Ehunka gaztek parte hartu dute beraientzako antolatutako jardueretan. Atzokoa egun berezia zen Durangoko Azokara hurbildu behar ziren gazteentzat. Izan ere, antolakuntzatik, interes berezia jarri da aurten Azoka gazteei hurbiltzeko helburuarekin. Horrela, hirugarren egunean gazteentzako egitarau berezia izan zuen Azokak, ohiko egitarauarekin batera. “Egun berezia da, lehenengo aldiz Azokak gazteentzako egitarau berezia antolatu duelako”, aipatu zuten antolakuntzatik.

Zentzu honetan Gazte EztanDA! lelopean, hainbat jarduera prestatu ziren. Eguerdian gazte-bazkaria antolatu zen. Hitzordua Landako plazan izan zen, baina nahiko sakabanaturik ibili ziren animatu ziren taldeak. Arratsaldean, 17:00etan, euskal kulturarekin lotutako jinkana antolatu zuen EuskarAbentura ekimenak eta 19:00etan elektrotxarangen txanda ailegatu zen. Elektropottotte eta OstiKda taldeek Durangoko kaleak girotuko zituzten, eta nola gainera. Aurkezpenean esan bezala, aurten, gazteentzako programazio berezia eskaintzeko ahalegin handia egin behar zen, eta horrela izaten ari da. Ohiko eskaintzaz gain, jarduera bereziak sustatu dira eta aipatutako Gazte EztanDA! sortu da, atzo antolatutako jardueretan parte hartze handia izanagatik arrakastatsutzat jo daitekeena.

Jendez gainezka

Ostegunean gertatu zen bezala, hainbat aurkezpenetan aforoa bete zen atzokoan ere. Barraka bideojokoaren aurkezpena, Nerea Ibarzabalen Bar Gloria liburuaren solasaldia... Hainbat sortzaileren erakusmahaien aurrean ere ilarak ikusi ziren, euren sinadurak lortzeko, eta Azokako oihalezko poltsa bereziak ere agortu ziren. Hasi zen bezala, asteazkenean, aurtengoa jende asko biltzen ari den edizioa izaten ari da. Milaka pertsona igaro dira dagoeneko Durango Azokako gune ezberdinetatik, eta askotan, zaila izan da Landakotik ibiltzea, jende asko ari baita Azokaz gozatzen, bere jatorrira itzuli baita, murrizketarik gabe.

Argi dagoena da Azokak erreleboa ziurtatua duela eta milaka gazte direla euskal kulturaren sektore ezberdinez gozatzen dutenak. Lehenengo egunean, Ikasle Goizak milaka ikasle bildu zituen, liburu eta musika postuetara hurbildu eta euren talde edo artista gustukoenekin tarte bat partekatzeko aukera izan zutelarik. Gainera, ostegunean eta atzo ere, Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako ikasle taldeak izan ziren.