Arriaga Antzokiak Jakub Józef Orli?skiren kontzertua hartuko du datorren ostiralean. Hain zuzen ere, kontratenor poloniarra errezitaldi formatuan arituko da Michael Biel pianistarekin arratsaldeko 19: 30etatik aurrera. Sarrerak dagoeneko salgai daude 15 eta 36 euro arteko prezioan (deskontuekin) eta antzokiaren webgunean eta leihatiletan eros daitezke.

The New York Timesen hitzetan, 'musika klasikoan gorantz doan izarra' da eta, denbora gutxian, Orli?ski mundu mailako kontratenor garrantzitsuenetako bat bihurtu da, Youtuben milioika bisita biltzen dituzten emanaldiekin; bereziki azpimarratzekoa da Aix-en-Provence jaialdian egindako Vedrò con mio diletto (Vivaldi) obraren interpretazioa, zeinaren grabazioa oso birala egin baizen. Kritikariek bere kantuaren fintasuna, dotorezia, txukuntasuna eta goxotasuna nabarmendu ohi dituzte, berezko musikaltasuna transmititzeko gai delarik.

Warner/Erato zigiluko artista esklusiboa da eta Opus Klassik saria lortu zuen bere lehen diskoarekin (Anima Sacra). Gramophone saria ere jaso zuen 2019an, artista gaztearen kategorian. Bere bigarren albuma (Facce d'amore) 2021eko International Opera Awards sarietan saritu zuten. Gainera, joan den abenduan, New Yorkeko Metropolitan Operan debuta egin zuen, Eurydice operan Orfeorena eginez.

Arriaga Antzokiko bere debuta zirraragarria izango dela aurreikus dezakegu, Purcell egile barroko handiaren piezen aukeraketa bat interpretatuko baitu, baita Händel edo Fux bezalako egileen obrak. Gainera, New Yorkeko Juilliard Schoolen zeudenetik beti gogoan izan dituzten poloniar autoreen konposizio batzuk ere interpretatuko dituzte errezitalean Orli?skik eta Bielek, orain Farewells disko berriaren errepertorioan daudenak, Mieczys?aw Kar?owicz-enak edota Stanis?aw Moniuszko-renak adibidez.

Breakdance-aren izarra

Jakub Józef Orli?skiren indarra agertokietatik harago doa, eta musikarekiko duen grinak dantza urbanoko estiloekiko zaletasun biziarekin bat egiten du, breakdancearekiko zaletasunak, batez ere.

Gainera, bere lanbide nagusia ez bada ere, ez da hasiberri hutsa, ekitaldi eta txapelketetan parte hartzen baitu eta lorpen handiak egin baititu, hala nola laugarren postuan geratzea Red Bull BC One Poland Cypher lehiaketan, bigarrenean Stylish Strike-Top Rock Contest txapelketan eta bigarrenean The Style Control Competition lehiaketan, batzuk aipatzearren.