Azaroan Arriaga Antzokiak bisita gidatuak berriro hartuko ditu bere bazter guztiak ezaguntzeko publikoei. Zehazki, bere ateak irekiko dira azaroaren 6an eta bisita hauek euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eskainiko dira 30 pertsonako taldeetan egiteko. Antzokiak jakinarazi duenez, gaur bertan salmentan ipini dira sarrerak: 5 eurokoa, orokorra, 3 eurokoa mugikortasun urria duten pertsonentzat eta doakoa 18 urtetik beherakoentzat eta ikasleentzat.

Pandemiaren ondorioz bertan behera utzi ziren 2020ko martxoan eta orain, 20 hilabeteren ondoren, Arriaga Antzokiak, 1890ean eraiki zen eta Monumentu Artistiko izendatuta dagoen arkitekturako harribitxi horrek ateak parez pare irekiko ditu, hiriko Alde Zaharreko atea eta Euskadiko zein estatu mailako Kulturaren sinbolo den Bilboko eraikin enblematiko hori ezagutu nahi duten guztientzat. Oinezkoak begi bistan dauka bere arkitektura neo-barrokoa, baina hemendik aurrera bisita gidatuei esker jende guztiak barruko diseinu eta arkitektura berezia ezagutzeko aukera ere izango du.

Gaur bertan, ostiralean, hilaren 22an jarriko dira salgai bisita gidatuetarako sarrerak, online zein leihatilan. Garrantzitsua da aipatzea bisiten egutegia jarduera eszenikoaren araberakoa dela, eta une bakoitzean antzokiaren baitako espazioek duten okupazioaren araberakoa. Beraz, bisitak ez dira astebururo egingo. Baina, bisitak daudenean, larunbatetan eta/edo igandeetan izango dira beti, hori bai. Egutegi zehatzaren berri izan nahi baduzu, kontsultatu www.teatroarriaga.eus webgunea edo jo arreta pertsonalizatuko guneetara, hau da, leihatilara edo Informazio Bulegora.

Oraingoz, Arriaga Antzokian bisita gidatuak egiteko aurreratu ditzakegun datak 2021 amaitu aurrekoak dira: azaroan, hileko bi larunbatetan egongo da antzokia ezagutzeko aukera, zehazki, 6an eta 27an, eta bi egun horietan hiru hizkuntzetan eskainiko dira bisitak: ingelesez 11:00etan, euskaraz 12:00etan eta gaztelaniaz 13:00etan.

Abenduan, hilaren 4an, larunbatean, gaztelaniaz izango dira bisitak, 12:00etan eta 13:00etan, eta igandean, hilaren 5ean, bisita euskaraz (12:00etan) edo ingelesez (13:00etan) egiteko aukera egongo da. Data gehiago ditugu baieztatuta datorren urteko urtarriletik aurrera, eta Arriagaren webgunean kontsultatu ahal izango dituzu, hitzordu gehiago programatu ahala eguneratuko baitugu.