Sailkatze faseak atzean utzita, finalaurrekoetan sartu da 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, indar biziz sartu ere. Berrizko Olakueta frontoia goraino bete zuten zaleak gustura uzteko moduko lana egin zuten atzo lehenengo finalaurrekoan sei bertsolariek, saio txinpartatsu eta beroan. Denen gainetik, baina, Xabat Galletebeitiaren jarduna azpimarratu behar da, agurreko bertsotik bertatik Miribillako finalean egoteko hautagai sendoa zela erakutsi baitzuen, gogoz zein ekintzaz. Epaileek puntuaziorik altuena eman ziotenez, lekeitiarrak finalean kantatzeko txartela ziurtatua du. Gainerakoak beste bi finalaurrekoetako puntuen zain daude Bilboko zortzikotean sartuko diren jakiteko.

Txapelketa honetan edozer gauzarekin konformatuko ez zela agurretik bertatik adierazita, Galletebeitiak egurrean ekin zien ariketa puntuagarriei. Zortziko handian, Aitor Etxebarriazarragarekin, gaur-gaurko gaia egokitu zitzaion, elizako sexu abusuena hain zuzen. Umetan seminarioan erasoa jasan zuen pertsonaren ahotik, zaurgarri baina zorrotz agertu zen Galletebeitia. “Zalantza dauen pertsona oro, gugana batu nahi neuke”, bota zion Etxebarriazarragak, eta lekeitiarrak erantzun zion “lehenik baretu behar nituzke, barruko demoninoak”.

Zortziko txikian ere ez zuen puntu bakoitza mimoz lantzeko eta Iruri Altzerreka kantukideak botatako amuari kosk egiteko batere ikararik izan. Boto bakarra jaso duen alkategaiaren bikotekidearen azalean jarri zuen gai-jartzaileak saioko irabazlea, eta “inork ez zaitu maite, nik baino gehiago”, biribildu zuen ariketa, baina Altzerrekaren erantzuna ere aipagarria izan zen: “Gehiago maite dut nik neronen burua”.

Ganbarakoan eman zion errematea Galletebeitiak. Puntu erantzunez gain, sei bertsolariek landu beharreko gaia, hauxe: “Inoiz ez jatzu zilegi iruditu; orain, asko maite dozun norbaitek egin dau”. Bakoitzak istorio guztiz diferentea aukeratu zuenez, zein baino zein arantzatsuagoa, publikoak ikuspuntu diferenteez gozatu zuen. Esaterako, saioko irabazleak sexu abusuen gaia ekarri zuen oholtzara, lagun min batek sexu erasoa egin zuela eta. Lagunaren jarrerari ez ezik, bere buruari ere zorrotz begiratu zion Galletebeitiak, eta horrek bertsoaldia aberastu zuen. “Aurrez gertatu izan denean, deitu diogu eraso / ta lagun minak egiten badu, bilakatzen da arazo”, abestu zuen bigarren bertsoan; hirugarrenean, gizon guztien izenean egin zuen autokritika: “Ze aldarrikapen, ta ze botere / ez badiogu utzi nahi pixa, zutik egiteari ere”.

Gorka Pagonabarragak ere saio dotorea egin zuen Berrizen. Beharbada, ganbarakoan izandako zalantzek eragotzi zioten Galletebeitiaren parera heltzea, baina, gainerakoan, bertso bakoitza zukutu eta puntu bakoitza landu zituen. Adibidez, Eneko Abasolo, Abarkas-ekin egindako hamarreko handian, argumentuak bilatzeko eta kantulagunaren ideiei heltzeko gaitasuna agertu zuen, okupatu berri duten gaztetxearen alboan bizi denaren ikuspuntutik. Miribillako finalean berriro egoteko hautagai sendoa da Pagonabarraga.

Ahalegina

Aitor Etxebarriazarraga ere berriro Bilbora heltzeko moduan da, puntuetan pixka bat beherago geratu zen arren. Entzuleek eskertu zuten beti ideia berriak bilatzeko gernikarrak egindako ahalegina. Eneko Abasolo Abarkas-ek, aldiz, nahasi samar hasi zuen saioa, eta, gerora neurria hartu bazion ere, puntuak seguruenez ez dira nahikoa izango finalean sartzeko. Hartara, azken hau azken txapelketa izango duela iragarri zuen iurretarrak agurrean, mende laurdeneko ibilbidea itxita.

Puntuetan azkenak izan arren, entzuleen beroa eta txaloak berdin-berdin jaso zituzten Koldo Gezuraga bosgarrenak eta Iruri Altzerreka seigarrenak. Bientzat Bizkaiko lehenengo finalaurrekoa izatea pisu astuna izan bazen ere, erronkari indarrez heldu zioten eta hurrengo txapelketetan gehiago eman dezaketela garbi ikusi zen Berrizen. Altzerrekak ofizio guztietan jakin zuen bereari eusten eta Gezuragak ganbarako gaiari erantzuteko orduan harritu zuen publikoa. Ertzain sartu den lagun bati kantatu zion gernikarrak, eta hala biribildu zuen lana: “Ondo dakizu gure herri hau, bi bandoen herria da / lubakiaren alde banatan, lagun izango al gara?”.

Bigarren finalaurrekoa azaroaren 18an jokatuko da, Santurtziko Serantes Kultur Aretoan. Oholtzan izango dira Aitor Bizkarra, Bittor Altube, Jone Uria, Mikel Goiriena, Txaber Altube eta Unai Mendiburu.

Puntuazioak

  • Xabat Galletebeitia 616,5
  • Gorka Pagonabarraga 604
  • Aitor Etxebarriazarraga 585,5
  • Eneko Abasolo ‘Abarkas’ 550,5
  • Koldo Gezuraga 549,5
  • Iruri Altzerreka 548,5