Datorren asteartean, azaroak 16, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Berna González Harbour eta Jon Arretxe idazleek eleberri beltzari buruzko hitzaldi bat eskainiko dute Bidebarrieta Kulturguneko liburutegiko ekitaldi aretoan. 'Dena ez da beltza' izeneko hitzaldia 'Elkarrizketak Liberaturarekin' zikloaren barruan antolatu dute.

Bertan jardungo dira eleberri beltzak irakurleei eragin ahal dien morboaz, eta eztabaidatuko dute zergatik ote dagoen literatur genero hau boladan, ondo saltzen delako edo irakurleengana ondo iristen delako.

Barna González Harbour idazleak Dashiell Hammett 2020 saria irabazi zuen, "El sueño de la razón" eleberriarekin; saria Gijongo Aste Beltzak ematen dio gaztelaniazko genero beltzeko eleberririk onenari. Berak sortua da Ruiz komisarioa pertsonaia, eta, idazlea, Paco Camarasaren esanetan, Espainiako gaztelaniazko literatura beltz eta krimenezkoaren "bederatzi berrienetarik" bat da; finalista izan zen sari horren 2018ko lehiaketan ere, "Las lágrimas de Claire Jones" eleberriarekin, eta 2020ko José Estrañi saria irabazi zuen, Kantabriako liburu-saltzaileek ematen dutena; halaber, hainbat literatur lehiaketatako epaimahai-kide izan da. Bestalde, kazetaria, analista politikoa eta kultur gaietako laguntzailea da. El País kazetaren zuzendariordea da, eta Babelia gehigarriaren editorea ere izan zen, eta berriemaile ere bai gatazkan ziren herrialde anitzetatik. Liburuen gaineko¿Qué estás leyendo? izeneko saioa zuzentzen du, eta Cadena Ser irrati kateko "Hoy por hoy" solasaldian parte hartzen du. Oraintsu argitaratu du "El Pozo" liburua, kazetaritza sentsazionalistaren kritika gogor bat.

Jon Arretxe, bestalde, euskal filologiako doktorea da, gorputz hezkuntzako lizentziatua ere bai, eta piano eta kantu ikasketak ditu eginak Bilboko eta Gasteizko kontserbatorioetan. Arlo anitzeko egile arrakastatsu honek literatur sorkuntza du lanbide, eta, gainera, hitzaldiak ematen ditu bere liburuen edo bidaien gainean; bestalde, operako abeslaria ere bada, eta Bilboko Operako eta Iruñeko Operako abesbatzetako kide da. Bere lehen lana argitaratu zuenetik 1991n, bidaia-literaturan aritzen da batik bat ("7 kolore"; "Tubabu" edo "Oroituz"), eta baita eleberri beltzaren sailean ere ("Xahmaran", "Fatum"). Sail horretakoa da, baita ere, Tangerreko Ametsak.

Ekitaldia eroaten Juan Carlos Rojo kazetaria arituko da.

Bidebarrieta Kulturgunea Bidebarrietako Liburutegian kulturari eskainitako espazioa bat da. Haren helburuen artean kulturaren, literaturaren eta zientziaren garapena eta sustapena daude.

Sarrera doakoa eta librea da, aretoa bete arte. Bertara joan gabe ere izango da aukera aurkezpena ikusteko, web orrian, streaming bidez.

Euskadin covid-19ak eragindako larrialdi sanitarioko egoera amaiturik, eta prebentzio-neurri batzuek indarrean dirautenez, Bidebarrieta Kulturguneko ekitaldietan aretoa bete arte sartu ahalko da jendea, kopuru-mugarik gabe, baina maskara janztea nahitaezkoa izango da.