Museum Cemento Rezolak “Hiria pentsatu” erakusketa hartzen du gaurtik 2022ko martxoaren 26ra arte. Cementos Rezola-HeidelbergCement Group taldeak jakinarazi duenez, "Hirien eraldaketa eta etorkizuna ingurumen arloko jasangarritasunaren eta gizarte-hirigintzaren klabeetan pentsatzera gonbidatzen duen eta herritarren partaidetzan oinarritu den proiektu baten emaitza da".

Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, erakusketan hauek hartzen dute parte: Mugak Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Biurtekoak, Urbanbat-ek, ETSAk (Arkitektura Goi Eskola Teknikoa - EHU), Atzegik, IZA-Matia Fundazioa zentroak, Elkartuk, Gure Kabia erretiratuen etxeak, Amassorrain ikastolak, Altza Herri Ikastetxea SJC HLHIk, Axular Lizeoak, Zuhaizti ikastolak eta Intxaurrondo Hegoa ikastetxeak.

Inaugurazio-ekitaldian hauek hartu dute parte: José María Echarri Cementos Rezola-HeidelbergCement Group-eko Ohorezko Presidenteak; José Ángel Medina Mugak Euskadiko Nazioarteko Arkitekturaren III. Biurtekoko komisarioak; eta Antonio Nolasco Añorgako Cementos Rezola fabrikako zuzendariak.

José María Echarri Cementos Rezola-HeidelbergCement Group-eko Ohorezko Presidenteak, Cementos Rezola-HeidelbergCement Groupek museoarekin eta Añorga auzoarekin duen konpromiso historikoa, egungoa eta etorkizunekoa adierazi du: “Aldi baterako erakusketa hau bezalako ekimenek enpresak inguruko kolektiboekin duen harremanean sakontzea dute helburu”.

José Ángel Medina Mugak Euskadiko Nazioarteko Arkitekturaren III. Biurtekoko komisarioak, “‘Hiria pentsatu’ erakusketaren kalitatea, originaltasuna eta maila” azpimarratu ditu; “izan ere, Mugak Arkitektura Biurtekoaren erronka, arkitektura herritar guztiei hurbiltzeko egiten duen ekarpena da, zalantzarik gabe”.

Antonio Nolasco Añorgako Cementos Rezola fabrikako zuzendariak adierazi duenez, “erakusketa honekin Museum Cemento Rezolak lanerako gune aktiboa sortu du hiriaren eraikuntzan, jasangarritasunaren eta gizartearen garapenaren ikuspegietatik. Era berean, laneko gune gogoetatsua eta aktiboa sortzen laguntzen du, hurbilen dagoen ingurunetik abiatuta hiria eraikitzeko: Auzotik”.

“Hiria pentsatu” ariketa kolektiboa da, eta herritarrei dei egiten die hiriak eraikitzeko eragile aktibo gisa jar daitezen, ingurumen-jasangarritasunak eta gizarte-hirigintzak hiri bizigarriagoa, erresilienteagoa eta ez hain gogorra sortzea ahalbidetuko duten espazio publikoa erabiltzeko modu berriak azter ditzaten.

Ekimenaren helburua, jendea bizi den espazioen erabilera berriro pentsatzeko eta espazio horiek eraldatzeko tresna bilakatzeko abiapuntua izatea da.