Datorren ostegunean, irailaren 22a, Arriaga Antzokiak hartuko du Las bingueras de Eurípides antzezlana. Zehazki, emanaldi bakarra eskainiko da 19.30etan, eta sarrerak salmentan daude 18 euroan (beherapenekin), antzokiak informatu duenez. Alejandra López, Mer Lozano, Rocío Segovia, Ana López Segovia, José Troncoso eta Fernando Cueto aktoreek hartu dute parte antzezlanean.

"Gure begirada moral patriarkalak mendetan zapaldu dituen emakumeengana zuzendu da batez ere eta, bereziki, gure bizitzako emakumeengana, gure auzoko emakumeengana, frustrazioa eta mina umore-kolpeen eta pilulen bidez jasaten ikusi ditugun horiengana. Haiengan pentsatuz, testu berri bat sortu da, eguneroko mundu eldarniotsu honen ingurukoa, non samurtasunak eta basatia den horrek elkarri eskua ematen baitiote, tirabirarik gabe. Ez dut inoiz ikusi emakume hauek baino gauza punk edo maitekorragorik; berrogeita hamar urte bete ondoren bizitzari aurrez aurre begiratzen hasten dira, konbentzioen gainetik, ongiaren eta gaizkiaren gainetik, itxuraz otzan, baina erabat errebelde". Horrela ikusten du Ana López Segoviak, Las Bingueras de Eurípides lanaren egileak, Las Niñas de Cádizen azken lana.

Antzezlan hau joan den uztailean estreinatu zen Meridako Antzerki Klasikoaren Nazioarteko 65. Jaialdian, eta Las niñas de Cádizen antzerki-proiektu berria da. Ikusleek gogo handiz hartu dute, El viento es salvaje (2020ko Errebelazio Ikuskizun Onenaren Max Saria) antzezlanak izandako arrakastaren ondoren.

Las Bingueras de Eurípides Ana López Segoviaren lan bat da, José Troncosok zuzendua eta Alejandra López, Mer Lozano, Rocío Segovia, Ana López Segovia, José Troncoso eta Fernando Cuetok antzeztua. Egia esan, konpainiak Euripidesen Bakanteak tragediaren bertsio erabat libre bat igoko du agertokira. Las Bingueras lanean, patriarkatuaren erakunde hertsiek eta emakumeek dibertitzen saiatzen diren bilera intimoen mundu txikiak talka egiten dute modu tragikoan soilik amai daitekeen liskar batean, poeta handi eta egile greziarraren klasikoan gertatzen den bezala.

Auzo zahar batean erdi-ezkutuan dagoen lokal bateko bingo klandestino batean elkartzen da emakume talde bat, pertsonaia misteriotsu bat, Dionisia, buru dutela. Funtsean, aitzakia bat baino ez da jokoa: elkartzeko, askaltzeko, elkarri norberaren gorabeherak azaltzeko, pozak eta kezkak partekatzeko, eta bizimodu triste eta aspergarri batetik ihes egiteko aukera. Baina polizia temati batek ez ditu bakean uzten, eta beti egoten da zelatan, bingoa ixteko prest, legez kanpokoa omen da eta. Emakumeak, berriz, bingoa zabalik mantentzen saiatzen dira. Zenbait sorpresa eta ustekabeko topaketa direla medio, amaiera basatia izango du egoerak. Maila dramaturgikoan eta testualean, Las Niñas de Cádiz bertsora itzultzen da, erritmo eta tentsioaren sortzaile naturala baita. Eszenan, ahapaldi jasoak eta herrikoiak tartekatzen dira, narrazioaren harira sortutako kantuak, zuzeneko interpelazioak publikoarentzat, bat-batekotasuna eta freskotasuna, guztiak mitologiaren aura magikoan bilduta.