Ia mila nobedade aurkitu daitezke egun hauetan 59. Durangoko Azokan. Eta nobedade horien artean urtez urte mimoz gordetako sekretu bat ezagutzera eman da gaur goizean: Euskaraldiaren laugarren edizioaren kanta eta bideoklipa erakutsi dute, lehenengoz. “Gure Bihotzaren Taupadak” izenburupean, Bulego taldeak sortu du "edonork entzuteko moduko abesti herrikoia", baina batez ere “esatetik egitera” salto egiteko dei bat da “jendea ekintzara bultzatzeko asmoarekin”, adierazi dute agerraldian Bulegoko kideak.
Tom Lizarazu taldeko abeslariak eman du kantaren eta prozesuaren berri, eta azpimarratu du Bulego sortu zenetik euskararekiko izan duten harreman estua, izan ere, "euskara hutsean sortzen eta abesten duen proiektu bat izanik, gure nortasunaren bereizgarri garrantzitsuenetako bat da hizkuntza bera".
Abeslariaren hitzetan pixkanaka euskara Bulegoren nortasunean errotzen joan da eta ondorioz, Euskaraldiko kideak taldearekin harremanetan jarri zirenean ez zutela "bi aldiz pentsatu beharrik izan baiezkoa emateko" gaineratu du. "Euskaraldiarekin bat eginez eta abestia sortuz guri hainbeste eman digun hizkuntza bati bueltan zerbait ematera gindoazela sentitzen genuen".
Euskara hizkuntza gutxitua izanik, edozein arlotan bultzada ematea ezinbestekoa dela azpimarratu du Lizarazuk. Zentzu horretan, euskararen egoera hobetzeko bidean abesti honek ekarpen bat egitea du helburu. “Gure bihotzaren taupadak euskaraz dira… Hitzez hitz, Euskaraldiari ekin”, dio letrak.
Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak, bere aldetik, Bulego taldearen prestutasuna eta ekimenari hasieratik egindako harrera nabarmendu ditu: "guk sentitu dugu Bulegok eta Euskaraldiak hasieratik egin dutela bat. Gozamena izan da eurekin lan egitea; eta oso kantu polita egin dute gainera".
Izen-emateak martxan
Euskaraldiaren soinu banda martxan dago eta Euskaraldiko koordinazioko kideek gogorarazi dute herrien izen ematea irekita dagoela. Eta, gainera, Euskaraldian parte hartu nahi duten entitateek ere izena emateko aukera dute jada www.euskaraldia.eus webgunean:
Belarriprest eta ahobizien txanda, berriz, martxoan izango da. Oraingo honetan Euskaraldia udaberrian izango da eta 2025eko maiatzaren 15etik 25era ospatuko da.