Eguzki-sistemaren 40 argazki biltzen dituen 'Beste mundu batzuk. Bidaia bat eguzki-sisteman zehar, Michael Bensonen eskutik' izeneko erakusketa izango da bilbon. Gaur goizean, azaroak 16, lanaren inaugurazioa ospatu egin da.

Bertan izan dira Nekane Alonso Berdintasuneko zinegotzia, Ángel Garabieta CaixaBankeko Euskal Herriko zuzendari komertziala eta Sonia Sáenz “La Caixa” Fundazioaren Euskal Herriko lurralde-ordezkaria, Kike Herrero komisarioarekin batera.

Zenbait espazio-misiotan ateratako, eta, gero, Michael Benson argazkigile, artista eta idazle estatubatuarrak hautatu eta prozesatutako erretratuak dira denak.

“La Caixa” Fundazioen helburu nagusietako bat da gizarteari kultura, zientzia eta ezagutza hurbiltzea. Izan ere, dibulgazioa pertsonen hazkundea sustatzeko funtsezko tresna da, eta, horren harira, erakunde biak lankidetzan ari dira, ezagutza adin eta prestakuntza-maila guztietako ikusleen esku jartzeko.

«Artea kalean» programaren bitartez, “La Caixa” Fundazioak mundu osoan ezagunak diren artisten lana erakutsi nahi du, eta Bilbo aire zabaleko museo bihurtu. Oraingo honetan, artea eta zientzia uztartu dituzte. «Artea kalean» programa 2006an abiarazi zuten, eta, ordutik, modernitatearen erreferente diren egileen lanak hurbildu dizkiete herritarrei: Auguste Rodin, Henry Moore edo Sebastião Salgado izan dira ekimenaren protagonistetako batzuk. Orain, Bensonen eskutik, zientzian eta naturan oinarritutako ildo berri bati ekin dio programak.

Zientziaren zale amorratua da Benson. Jatorriz zuri-beltzekoak diren irudiak tratatzen ditu, zenbait filtroren bitartez, eta, horiek konbinatuta, koloretako beste irudi batzuk sortzen ditu. Batzuetan, ehun argazki ere erabil ditzake erakusketan ikusgai egongo direnak bezalako etenik gabeko mosaikoak eratzeko. Gaur egun, oraindik ere, giza eragin zuzenetik harago dauden panoramiko liluragarriak dira.

Gaueko ortzia erakargarria izan da gizadiarentzat zibilizazioaren historia osoan zehar. Ordea, gizakiak ez ziren espazioa esploratzen hasi 1957ra arte: urte hartan jaurti zuten Lurra orbitatu zuen lehenengo satelitea. Ordutik igarotako zazpi hamarkadetan zehar, eguzki-sistema osatzen duten askotariko munduen lehen ikerketa handiak egin dira, eta ausardiaz betetako eta garrantzi handiko historia sortuz joan da. Ekarpen horietako batzuk dira, hain zuzen ere, «Beste mundu batzuk» erakusketako irudiek transmititzen dituztenak.

Espazioa ikertzen hasi zirenetik, ikusi dugu gure planeta perla baten neurrira txikitzen zela hasieran, eta pixel baten dimentsioetara gero, gure ordezkari robotikoek gizakiok sekula bisitatu ez ditugun tokietara egindako bidaien ondorioz. «Beste munduak» erakusketaren ikuspuntutik, bidaia horietan bildutako ondare bisuala balioetsi behar da bai zientifikoki duen garrantziagatik, baita argazkigintzaren historiako aparteko kapitulu bat bezala ere.

Lan horren emaitzak konfirmatu egiten du, grafikoki, Konstantín Tsiolkovski hegaldi espazialen ameslari errusiarrak 1912an egindako izaera programatikoko baieztapen hura: «Lurra da gizadiaren sorburu edo “seaska”; baina ezin da betirako “seaska” batean bizi».

MICHAEL BENSON, IDAZLEA, ARTISTA ETA ZINEMAGILEA

Michael Bensonek (1962ko martxoaren 31) artea eta zientzia elkartzen diren puntuan lan egiten du. Idazlea, artista eta zinemagilea, azken hamarkadan nazioarteko zenbait erakusketa egin ditu, planeta-paisaien argazkigintza gai hartuta. Hala, bada, espazio-agentzia nagusiek planeta-misioetan egindako jatorrizko argazkiak hartu, horiek prozesatu, eta formatu handiko paisaiak sortzen ditu. Mosaikoak editatu eta osatzen ditu, eta, azkenik, irudi horiek optimizatu, eta gaur egun giza eragin zuzenetik harago dauden paisaien argazki perfektuak egiten ditu.

2016an, «Otherworlds: Visions of our Solar System» erakusketa inauguratu zuen Londreseko Natura Historiaren Museoko Jerwood Galerian, Brian Enok ekimena girotzeko propio sortutako Deep Space konposizioa lagun. Ordutik, erakusketak egin ditu Vienako Natura Historiaren Museoan eta Queenslandeko Museoan, Brisbanen (Australia).

Estatuan, berriz, erakusketa ikusgai egon zen CosmoCaixan, “La Caixa”ren Bartzelonako Zientziaren Museoan, 2018an. Bestalde, idazleak 2014an argitaratutako Cosmigraphics: Picturing Space Through Time liburua finalista izan zen Los Angeles Timesen Book Award deialdian. Eta bere azken lana, Space Odyssey: Stanley Kubrick, Arthur C. Clarke and the Making of a Masterpiece, non 2001: a space odissey filma aztertzen duen, argitaratu egin da, filmak 50 urte bete dituela eta.

Orain, «Beste mundu batzuk. Bidaia bat eguzki-sisteman zehar, Michael Bensonen eskutik» erakustaldiaren moldaketa bat dago Estatuan, “La Caixa” Fundazioaren eskutik. Bilbora iritsi da, Kordobatik, Albacetetik, Lugotik, Kartagenatik, Ciutadellatik, Zamoratik, Fuengirolatik, Badajozetik eta Palentziatik igaro eta gero, eta gurean egongo da 2021eko abenduaren 16ra arte.