Hartzea ematea da. Idaztea irakurtzea da, eta Durangoko Azokan ehunka aukera daude irakurketa sustatzeko. Hain zuzen ere, aurtengo uztatik 639 liburu berriak dira, 2024an argitaratuak, baina Landako Gunea betetzen duten 274 erakusmahaietan beste urte batzuetako eleberriak, ipuinak, istoriak eta kontakizunak aurki daitezke. Eta zer gustatzen zaie azokara datozen euskal irakurleei?
Bea Santamaria elorriotarraren kasuan “literatura nire aisialdi momenturako uzten dut. Esan dezaket misteriozko eta fikziozko liburuak gustoko ditudala, baina pixkat denetarik irakurtzen dut”. Eta “larregi” erosi duela aitortzen badu ere, pozik erakusten ditu poltsa barruan dituen altxorrak. Alde batetik, Mikroipuinak (Elkar, 2024) Idoia Torregarai kazetari eta umoregile usurbildarraren lehenengo liburua, ipuin labur-laburrez osatua, eta Zaldieroa marrazkilari iruindarrak ilustratua.
Bestetik, 7.300 miligramos de eszitalopram (Autoedizioa, 2024) liburua ere erosi du. Bertan, krisi pertsonal baten idatzitako hausnarketak eta egoera horri aurre egiteko baliogarri izan zaizkion baliabideez mintzo da Iratxe Etxebarria egilea.
Azkenik, Karmele Mitxelena idazle oiartzuarraren Zoriona, edo antzeko zerbait (Elkar, 2024) liburua ere darama.
Izaskun Zubialde eta Antxone Otxandorena Zubietatik (Nafarroa) etorri dira Durangora. “Euskal kultura elkarten den tokian” egonda eta irakurzalea izanda “eskura erortzen zaidan guztia irakurtzen dut, baina gaur, adibidez, euskarazko liburuak erosi ditut”, azaldu du Izaskun Zubialdek. “Negu Gorriak-en biografia bat, Izaskun Gracia Quintanaren Basokoa eta Goiatz Labandibaren Bekatua.
“Nire kasuan umeentzako ipuintxoak hartu ditut”, gehitu du Antxone Otxandorenak. Izan ere, azokan haur eta gaztetxoentzat hamaika aukera daude. Eider de Miguel bilbotarrak ondo daki. Mundu magikoa (Susaeta, 2024) liburua eta margotzeko eta ariketak egiteko beste hainbat liburuxka erosi ditu.
POESIAREN AZOKA
Iker Azkue zarauztarra urtero etortzen da Durangoko Azokara. “Esperientzia bikaina da. Hemen daude murgilduta euskal literatura eta euskal sorkuntza guztiak”, dio. Irakurketa ohitura eta gustuei buruz, argi du. “Niri poesia asko gustatzen zait. Klasikoa gainera. Jon Mirande eta Lizardi ditut gustokoen”.