Abenduaren 6tik 10era Durangoko Azokaren 58. edizioa ospatuko da, euskal kulturaren ezinbesteko hitzordua eta sortzaileen lanaren, dedikazioaren, ilusioaren, ametsaren eta fantasiaren erakusleihoa. Fantasia DA! izango da, hain zuzen, aurtengo lema. “Dagoeneko 58 urte igaro dira hasierako bultzatzaileen ametsetik. Fantasia hura errealitate bihurtu zen, eta gaur egun euskal kulturaren egutegian ezinbesteko hitzordua da. Euskal kulturari bultzada emateko asmoz, Durangoko Azoka jendetsu eta aberatsa izatea, horixe da gure fantasia. Fantasia da sortzaile berrien ilusioa, liburuen usaina, diskoen kolorea, kulturzaleen irribarrea, bolondresen lan ezinobea, aspaldi ikusi gabeko lagunekin topatzea, sormen bakoitzaren istorioan dagoen magia, jende alaiaren berbaroa, bizigogoa, kulturaren beroa", adierazi du Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak.
Bi hilabete besterik ez dira falta Landako Guneko ateak irekitzeko eta gaur goizean 58. Durangoko Azokaren lema eta kartela aurkezteko prentsaurrekoa eskaini dute. “Denetarik egongo da. Hitzaldiak, musika, solasaldiak, proiekzioak, tailerrak, liburuak, diskoak, emozioak, grazia, poesia eta, nola ez, fantasia”, azaldu du Gerediagako presidenteak, aurtengo lemari erreferentzia eginez.
Hain zuzen ere, Durangoko Azokaren fantasiaren isla izan da Ximon Agirre artistaren irudiak transmititzen duena. Agirrek adierazi du “ilusio handiz” hartu zuela aurtengo kartela diseinatzeko proposamena eta fantasiaren gaia ardatz hartuta, “kartel honetakoa hiru dimentsioko irudi sakona da, errealitate birtualean landua eta ideia nagusia mundu propio bat sortzea izan da, azokaren ohiko elementuak; liburuak, musika, bideogintza, teknologia berriak… pertsonaia fantastikoekin uztartuz. 3Dn eginda dago eta errealitate birtualaren bidez modelatu nuen, kolore alai eta saturatuekin, Durangoko Azokaren festa izaera bistaratzeko helburarekin”, laburbildu du diseinatzaile hernaniarrak.
AZOKA PRESENTZIALA
Edizio honen nobedadeetako bat aurrez aurreko azokaren aldeko apustua izango da. 2020an pandemiak eragindako egoerak behartuta, online azoka ipini zen martxan eta hiru urtez azoka presentziala eta birtuala mantendu badira ere, azken edizioan, azoka presentziala indartu zen, eta erabiltzaileek ere aukera hori lehenetsi zuten. "Erabilera murritza izanda eta gure apustua aurrez aurreko azoka dela kontuan hartuta, online ereduaren leihoa itxiko dugu. Hala ere, pertsiana guztiz bota barik; izan ere, etorkizunean horren premia egonez gero, egoerara egokitzeko adi egongo gara", esplikatu du Beñat Gaztelurrutia Gerediagako koordinatzaileak.
Gaur goizean Landakon eginiko prentsaurrekoan azokaren guneetako arduradunak izan dira: Miren Narbaiza (Ahotsenea), Irati Agorria (Irudienea), Diana Franco (Kabia), Martxel Zubia (Saguganbara), Arantza Arrazola (Szenatokia) eta Oihane Agirre (Azoka Telebista). Baita, erakunde kolaboratzaile zein babesleen ordezkariak ere bai: Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea, Isaac Amezaga Bizkaiko Euskara zuzendari nagusia, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Kultura zuzendari nagusia, Jone Berriozabal Arabako Euskara, Berdintasun eta Gobernantza diputatua, Javier Arakama Nafarroako Euskarabideako zuzendaria, Koldo Bilbao (BBK), Josean Yela (Eroski), Eider Rodriguez (Euskaltel), eta Iñaki Nubla (Konfekoop).