Euskadiko erakunde publikoek hausnarketa-aldia ireki dute, 2030eko Munduko Futbol Kopa dela eta, FIFAk martxoan baldintza berriak jakinarazi ostean. Izan ere, FIFAk orain arte landu duen negozioa beretzat are oparoagoa izan dadin bilatzen du, ahalik eta karga gehien tokian tokiko erakundeen bizkar lagaz, hobari fiskalak eskatuz eta bestelako jarduerak antola daitezen oztopoak jarriz. Halakoetan, antolatzaileek badakite munduan barrena sona daukan gertaera batek balio izaten duela lurralde eta hiri jakin bat agerrarazteko. Ondorioz, bada hautagai-andana antolatzaileen eskakizunei men egiteko prest egon daitekeena. Kontua da, halako aukerak suertatzen direnean, balantzan jarri behar direla aldekoak, bai eta kontrakoak ere.

Zerbait antolatu nahi denean, lehen eginkizuna da oreka bilatzea sor daitezkeen deserosotasunen, ezarri nahi diren obligazioen eta ezinbestez egin beharreko inbertsioen, bai eta lor daitezkeen egiazko onuren artean. Sektore jakin batek, ostalariek kasu, negozioa egin ahal izateko aukera paregabea izatea ez da, nire ustez, erabakigarriena. Horrek, aldi berean, badakar, hainbatetan gertatzen den bezala, herritarrek, bizi diren tokian, sekulako deserosotasunak pairatu behar izatea, bai eta herri-erakundeek arrazoizkoak ez diren inbertsioak beren gain hartu behar izatea ere.

Gure lurraldea txikia da eta, azken hamarkadetan, eraldaketa sakonak izan ditu. Halako aukera batek gainbehera datorren espazio bat, lur-eremu bat birgaitzeko, balioan jartzeko aukerarik emango balu, akaso, mereziko luke, baina ez da kasua. Nago, gure herri-erakundeak, espazioak zein bestelakoak FIFA lako erakunde zurrupari baten meneko bihurtzea ez dela sustatu beharko genukeen eredua. Hala berean, ez zait iruditzen gure jardun osoa erabat baldintzatu beharko genukeenik dagoeneko orohartzaileegia den kirol-jarduera eta ikuspegi baten inguruabarrean.

Hausnarketa prozesua ireki zein ireki gabe, edozein gauza egiten dela ere badira kritika errazean ondo moldatzen direnak. Bada, batzuk ez daude ohituta gauzak birpentsatzera, historian zehar aldeztu dituzten jarreren eta posizioen guztiz alderantzizkoak ia aurpegia aldatu, gorritu gabe irmotasun berarekin defendatuz, jarrera hori beti aldeztu dutelakoan. Badira, bestalde, gauzak birpentsatzea lehenesten ez dutenak, horrek hiri eta gizarte eredu bat sustatzen, herritarren bizitza aldrebesten eta herri baten asimilazioa errazten badu ere. Betoz hausnarketak, bizirik gauden eta bizi nahi dugun seinale!