Azken hamarkadan idatzitako nobelarik bikainena dela esateaz gain, kritikak beste intsignia bat jarri ohi dio Ramon Saizarbitoriaren Martutene aitortzen diote. Idazle donostiarrak, baina, literaturaz aritzea baino, nahiago du, behin hedabideetan agertuko bada, bere kezkak plazaratzea. Eta euskal literaturaren korpusa sortzeko borrokan tinko aritu zen belaunaldiaren ordezkari gisa, ezin du euskararen egoeraren inguruko hausnarketa albo batera utzi, batez ere bidegurutzean sumatzen baldin badu. "Iruditzen zait normaltasun egoera iraunkorra izango zela pentsatzen genuela, eta, ohartu garela luzerako izango dela, betirako agian", adierazten du autoreak. Horregatik, aldaketa ekarriko duen aro honen aitzinean, utziezina deritzon baldintza bat aipatzen du: "Ulertu behar dugu euskara batutik kanpo ez dagoela etorkizunik euskararentzat, ezin dugu 68ra atzera egin". Aurrerantzean zer egin "ongi" pentsatu behar dela iritzen du.

Martutene eleberriak urtero Arriaga Antzokian ospatzen den Irakurraldi Etenik Gabean hartuko duen protagonismoraren hariraMartutene , Saizarbitoriak irakurketa horren objektu izateak "lotsa apur bat" ematen dion "ohore handia" dela agertu du: "Nahiz eta badakidan neure pertsona garaitzen duen kontua dela. Sinbolikoki euskal literaturari laguntzeko bidea da, gure kultura eta nortasunarentzat duen garrantziari heltzeko bidea". Bere nobelaren pasarte adierazgarriena zein iruditzen zaion azaldu ostean, euskaldun izatearen zailtasunak agertu ditu: "Izan ere, momentu oro baitzaude zure euskalduntasuna nola bizi ez dakizula; zalantzan, zure umorearen, gogoaren eta militantismoaren arabera aurrean daukazun pertsonari, dendari, funtzionario edo dena delakoari, zein hizkuntzatan hitz egin behar diozun adibidez".

Zentzu horretan, nahiz eta euskarak hizkuntza ofizialaren estatusa izan, eta euskaldunek bere burua normaltzat hartzeko joera tentagarria izan -"normalak bagina bezala jokatzekoa"-, egiten duen diagnostikoa bestelakoa dela adierazi du. "Jendea nekatu egiten da militante izateaz. Iruditzen zait normaltasun egoera iraunkorra izango zela pentsatzen genuela, eta, ohartu garela luzerako izango dela, betirako agian. Gainera, garaiak aldatu egin dira eta gero eta zailagoa da, zilegi litzatekeen kasuan ere, aginduzko neurriak erabiltzea", azaldu du; izan ere, gaur egun ez dago inposiziorako joerarik. Bestalde, euskarak euskaldunentzat zuen balioaren gainbehera bistaratu du: "Askorentzat oposaketetan puntuak ematen dituen ikasi beharreko hizkuntza da. Eta asasinoen hizkuntza ere jarraitzen du izaten norbaitentzat".

Bere esanetan, estatistikek diotenez, sekula ez da hainbeste jende izan euskara jakin eta erabiltzen ez duena. Hala ere, aldaketa baten aurrean gaudela agertu du. "Euskaldunen artean gaztelera erabiltzeko tabua galduz doa: ustez normalak garelako, kontzientzia linguistikoa galtzen ari garelako, errazagoa zaigulako, gure burua erreprimitzeaz nekatuta gaudelako", argudiatu du. Horren harira, Martutene kaleratu zuenean, euskara maila altua zuen batek baino gehiagok gazteleraz irakurri zutela aitortu ziotela azaldu du. "Horra garapenaren zehar-kalteak. Gure lana bi hizkuntzetan ateratzen da aldi berean. Euskal literaturak, berak, gaztelerarekin borrokatu behar du", adierazi du.

EUSKARA BATUA

Adin batetik gorako autorea izateak gauza onak dituela eta, gauzak perspektiba batetik aztertzeko ematen duen parada aipatu du. Horrela, bere lehendabiziko nobelan-Egunero hasten delako (1969)- erabili zuen gaia, abortua, mende erdi ondoren eztabaidagarria izaten jarraitzea sinestezina iruditzen zaiola adierazi du. Era berean, sinesgaitza zaio gaur egun euskara batua mespretxatzen duen jende gaztea egotea: "Zin dagizuet hobeto ulertzen ditudala, besterik gabe, nagikeriaz euskara abandonatzen dutenak, jatorkeriaz, harrokeriaz, bere bailarako edo mendi puntako euskerie aldarrikatzen dutenak baino".

Hori dela eta, euskara inflexio-puntu batean dagoela azaldu du, erronka berriei ekin beharrean. "Gure garaian dena zegoen egiteko eta dena zen aurrerapausoa", arrazoitu du euskal nobela berri bat kaleratzen zen bakoitzean kolektiboki sentitzen zen pozaren inguruan. "Bizi ez zenutenok ez dakizue ze borroka izan zen euskara batuarena. Eta azkenean nola lortu zen ikuspegi ezberdinak zituen jendea adostea. Hura izan zen euskararen salbazioa", agertu du Saizarbitoriak. "Ezin dugu berriz ere 68ra atzera egin gai horretan. Nolabait ere beste aro honetara iristeko zoria izan dut, non berriz ere iruditzen zait beste zerbaiten hastapenetan gaudela. Hemendik ongi pentsatu behar dugu nondik jo", bukatu du.