euskal literatura berriaren bi adibide. Solasaldian hizkuntzaren erabilera bereziei, harreman afektiboen joskera berriei eta mundu prekarizatu baten hondakinei buruz hitz egingo dute.

Oraina eta etorkizuna bideratzeko literatura

Gutun Zuria fikzioaren, poesiaren, saiakeraren edo nobelaren bidez hitzarekiko urteroko topagunea da. Testuinguru honetan kokatzen dira Jaialdiaren programa osatzen duten elkarrizketak, topaketak eta jardunaldi profesionalak. Publikoak Sabina UrracaEl celo (Alfaguara, 2024) lanaren egilea, eta Rosario VillajosLa educación física (Seix barral, 2023) 2023ko Biblioteca Breve Sariaren irabazlearen arteko topaketan parte hartzeko aukera izango du. Bi nobela hauek desiraz, gorputzez, animaltasunez eta indarkeriaz beterik daude. Bien arteko solasaldi honetan, idazketa-prozesua nola lantzen duten eta literaturarekin duten pultsua zer-nolakoa den azalduko dute.

Azpimarratzekoa da Carmen Estrada ikertzaile neurozientzialari eta filologoaren presentzia, Miguel Brievak (Malpaso, 2019) ilustratutako La Odisea lanaren itzulpenaren eta egokitzapenaren egilea. Hitzaldi hau Homeroren obra klasiko honen inguruan abiatuko da.

Lurraldearen defentsak Mª Ángeles Fernández eta Jairo Marcosen lanak lotzen ditu, testu eta argazkien bidez istorioak kontatzen esperientzia luzea duten freelance kazetarienak; eta Maddi Barber euskal zinemagilearekin hitz egingo dute hitzaldi batean, non, besteak beste, urtegi bat eraikitzeagatik etxeak utzi behar izan zituztenen Memorias ahogadas azaleratuko diren (Pepitas de Calabaza, 2024).

“Gizarteak begien aurrean du egiaren gainbehera, aukera utopikoak distopia bihurtzen dira, ondoeza handitu eta betikotu egiten da. Horren aurrean, jaialdi honek elkarrizketa hedatu eta konpartitu nahi du sortzaile garaikideekin, orainari eta etorkizunari beste modu batez begiratzeko”, ziurtatu dute jaialdiaren antolatzaileek.

Zentzu honetan, Lola López Mondéjar idazle eta psikoanalistak eta Manuel Cruz filosofoak kapitalismo digitalaren ondorioez hitz egingo dute, bere estimulu segida eta denbora esperimentatzeko gaitasun galerarekin, guztia momentuan nahi izatearen antsietateak bultzatuta.

Eta gaur egungo narratibaren esparruan, Andrea Fernández Platak, Jarroa lanaren egileak, eta Stefanía Carok, Pómulo y lejanía lanaren idazleak, egunerokotasunari zukua ateratzen diote, aparteko bihurtzeraino. Topaketan, bere eleberriez, bertan aurkitu dituzten istorioez eta bere literaturarekin batera agertzen diren hizkuntza sortzaileez, hala nola ilustrazioaz eta dantzaz, hitz egingo dute.

“Sorkuntzak berekin dakar berriarekiko konfiantza eta plazera, arakatu gabeko espazioen aurkikuntza, ziurtzat jotzen dena zalantzan jartzeko eta irtenbideak irudikatzeko gaitasuna”, gogoratzen dute. “Ez dago ezer hoberik idazleen eta artisten hitzak eta irudiak baino, irudikatzeko grinaz blaitu eta beldurrik gabe aritzeko espazio zabal eta libreetan”.

Gutun Zuria Pro

Eta, jakina, kultura- eta liburu-industriaren publikoarengan ere pentsatzen du, Gutun Zuria PRO programa zuzentzen baitzaio, liburuaren kateko hogeita hamar bat eragilek sektorearen erronkei aurten helduko dieten jardunaldi profesionalak. Edizio honetan, topaketa profesionalak editatu eta argitaratu izango ditu ardatz, jarduera hori eta haren funtzionamendua biltzen dituzten bi aditz. Egiletzatik hasi eta literatura-ekoizpenaren sustapenera eta komunikaziora, ediziotik eta inprimaketatik igarota, jardunaldi hauetan parte hartuko duten hogeita hamar eragilek liburuaren egungo argazkia eskainiko dute eta aldi berearen, zentsuraren eta ingurumeneko larrialdiaren garai hauetara egokitzeko.

Pepitas de Calabaza, Periférica eta Astiberri bezalako argitaletxeetatik Katixa Agirre, Rosario Villajos eta Leila Guerriero idazleetaraino; ilustrazio munduko profesionalak, Arrate Rodríguez, Sara Morante, Andrea Ganuza eta Onda Fosch kasu; Garcinuño, Agprograf eta Cosmos Gráfico bezalako inprentak; No soy sibilia, Código nuevo eta Libros del K.O bezalako sare sozialetako eduki sortzaileak (edo bookstragrammers); jaialdi eta azoken antolatzaileak Juan Insua (Kosmopolis), Begoña Morán (BilbaoPoesía), Sheila Cremaschi (Hay Festival España) eta Luis Posada (Festival Eñe) kasu; eta Punzadas Sonoras podcast-a, jardunaldietako baten sarrera eta ondorioak egingo dituena.

Gainera, edizioak presentzia espezifikoa du, eta, beraz, programan Azkuna Zentroak ekoitzitako azken argitalpenen aurkezpena nabarmentzen da, erresidentzian dauden sortzaileen lan artistikoa jaso eta zabaltzen baitute.

Martxoaren 1ean, larunbatean, Amaia Molineten, Azkuna Zentroko Artista AZkidea, Tierra Quemada eta Urbanbaten, AZko kolektibo egoiliarra, Behatokia. Observar y transformar la ciudad desde las prácticas artísticas y culturales edizioak aurkeztuko dira.

Jaialdirako sarrerak otsailaren 3an, astelehena, jarriko dira salgai.

Gutun Zuriaren jarduerak

Jaialdiak irauten duen egunetan, Azkuna Zentroa - Alhondiga Bilbaoko hainbat gune topagune bihurtuko dira jarduera, eskola-tailer, esku-hartze artistiko eta ikastaroetarako, hala nola Leila Guerrierok emango duen tailerra bezala, otsailaren 27an, ostegunean, 16:30 eta 18:30 bitartean Mediatekan, kazetariei edo kazetaritzan interesa duten pertsonei zuzenduta egoteaz gain, egokia da errealitatea kontatzeko moduan ikuspegi berri baten bila dabilen edonorentzat.

Begiratu eta kontatu: hurbilketa bat kazetaritza narratibora izenburupean, Leila Guerrierok bi orduko tailer hau emango du, informazioa emateko teknikak, elkarrizketatuengana iristeko modua, elkarrizketak prestatzea eta bideratzea, informazioa hautatzea, erabil daitezkeen baliabide teknikoak partekatuz.

Gutun Zuria publiko gaztearentzako jaialdia ere bada, kulturan ikaskuntza ez-formalak zabaltzeko kezka duena, sormen literarioaren prozesuak bertatik bertara ezagutuz, Miren Billelabeitia idazlearekin, besteak beste. Literatura Unibertsaleko eta Euskal Hizkuntza eta Literaturako irakasleak Oroimen irakurria idatziz: AITITA-amamen guda zibila tailerra DBHko 3. mailatik Batxilergoko 2. mailara arteko ikasleei zuzendutako tailerra emango du otsailak 28, ostirala, 11:00etan. Bertan, irakurketaren garrantzia eskoletako ikasleekin partekatuko du, iritzi aske eta autonomoak garatu eta jakintza kritikoaren ildoan jartzeko modu gisa. 

Jarduera artistiko bat Juan Viedma eta Lucía Rabadán, fui.volvi.no.ofendi.a.nadie. kolektiboa osatzen dutenak, emango dutena izango da, martxoa 1, larunbatean. Jaialdian zehar, Viedmak eta Rabadanek Azkuna Zentroan egingo den egoitza batean parte hartuko dute, eta, amaieran, ikusleentzako irakurketa performatibo bat egingo dute, La sirena sola izena duena.

Proposamenaren abiapuntua kointzidentzien zerrenda da, biek partekatzen duten ziurtasun batera hurbiltzeko aukera ematen diena, iturri plastiko eta literarioekin erkatuta. Ikuspegi honek lan partekatuaren garrantzia azpimarratzen du, non beste alderdia, beldurrez eta itxaropenez itxaroten eta ahalegintzen dena, lehen zatiko lanaren motorra baita.