Gaur goizean aurkeztu du Arriaga Antzokiak abuztuaren 14tik irailaren 15era bitartean ikusgai izango duen El Fantasma de la Ópera obra. Ikuskizun hau, zeinak Andrew Lloyd Webberren musika ahaztezina baitu, lau astez egongo da Arriagako programazioan, Aste Nagusia barne. Horrela, 2023ko irailean Madrilen estreinatu zenetik, musikal klasikoaren bertsio txalotu honek bisitatzen duen lehen hiria izango da Bilbo.
El fantasma de la Óperak artista talde bikaina biltzen du, eta musikaletako antzezle handienetako batek interpretatuko du: Gerónimo Rauchek, hain zuzen (Los Miserables, El Médico…). Christine Daaé diva gaztearekiko ezkutuko pasioa sentitzen duen mamu oinazetu baten azalean sartuko da. Talía del Valek hezurmamituko du Daaé gaztea, Los Miserables edo West Side Story musikal handietan parte hartu duen abeslari eta aktore bikainak, izan ere, azken horrekin ikusi ahal izan genuen 2019an Arriaga Antzokian. Talía del Valen interpretazioaren kalitatea frogatu da, El fantasma de la Óperaren ekoizpen honengatik musikaleko emakumezko aktore onenaren Talía Antzerki Saria jaso baitu.
Antzeztalde nagusia osatzen dute Guido Balzarettik —Raoul Chagny bizkonde lerdenarena eginez— eta Marta Pinedak —Carlotta sopranoarena eginez, hiriko operako prima donna eta izar lainezaz betearena—. Gogoan hartu behar dugu Balzarettik Arriaga Antzokiaren La viuda alegre ekoizpenean parte hartu zuela 2015ean.
Besteak beste, taula gainean izango dira baita ere Fran Ortiz (Piangi izeneko operaren tenoreari bizia emanez), Enrique R. del Portal eta Omar Calicchio (operaren jabekideak diren Monsieur André eta Monsieur Firmin interpretatuz, hurrenez hurren), Laura Martín (operan aipatutako balleteko dantzari Meg Giry antzeztuz), eta Silvia Luchetti (Madame Giryren paperean, Meg Giryren ama eta 5. palkoaren aretozaina).
Kontuan izan behar da, halaber, Manu Pilas eta Judith Tobella mamuaren eta Christineren cover edo ordezkoak izango direla, hurrenez hurren.
El fantasma de la Ópera obrak Federico Belloneren zuzendaritza eszenikoa eta Julio Awaden zuzendaritza musikala ditu (azkenak ere Talía Sari bat jaso du ikuskizun honengatik), eta, 1986an Londresko West End-ean estreinatu zenetik, 41 lurraldetako 160 milioi ikusleren aurrean antzeztu den ekoizpenaren lekukoa jasotzen du. Hala ere, protagonista bakoitzak bere ukitua ematen du, papera berrituz eta gaurkotasunera egokituz. Rauch da papera gaztelaniaz eta ingelesez antzeztu duen aktore bakarra, bera arduratu baitzen pertsonaia horretaz Londresko West End-ean, eta mamu psikologikoago bat aurkezten du, ez hain izugarria; Del Val, berriz, estutasunetan dagoen dama batek ohi duena bezain pasiboa ez den kutsu batekin iristen da ikuslearengana. Ikuskizunak ikusleak eta kritika maitemindu ditu bere ekoizpen finari esker.
Musikal arrakastatsuena
1986an Londresen inauguratu zenetik, El fantasma de la Ópera ikuskizunak 160 milioi pertsonatik gora liluratu ditu 195 hiritan eta 21 hizkuntzatan. Horrez gain, 70 antzerki-saritik gora jaso ditu, tartean 7 Tony sari eta 4 Olivier Awards sari. Inoiz egin den musikalik arrakastatsuena da eta Broadwayko show urtetsuena izatearen marka du. 2004an, Joel Schumacher zuzendariak zinemarako egokitu zuen, eta Gerard Butler eta Emmy Rossum aktoreak izan ziren filmaren protagonistak. Espainian, emakumezko aktore onenaren eta musika-zuzendaritza onenaren bi Talía Sariez gain, Antzerki Musikalaren Sarietako hiru eskuratu ditu: Soinu diseinurik onena (Roc Mateu), Argiztapen lanik onena (Valerio Tiberi) eta Eszenografiarik onena (Federico Bellone eta Clara Abbruzzesse).
Sarrerak salgai
Sarrerak badira salgai ohiko bideetan: Arriagaren webgunean eta antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegietan. Musikalerako ezarritako prezioak 30 eurotik 69 eurora bitartekoak dira, deskontu ezberdinekin.