Bilbo Zaharra Euskaltegiak urtero antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Etenik Gabearen XV. edizioak aurten Ramon Saizarbitoriaren Martutene eleberria izango du protagonistaMartutene . Ezohikoa da hamar urte besterik betetzen ez dituen eleberria hautatu izana irakurketa jarraituaren protagonista izateko eta ez da lehen aldia Saizarbitoriaren lan bat hautatzen dena: 2011n Hamaika pauso irakurri zen. Honakoan, beste batzuetan bezala, urteurren ospakizunaren irizpidearekin, Martutene aukeratu da, kritiko askoren arabera, literaturaren azken aroetako eleberririk onena.Martutene

Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Laboral Kutxak babesten duten ekimena Arriaga Antzokian izango da, ekainaren 8an, asteazkena, 8:00etatik 14:00etara, formatu murriztuan. Saizarbitoriak berak irakurriko ditu lehenengo lerroak, ekimenari hasiera emanez, eta, ondoren, beste 250 bat pertsonak hartuko dute parte. Ohikoa denez, euskal gizartearen arlo guztietako jendeak irakurriko ditu pasarteak jendaurrean.

Oraingoan Bilboko institutuetako ikasleek ere parte hartuko dute, eta, horretarako, gazte bakoitzak bi minutu inguruko pasarte bat irakurriko du. Zehatzago, ikasleek euskarri digitalean grabatuko dituzte pasarteak eta gero horiek erabiliko dira irakurketa osatzeko. Modu birtualean ere sartuko dira diasporaren partaideak, 50 euskal etxeren bitartez.

Arriagako plazan pantaila erraldoi bat jarriko da eta bertatik jarraitu ahal izango da zuzenean etengabeko irakurraldia, baita EITBren webgunetik ere. Bestalde, Zazpi Kaleko eta Abandoko Metro Geltokietan, aurreko edizioetako argazki eta kartelez osatutako erakusketa izango da ikusgai egunotan.

GARAI BATI AMAIERA

Antolatzaileen arabera, Martutene garai oso bati (1989tik 2012ra hedatzen den aroari) amaiera ematen dion eleberria da.Martutene “Gure asmoa izan da Martutene izatea orain arteko garaia eta etorkizuna harilkatzeko ikurra, aldaketa baten ikurra, nondik gatozen eta nora goazen”, agertu du Arantza Camarerok, Bilbo Zaharra euskaltegiaren ordezkariak.

Aldundiko Euskara zuzendaria den Xabier Arauzoren esanetan, “euskaraz irakurtzea ezinbestekoa da norbere eremu sinbolikoa norbere hizkuntza sinbolikoan jasotzeko”. Modu berean, Koldo Narbaizak, Euskara zinegotziak, ekimenaren garrantzia azpimarratu du. “Ezinbestekoa da denboran irautea, era berean, ideia eta proiektu berriak behar ditugu, Bilbo gero eta euskaldunagoa izateko”, adierazi du.