Datorren ostegunean, ekainak 8, ekitaldi berezia jasoko du Arriaga Antzokiak, egun horretan bertan ospatuko den Klasikoen Irakurketa Etenik Gabearen XVI. edizioaren inguruan. Hala, goizeko 8.00etatik 14.00etara bitartean, Miren Agur Meabe autorearen Kristalezko begi bat izeneko eleberria irakurriko da, etenik gabe.

Kristalezko begi bat liburuaren hautaketaren helburua da, besteak beste, gaur egun lehen lerroan ari diren emakumezko guztiak omentzea, literaturako ahots eta begirada berriak jasotzea eta klasikoetatik orainera zubia eraikitzea.

Miren Agur Meabek berak irakurriko ditu lehenengo lerroak Arriagan, goizeko 08:00etan, ekimenari hasiera emanez, eta ondoren, beste 200 bat pertsonak hartuko dute parte etenik gabeko irakurketan. Ohikoa denez, euskal gizartearen arlo guztietako jendeak parte hartuko du: kultura- eta gizarte-eragileak, ikasleak, irakasleak, erakunde guztietako ordezkariak, elkarteetako kideak, etab.Tarteka, Bilboko institutuetako ikasleak, diasporako kideak eta munduko 50 euskal etxeetako euskara ikasleak irakurtzen agertzen diren bideoak proiektatuko dira.

Arriaga plazan pantaila erraldoi bat jarriko da eta bertatik jarraitu ahal izango da zuzenean etengabeko irakurraldia, baita EITBren webgunetik ere. Bestalde, Zazpi Kaleetako eta Abandoko Metro Geltokietan aurreko edizioetako argazki eta kartelez osatutako erakusketa egongo da ikusgai egunotan.

Euskal literaturaren feminizazioa

Kristalezko begi bat 2013an argitaratu zen. Eleberria autofikzioa generoan koka dezakegu, nahiz eta egileak “auto-imitazioa” terminoa nahiago izan liburua sailkatzeko. Barru-barruko narrazio honetan antzeman egiten dugu emakume izatearen kontzientzia eta gainontzeko emakumeekiko konplizitatea. Izan ere, Kristalezko begi bat “euskarazko literaturaren feminizazioa” deitu denaren adibide ona da, azken aldiko euskal kulturaren fenomeno garrantzitsuenetako bat. Joseba Sarrionandiaren hitzetan, “barbara” horiek “lotsarik gabe aldatu dituzte gaiak, gizonezko idazleok armairuan gordetzen genituen intimitateak aireratuz”.

Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962) hainbat arlo jorratu ditu literaturan: poesia, haur eta gazte literatura eta narratiba. Sari ugari jaso ditu, horien artean Espainiako Poesia Saria (2021) Nola gorde errautsak kolkoan lanagatik; euskarazko liburu batek sari hori jasotzen zuen lehen aldia izan zen. Apirilean, euskaltzain osoa izendatu zuten.

Kristalezko begi bat hautaketarekin, euskal literaturaren egungo belaunaldiari egiten zaio aitortza, iaz Martutene obrarekin aurreko belaunaldiari egin zitzaion bezala. Aurreko urteetan, Axularren Gero, Mogelen Peru Abarca, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri, Sarrionandiaren Narrazioa Guztiak, Franz Kafkaren Metamorfosia, Itxaro Bordaren %100 Basque, Txomin Agirreren Kresala, Anjel Lertxundiren Otto Pette, Mariasun Landaren Ipuinak eta Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae irakurri ziren.

Bilbo Zaharra, euskara irakasten mende erdi baino gehiago

Aurtengo irakurketa publikoarekin batera, Bilbo Zaharra Euskaltegiak bere 50 urteurrena ospatu nahi du. Jarraian data esanguratsuenak:

  • 1970. urtea - Luis Villasante izendatu zuten Euskaltzaindiko buru. Garaian Euskaltzaindiak zuen alfabetatzearen eta euskalduntzearen ardura, eta Erribera kaleko seigarrenekoa zen egoitza nagusia.
  • 1972. urtea -Sabin Egileor aitzindariak euskara-irakasle izateko D titulua lortu zuen. Berehala murgildu zen buru-belarri irakaskuntzan eta, horrez gain, Euskal Hiztegi Modernoa eta Euskalduntzen metodoa sortzeko lanetan jardun zuen.
  • 1977. urtea - Trantsizioan, Euskaltzaindia Erret Akademia bihurtu zen. Ordutik aurrera, Bilbo Zaharra Gau Eskolak eraikin berria hartu zuen Posta kaleko bederatzigarren zenbakian.
  • 1981. urtea - Zortzi bazkideren artean, proiektuari bultzada berria eman zioten: Bilbo Zaharra euskaltegia izena hartu eta kooperatiba izaerako euskaltegia abian jarri zuten.
  • 1983. urtea - 83ko uholdeen ondorioz egoera tamalgarrian zegoen eraikina erosi zuen kooperatibak, eta bertan finkatu zuen euskaltegiaren egoitza, Posta kaleko zortzigarren zenbakian..