Historia, kontatua izan den bezala, gizonek idatzia, gizonen begiradatik eraikia eta gizonek jasoa izan da. Ondorioz, emakumerik ez zela izan uste izateko joera dago maiz, arloa edozein delarik ere. Berdintsu gertatzen da artearen historiaren kontakizun ofizialarekin. Emakume artistarik izan ote da? Galdera horrek sortzen zien zalantza eta ezinegonean arakatzen jardun dira Haizea Barcenilla eta Garazi Ansa. Itaunari ez diote ahoz edo idatziz erantzun, baizik eta itzalekoa argitara ateraz. Donostiako San Telmo museoaren paretetan eskegi dituzte eskultoreen, zeramikagileen, ilustratzaileen, jostunen… lanak. Aitortu nahi izan dituzte Mari Puri Herrero, Julia Alcayde Montoya, Laura Estevez, Asun Balzola, Victoria Montolivo, Esther Ferrer etab. luze bat. Denen izenak, izanak eta obrak jasotzen dituen erakusketa da emaitza.

Orotara, 70 emakume artista ingururen lanak biltzen dituen Baginen, bagara. Emakume artistak: Ikusgarritasun(ez)aren logikak erakusketa dago ikusgai San Telmo museoan. Erakusketak museoaren berezko bildumaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gordailua artelanekin dago osatua. Martxoaren 13ra arte bisitatu ahalko da, eta jarduera paralelo ugariz jantzi dute egitaraua antolatzaileek.

Komisario lanetan jardun dira Barcenilla eta Ansa, eta uneoro argi izan dute erakusketaren abiapuntua: “Gure premisa da emakume artistak bazirela, existitu zirela; betiere kakotxen artean hartuta, artea zeri esaten zaion kontuan hartuta”, azaldu du Barcenillak. Baieztapen horretatik jaio da erakusketaren izenburua; izan ere, emakume artisten existentzia zalantzan jarri izanak badu bere arrazoiketa: “Momentu batzuetan historian artea oso gauza zehatz bati deitu izan zaio eta estrategia batzuk jarraitu dira emakumeak horietatik kanpo uzteko, guk sistema horiek nola eraiki diren sistema horiek berez baziren emakume horiek itzaletan uzteko aztertu dugu”. Izanaren eta ikusgarritasunaren arteko kontraesana arakatu dute komisarioek.

Abiapuntu horrekin lanari ekiteko amua San Telmo museoak jarri zien Barcenilla eta Ansari. Izan ere, museoak berak bere bildumaren inguruko gogoeta egiteko gonbita luzatu zien komisarioei. Horrela, aztertu eta bildu nahi zuen nolako presentzia eta garrantzia zuen emakumeek egindako arteak museoaren beraren bildumetan. San Telmoko bildumako aleekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gordailua bildumaren zenbait pieza eta Kutxa Fundazioaren obrak ere bildu dira erakusketan. Bi urteko ikerketa lanaren emaitza da San Telmon ikusgai dagoena.

kukutze mekanismoen erraietan

Emakume artisten erakusleiho izateaz gain, urrats bat harago doan ariketa egin dute Barcenillak eta Ansak. Historikoki emakume artistak ikusezin mantentzea ahalbidetu dituzten patroiak arakatu eta aztertu dituzte. Batik bat, lau bazterketa metodo sailkatu dituzte komisarioek. Erakusketa, ostera, bost gunetan banatuta dago.

Lehena, artearen definizio hertsia: “Lehenengo esklusio sistema izango litzateke hori, zuzenean artetzat ez hartzea, zenbait lan artearen kategoriatik kanpo uztea”. Horiek dira, besteak beste, brodatuak, oihalgintzako lanak eta zeramikako piezak. Barcenillak azaldu duenez, mota horretako sorkuntza piezak emakumeek eginak zirenez, hauek artetzat aitortzen ez zirenean erabat kanporatzen zituzten emakumeak.

Komisarioek aztertu duten bigarren bazterketa mekanismoa errepresentazioarekin eta gorputzen irudikapenarekin lotua dago. Logika hau agerian uzteko emakumeek eurek egindako zenbait autoerretraturen lanak eskegi dituzte museoan: “Autoerretratuaren bitartez landu dugu nola emakumeek egin duten saiakera euren buruak modu ezberdin batean irudikatzeko topikoetatik at”, adierazi du Barcenillak. Are, bereziki 90eko hamarkadatik aurrera emakume ugarik erabaki zuten gorputza beraien artelanen zentroan jartzea eta asko dira gorputzaren inguruko gogoeta egin zutenak. Emakumeen presentzia atalean zintzilikatu dituzte gorputzaren irudikapenari dagozkion lanak.

Emakume edo gizon pintatzea

Emakume eta gizon kategorien bereizketari lotuta dauden beste bi kanporatze logika identifikatu dituzte. Komisarioen hitzetan, historikoki baztertuak izan dira “emakumezkoen gaiak” deiturikoak. Izan ere, ohikoa izan da emakumezko artistek euren artelanetan eguneroko eszenak, naturako elementuak edo erretratuak jaso izana. Historikoki, eta irakurketa ofizialaren arabera, gaitegi hauen lanketa emakumezkoen “gaitasun faltarekin” lotu izan da. Erakusketaren antolatzaileek, ostera, bestelako arrazoiketa plazaratu dute: “Emakume artistek ez zeukaten tailerrik, ez zeukaten dirurik modeloei ordaintzeko, akademian ezin zuten biluzia pintatu… orduan logikoa da inguruan zutena pintatzea. Guk aldarrikatu nahi izan ditugu gai ustez femenino horiek eta aldarrikatu ez direla bigarren mailakoak”.

Gaitegia ez ezik, pintatzeko era maskulinoa eta femeninoa dagoela nabarmendu da artearen historian maiz. Betiere, emakumezkoen azpiratzea legitimatzeko moduan egin da bereizketa; hau da, emakumezko batek modu maskulinoan pintatzea laudorio gisa esan izan da. Genero arrakala horren zirrikituetan oinarrituta dago erakusketaren Sistemaren arauak atala. Bertan jasotzen dira, hain zuzen, erakusketan dauden gizonezkoen lan apurrak. Hain justu, maskulino femenino kategorien deseraikuntzarako baliatu dituzte gizonezkoen artelanen horiek: “Jarri ditugu batetik bere garaian maskulinotzat hartu ziren emakumezkoan koadroak, eta gero, aldiz, femenino deituriko atalean bi gizonek pintatutako koadroak daude”. Ariketa sinplea bezain adierazgarria egin dute komisarioek, kontraesana azaldu ordez, erakutsi egin dute. Barcenillak aipatu duenez, horrela agerian utzi nahi izan dute epaitzen dena artistaren sexu biologikoa izaten dela koadroan errepresentatzen dena bainoago.

Xehatutako lau logika horiek ordenatzeko bi planotan bereizi dute orotara bost gune dituen erakusketa: batetik, diskurtsoaren deseraikuntza, eta, bestetik, berrikusketa historiografikoa.

Bazirelako bagara

Erakusketa zabalari bukaera “goxoa” eman nahi izan diote komisarioek, eta “plazer estetikora” bideratutako Bagara gela atondu dute erakusketaren azken atal gisa. Bertan, belaunaldi ezberdinetako emakume artisten piezak bildu dituzte. Bada, atal horretan aurki daitezke erakusketako piezarik zaharrena eta berriena; eta, tartean, beste asko. Denek dute ezaugarri komun emakumeek sortuak izan direla edozein delarik ere garaia, gaia edo sortze testuingurua. Txatalez eraturiko horma irudi erraldoia bailitzan, artearen historiaren genealogia propioa osatu dute. “Gela horretan testua desagertzen da, eta erakutsi nahi dugu zein ederra izan daitekeen emakumezkoen lanez osatutako gela bat: denak elkartzen dira bertan, eta emakumeen arteko ahizpatasuna eta oinordekotza aldarrikatu nahi genituen bukaera horrekin”.

Gezur historikoak iraultzea

Froga fisiko bat da erakusketa; ukigarria, ikusgarria, zenbait baieztapen deuseztatzeko ekintza zuzena. Izan ere, Barcenillak azaldu duenez, maiz entzun behar izan du emakume artistarik ez dela egon; behintzat, garai batzuetan. “Gezur historiko” hori irauli asmoz, bizpahiru helburu atxiki dizkiote egindako lanari. Lehena, museoaren gainean eragitea. Museoaren bilduman eta erakusketetan gizonen nagusitasunaren inguruko hausnarketa bultza-tzea. Hori dagoeneko lortzen ari direla uste dute komisarioek. Horrekin batera, emakume artisten existentzia erakustea eta artearen historiaren inguruko gogoeta ere bultzatu nahi izan dute. Erakusketa bada zentzu batean “Euskal Herriko artearen historia ez zen bakarrik Txillida eta Oteiza” ikusarazteko modu bat.

Erakusketaren eraikuntza aberasgarria bezain zaila izan dela aipatu du Barcenillak, izan ere, sarritan hutsetik hastearen sentipena izan dute komisarioek. Emakumeen aitortza ezak beraien inguruko informaziorako sarbidea zaildu du, eta kasu askotan, obrak eta izenak besterik ez dituztela aitortu dute.