Liburu berrien usaina, disko berriak esku artean izatearen plazerra, egileekin aurrez aurre egoteko aukera magikoa, aurkezpen eta ekitaldi ezberdinetan parte hartzea… Hori eta askoz gehiago da Durangoko Azoka eta 58. edizioak bihar, hilak 6, 10:30ean irekiko ditu ateak. Igandera bitartean Landako Gunea euskal sortzaileen eta kulturaren epizentroa bilakatuko da. Aurtengo egitarauan 950 nobedade ikusgai izango dira 257 erakusmahaitan banatuta eta guztira, 265 ekitaldi batuko dira azoka eta azokaren guneetan, zein baino zein interesgarriagoak. “Aurkezpenean esan bezala, ekintza sorta anitza, aktuala eta gaztea izango da, eta lehen eguna ere horren erakusgarri izango da. Badator sormena, badator magia, badator Durangoko Azokaren fantasia!”, aurreratu zuten atzo antolatzaileek.

257 erakusmahai atondu dira Landako Gunean. GEREDIAGA ELKARTEA

Muntaketa lanak azken txanpan sartu dira. Erakusmahaiak kokatuta, seinaletika ezarrita, zuntz optikoa jarrita, azken argi eta soinu probak... Landako Gunea eta gainerako espazioak azokarako atontzen aritu dira azken egunotan eta ateak irekitzen diren momentutik, liburu, disko eta abarren eskaintza aberatsa egongo da eskura. 2023ko uztari dagokionez, 950 nobedade erakutsiko dira: 689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari, eta bestelako 40 ekoizpen ere bai.

Bihar, hilak 6, Landakoko Areto Nagusiko ateak irekitzearekin batera hasiko da Durangoko Azokaren programazioa, lehen aurkezpen-ekitaldiekin, mahainguruekin eta zuzenekoekin. Kabi@n, TikTok eta Euskararen aurkezpena izango da; Esti Martinezek Animalia domestikoak liburua aurkeztuko du Ahotsenean, Nogen taldearen zuzenekoa ere entzun ahal izango da Plateruena Kultur Aterpean. Geroxeago, azokaren lehen mahaingurua hasiko da, adimen artifiziala eta erronka digitalak protagonista izango dituena.

Soinu, argi eta konexio froga ugari egin dira. | ARGAZKIA: GEREDIAGA ELKARTEA Oihane Buruaga

Eguerdiko 12:00etan egingo da aurtengo edizioaren inaugurazio ekitaldia. San Agustin Kultur Gunean kokatuta dagoen Szenatokian izango da eta, bertan, Gerediaga Elkarteko eta erakundeetako ordezkariek hartuko dute hitza, eta horrez gainera, sormenak ere izango du lekua. Hain zuzen ere, dantza, pintura eta musika uztartzen dituen DAMA arte performace-a estreinatuko dute Amaia Lejarreta artista durangarrak eta Janire Etxabe dantzari bertikalak. Izan ere, Durangoko Azoka unibertso berezi bat da, irudimenez eta emozioz josirikoa, eta bere fantasiaren baitan harrapatzen zaitu.

Inaugurazio ekitaldia eta gero, gunez gune denerik topatuko du kulturazaleak. Batzuk aipatzearrean, Ahotseneako solasaldien gunean (Musika Eskola) Patxi Zubizarreta, Bernardo Atxaga eta Marjane Satrapik liburuak aurkeztuko dituzte. Ahotseneako zuzenekoetan (Plateruena) Esanezin proiektuaren pop melodikoa entzun ahalko da; Lilo talde iruñarrak kontzertua eskainiko du Nora goazen jakin gabe diskoa aurkezteko; gainera Yogurinha Borovaren kontzertua fantasia hutsa izango da.

Bestalde, Irudienean, dokumentalek hartuko dute protagonismoa, Gure Zirkuari buruzko lanaren aurrestreinaldiarekin, Bidasoa 2018-2023 filmaren solasaldiarekin eta Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri bat dokumental historikoaren emanaldiarekin.

DIGITALIZAZIOA

Bogan dagoen adimen artifiziala eta horren inguruko hausnarketak ugari izango dira aurtengo azokan. Izan ere, Kabi@ plaza digitalean, teknologia berrien eta errealitate birtualaren munduan barneratzeko aukera paregabea izango da. Adibidez, nerabeei lehen mugikorra noiz eta zelan eman kudeatzeko gida bat azalduko da; irakurketa errazten duen lupa bat aurkeztuko da bihar arratsaldean eta adimen artifizialaren geroaz ere hausnartuko da.

Teknologia berrien errealitate birtualetik, haurren fantasiaren eta irudimenaren boterea errealitate bilakatuko da Saguganbaran. Bertan, azokaren estreinaldi egunean, Hizki Pizti, ikas dezagun irakurtzen eta idazten izeneko tailerrean parte hartu ahalko dute. Hiru libururen aurkezpenak eskainiko dira, eta ikuskizun bi ere bai.

Azkenik, arte eszenikoen lilura plazaratuko da Szenatokian. Taulelak konpainia durangarrak Euskaldungak obra estreinatuko du, eta Mikel Martinezen bakarrizketak umorez jantziko du aretoa.

AUTOBUS ZERBITZUA

Aurreko edizioetan bezala, Durangoko Azokaren antolakuntzak garraio publikoa erabiltzeko gomendioa helarazi gura die herrira etorriko diren bisitariei, baina ezinezkoa dutenentzat doako autobus zerbitzua izango dute aukeran. Zehazki, Iurretako autopista irteetako parkinetatik Landako ondoko Olleria kaleraino. Autobus zerbitzua abenduaren 6tik 9ra, lau egunetan eskainiko da, 10:00etatik 20:00etara arte, ordu erdiro.

Azokaren ordutegiari dagokionez egunero goizeko 10:30etatik arratsaldeko 20:00etara irekiko ditu ateak, 10ean izan ezik. Igandean 18:00etan itxiko dira Landakoko ateak.

Horrez gainera, Durangon zehar erakusketa eta ekimen ugari ere hasiko dira abenduaren 6an. Hala nola, 27. Euskal Denda –Euskal Herriko Artisautzaren Azoka– abenduaren 10era arte burutuko da Durangoko Merkatu Plazan eta bestalde, Eskuahaldunak eskultoreen elkartearen erakusketa izango da, 80 artistaren 200 bat eskultura jasoko dituena.

Durangoko azoka

58. edizioa

Muntaketa lanak. Azken egunotan etengabeko lana egin da Durangoko Azoka eta azokaren guneak atontzen. Dagoeneko 257 erakusmahaiak kokatuta daude, argi eta soinu frogak egin dira eta zuntz optikoa ere jarri da.

Bost egun

Landako gunea. Abenduaren 6tik 10era, egunero goizeko 10:30etatik 20:00etara irekiko ditu ateak. Igandean 18:00etan itxiko dira Landakoko ateak.

950

Nobedade. 689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari, eta bestelako 40 ekoizpen ere eskuragarri egongo dira.

265 ekitaldi

Egitaraua. Azokako guneetan 265 kultur ekitaldi antolatu dira. Eguneko jarduerak www.durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daitezke.