Donostiako Zinemaldiaren 70. edizioa martxan da pasa den irailaren 16tik. Aurtengo festibalean emango diren aintzatespenen artean dago Zinemira Saria, 2022 honetan teknikarien kolektiboari luzatuko zaiona. “Bazen garaia”, dio Paul Urkijo zuzendariak; “normalean ez dute inolako ikusgaitasunik eta oso polita da haiek aintzatestea”.

Bereziki, Txema Areizaga izango du gogoan sari honek, pasa den azaroan zendu zen argi teknikari aitzindaria. “Azken 30 urteetan Euskadin eginiko ikus-entzuneko gehiengoan parte hartu du, modu zuzen zein zeharkakoan”, dio Marian Fernandez ekoizleak; Areizagak euskal zinemaren munduan izandako pisu eta garrantzia agerian uzten du baieztapenak.

Hamarkadetan zehar jorratutako ibilbidea izan zen Areizagarena. Zinemaren munduan hasi eta urte batzutan lanean aritu ostean, 1992an Argilun luminoteknia enpresa sortu zuen, beste kide batzuekin batera. Horri esker, sektoreak Euskal Herrian izugarriko hobekuntza jasan zuen arlo teknikoan, kalitateari dagokionez. Ideia hau behin eta berriro errepikatu dute egunkari honekin solasean aritu diren zinemaren industriako langileek: Paul Urkijo zuzendariak, Asier Altuna zuzendariak, Marian Fernandez ekoizleak eta Ricardo Aranburu argi teknikari eta arduradunak. Azken hau Argiluneko kide ere bada eta Areizagarekin lanean aritu zen eskuz esku azken 30 urteetan zehar. “Bere anai bidekoa naiz”, dio laburbilduz, elkarren arteko harreman estua azaltzen duelarik.

Hala ere, laurek dituzte esker oneko hitzak Areizagarekiko. “Asko zor diot nik Txemari”, dio Urkijok eta adibide gisa, bere lehenengo korto erdi-profesionalean argiztapenarekin lagundu ziola kontatzen du. “Proiektu bat martxa jarri behar nuenero, bera zen kontaktatzen nuen lehenengo pertsona”, ziurtatu du Fernandezek, bere ekoizpen orotan “guztiz ezinbesteka” zela ere gehitu duelarik. “Lankide izateaz gain, lagun izugarria zen”, azpimarratu du Altunak. Guztiek elkarbanatutako sentipena dela nabarmena da, baita azpimarratzekoa ere; hainbeste ahotsen diskurtsoa izanik, Areizagaren bihozberatasuna ondorioztatzea besterik ez da falta.

Baina gizatasuna alde batera utzita, nolakoa zen filmatze prozesuan? “Pasio hutsa”, “oso langilea”, “filmazio animalia” eta an-tzerako espresioak errepikatu izan dira solasaldietan. “Argi munduan bi perfil desberdin daude: oso teknikoa den edozein eta instintuarekin dabilen bestea”, azaldu du Aranburuk; Areizagaren kasuan, teknika eta jakinduria bere lan prozesuaren parte izanik, instintua nabarmentzen omen zen, filme batean “argi polita lortzeko” ohiz kanpoko moduak irudikatzearena.

Laguntza eman

Azpimarra-tzekoa da ere teknikari honek behar zuen edonori laguntzeko zeukan prestotasuna. “Dakienak lagundu egiten du, ez du bere inpronta inposatzeko beharrik” gogorarazi du Aranburuk. Eta halaxe egiten zuen Areizagak, askotan zinema munduan hasi berri zeudenei edota aurrekontu handirik ez zuten proiektuei ere.

Ekarpena

Sektorearen hobekuntza

Euskal Herria munduan

Areizagak, eta orokorrean Argilunek egindako lanak eta ekarpenek nabarmenki hobetu zuten euskal zinema industriako argiztapenaren kalitatea. “Kanpora alokatzera atera behar ez izatea oso ona zen; asko erraztu zigun atzetik filmatu beharreko proiektuekin gentoztenoi egin beharrekoa”, dio Fernandezek. “Garai batean ez zegoen ezer; kanpotik etortzen ziren denak. Orain ia beste aldera eramaten gaituzte”, aitortu du Aranburuk; Jordanian filmazio batean dagoen bitartean erantzun ditu egunkari honen galderak, beraz, arraoirik ez zaio falta.

Are gehiago, Argilun bera eskola moduko bat bihurtu zen, “zinema teknikarien laborategi” modukoa, Altunaren esanetan, bertan ikasi baitute gaur egun industrian aipagarriak diren profesional ugari. Esaterako, Javier Agirre argazki zuzendaria edota Altuna bera, zuzendari izan aurretik hamar urtetik gora aritu baitzen makinista elektriko lanetan.

Guzti hau jakinda, teknikariek saria eta aintzatespena merezi dutela argi dago. Baina azken urtean kolektiboak jasandako galerak kontuan izanda, are gehiago. Izan ere, Areizaga pasa den azaroaren 22an bihotzeko batek jota hil ostean, aurtengo otsailaren 27an Ioritz Apaolaza ekoizpen laguntzailea zendu zen trafiko istripu batean. Bien azkeneko filma izan zen Paul Urkijoren Irati, datorren urriaren 28an Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 32. Astean.

Edonola ere, Areizagaren herio-tzak sektorea balantzaka utzi du, argi teknikari lanak ez ezik, sail ezberdinen arteko koordinazioa ere bere gain baitzeukan. “Euskal Herriko zinema berrezartzen” hasteko prozesuan dago momentuotan, Aranbururen ustetan, “Txema ardatz nagusi edo gailur moduko bat” baitzen. “Galera oso handia izan da eta asko botako dugu faltan”, dio Urkijok, hunkiturik. Beste behin ere, gainerakoekin elkarbanaturiko sentimendua da hau.