Aurtengoa ez da antolakuntzak nahiko lukeen Azoka izango, baina neurriei egokituta antzeratzen saiatuko dira. Hortaz, beste urte batzuetan bereizgarri izan dituen guneak berreskuratuko dira: hau da, Szenatokia, Irudienea, Kabi@, Ahotsenea, Saguganbara, Azoka Telebista eta Talaia, Areto Nagusiaren lekukoa izango duena. Horietan emango da 2021 honetako uzta oparoaren berri. Izan ere, lan berriak aurkezteko eskari handia egon dela aitortu zuten atzo. Batez ere literaturaren alorrean. Hori dela eta, bi gunetan plazatuko dira nobedade literarioak: Landakoren atzealdean atondutako aretoan eta Musika Eskolan.

Horrela azaldu zuen atzo Izaskun Ellakuriagak. Izan ere, literatura eta musika lantzen dituen Ahotsenea espazioan ezin izan diote lekua eman proposamen guztiei. "Hala ere asko eta asko dira aurkeztuko diren literatura eta musika lanak", argitu zuen. Horrela 70 nobedade literario aurkeztuko dira: besteak beste, Eider Rodriguez, Leire Vargas, Alaine Agirre, Lander Garro edota Aritz Galarragaren lan berriak. Musikari dagokionez, ordu erdiko 50 kontzertu antolatuko dira Plateruenan. Anari, Bulego, Skakeitan edota McOnak ikusteko aukera izango dute izena aldez aurretik ematen dutenek.

Irudienea espazioan, berriz, 35 film egongo dira ikusgai Zugaza zinemetan: 12 film labur, 11 dokumental, hiru film luze, bi aurkezpen, lau estreinaldi eta hiru film haur eta gazteentzat. Aurreko urteko Sormen beka irabazi zuen Bañolet websaila aurkeztuko da horien artean. "Emakumeak euskal zinemagintzan dagokien espazioa bereganatzen ari dira eta aurtengo programa horren seinale izango da", azaldu zuen Johana Olabarriak. Halaber, ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia aldarrikatzen duen Pantallak euskaraz ekimenaren berri ere emango da Azokaren lehen egunean.

Arte eszenikoen alorrari dagokionez, egunero ikuskizun bat eskainiko da: guztira hiru antzerki, dantza garaikideko emanaldi bat eta poesia errezitaldi bat izan dira. Arantza Arrazolak azaldu zuenez, "gazteen sorkuntzak protagonismo handi izango du". Izan ere, Jon Ander Urrestiren Tribiz baserri galdua edota Galder Perezek zuzendutako Lurrun minez lana ikusteko aukera egongo da.

Ikasle egunik egongo ez den arren Saguganbarak txikienentzako programazioa prest izango du. Marina Agirrek agertu zuen bezala, familientzako tailerrak, ipuin kontalariak, jolas tailerrak, musika ikuskizunak edota sormen tailerrak egongo dira. Ohiko espazioan kokatuko da, Elkartegian, nahiz eta saio batzuk Landakoko Areto Nagusian ospatuko diren.

"Eremu digitala sortzaileak publiko ezberdinekin harremanetan jartzeko espazioa da baina sortzeko baliabide eta bidea ere bada", esplikatu zuen Diana Francok Kabi@ guneraren programazioa hiru ataletan antolatuko dutela argudia-tzeko. Horrela, Geruza digitalak izeneko hitzaldi laburrak, sorkuntza digitalaren inguruko mahainguru bat eta txikientzako lantegia izeneko jarduera eskainiko dituzte.

"Talaia Azokan beti egon den gune bati eman diogun izendapen berria da", argitu zuen Izaskun Ellakuriagak. Bere esanetan, literatura lanez gain, beste argitalpen batzuk ere presentzia handia dute Azokan: dibulgazio lanak, euskal gaiei buruzko monografikoak, ikerketa lanak... "Egitasmo askoren erakuslehio bilakatzen da Azoka eta askoren hazia ere bada. Eragile ezberdinekin elkarlanean, gogoeta gune ere izaten da Azoka", iritzi zuen Ellakuriagak, egitarauan zehar ezkutatuta egon arren "altxorrak" diren ekimenak bila-tzeko deia luzatu baino lehen.

'Streaming' bidez

Azoka TB

Bi kanal. Programazioren zati handi bat etxetik ikusi ahal izango da. Izan ere, urtero bezala, Azoka TB ekimenak jarraipen zabala emango du, Areto Nagusian eta Plateruenan gertatzen den guztia 'streaming' bidezko bi kanal ezberdinetan eskainiz. Gainera, EITBrekin lankidetzan, egunero saio berezi bat eskainiko dute.