Urtarrilaren 20an, larunbata, eta 21ean, igandea, Suitzatik etorritako Europako dantza konpainia ospetsuenetako bat den Ballet du Grand Théâtre de Genève izango da Arriaga Antzokian. Larunbateko saioa arratsaldeko 19.30ean hasiko da, eta igandekoa, berriz, ordu erdi lehenago, 19.00etan. Ekitaldi hau Estatu mailan estreinaldia izango da.

Dantzaren munduan ikusmina dago Sidi Larbi Chercaouik Ballet du Grand Théâtre de Genève balletari ematen dion ukitua ikusteko, Europako konpainia handienetako bati buruz ari baikara, noski, baina baita Belgikako eszena garaikidearen figura enblematiko bati buruz ere, Sidi Larbi Cherkaouiri buruz, alegia. Izan ere, 50 koreografia baino gehiago ditu bere merituan eta sari sorta bat, besteak beste, bi Olivier sari, Tanz-en "urteko koreografo onena"-ri dagokion hiru sari eta 2009ko Kairos saria.

Ballet du Grand Théâtre de Genèvek eta Sidi Larbi Cherkaouik Arriaga Antzokian aurkezten duten programa bikoitza oso erakargarria da, elkarren artean oso desberdinak eta elkarren osagarri diren bi lan eskainiko baititu, ikusleengan emozioz betetako bidaia bat sortuz dantzaren bitartez. Faun, memoria kolektiboan gordeta dugu, gure kultura-kontzientziaren «Ballet errusiarrak» atalean. Claude Debussyren Prélude à l’après-midi d’un faune musikalanean oinarritutako Vaslav Nijinskyren koreografia mitikoaren sorkuntza originala gogorarazten du. Emanaldi hau Stéphane Mallarméren olerki famatuan oinarritu zen basoko faunoa esnatzeari buruzkoa, 1912an zalaparta sortu zuena. Mende bat igarota, Sidi Larbi Cherkaouik bere Faun sortu zuen, Londreseko Sadler’s Wells-ek eskatuta. Nijinskyren dantzariek oso bidimentsionalak izaten jarraitzen dute, kutxa greziarretako figuren antzekoak, baina Cherkaouiren bertsioan mitologiarekin eta animaliekin lotutako alderdiek askoz indar handiagoa dute, eta mugimendu-hizkuntzak hiru dimentsio hartzen ditu.

Sidi Larbi Cherkaoui Genevako Balletaren zuzendari karguari heltzearen ondorioz, Faun Grand Théâtre de Genève ballet konpainiaren errepertorioan sartu zen. Honela, taldeak Belgika-Marokoko dantza-artistaren piezarik enblematikoenetako den hau biran berpizteari heldu dio.

Estreinaldia Estatuan

Programaren bigarren pieza Ukiyo-e da, Bilbora ia labetik atera berritan iritsiko dena; izan ere, mundu mailako estreinaldia Genevan egin baitzuten 2022ko azaroan, duela bi hilabete eskas. Arriaga Antzokia Estatuko lehena izango da koreografia hau eskaintzen, zeinaren bitartez Cherkaouik gure erresilientzia-gaitasunari buruz meditatzera gonbidatzen baikaitu. Pieza hau sortzeko, Sidi Larbi Cherkaoui "Mundu flotagarriaren irudiak" japoniar terminoan inspiratu zen. Kontzeptu honek izena eman zion Edo garaian sortu zen eta egungo unea harrapatzea xede zuen mugimendu artistiko bati.

Gainditzeko koreografia hau Alexander Dodge eszenografoarekin elkarlanean sortutako egitura mugikor baten bihotzean kokatzen da, dantzariek bidea galtzen duten ezinezko eskailera sare baten itxura hartzen duena. Labirinto-itxurako egitura mugikor horiek zubi edo oztopo izan daitezke, igoera zein gainbehera irudikatzen dituzte, eta maila-segida horretan gorputzek bat egin, solastu eta elkar kutsatuko dute. Emanaldian zehar Szymon Brzóskaren hari- eta piano-hirukoterako konposizio berriak entzungo dira eta, gainera, Alexandre Dai Castaing-en erritmo-, perkusio- eta elektronika-lanez osatutako zuzeneko musika entzungo dugu.