"Badirudi liburu hau norbaitek bedeinkatu egin duela", aitortu zuen atzo Pello Lizarraldek Argiantza. Ez da gutxiagorako. Lehenik irakurleek ematen duten 111 Akademia Saria jaso zuen, eta, gero, Kritika Saria heldu zen. Atzo iragarritako Euskadi Literatura Sariarekin liburuaren harrera ahobatez biribiltzea lortu du ibilbide luzeko idazle gipuzkoarrak. Eskarmentu handikoak dira, era berean, jakinarazitako beste bi saridunak: Anjel Lertxundi, Euskarazko Haur eta Gazte Literaturan, Haltzaren Muinoa lanagatik, eta Joxan Elosegi, Euskarazko Literatura Itzulpenean, Nik kantatu eta dan-tza egiten du mendiak obragatik.

Pozez agertu zen atzo Pello Lizarralde (Zumarraga, 1956) beste sari bat gehitu ondoren. "Liburu honekin, gainera, iritzi asko eta asko iritsi zaizkit. Eta hori da nahi izaten dena, inork ez du nahi bere liburua oharkabean pasatzea", agertu zuen 2002an ere Larrepetit nobelarekin Euskadi Saria irabazi zuen autoreak. Hala ere, ezkor agertu zen sarien harira salmentak areagotzeko aukeraren aurrean, bere irakurlegoa oso ondo ezagutzen duela argudiatuz: "Beti izan ditut jarraitzaile fidelak, horretan zortea izan dut. Baina ez naiz saltzaile ikaragarria. Uste dut sariek eragin txikia dutela". Edonola ere, itzulpena abian dela aitortu zuen. "Dagoeneko badago bertsio bat eta argitaratuko balitz, poza hartuko nuke", konfesatu zuen, itzulpena banaketa ona duen argitaletxe baten esku egotea estimatuko lukeela gaineratu aurretik. Izan ere, itzulpenak, sarri, "hizkuntza txikietako liburuen hilerrian gelditzen dira".

Epaimahaiak azpimarratu duenez, liburuaren inguruan eraikitzen duen "atmosfera harrigarriak" erabat harrapatzen du irakurlea. Era berean, "ahots-narratiboari dagozkionak trebeki erabiliz, indar liriko handiko deskribapenak baliatuz, maisutasunez eraikitako kontakizuna" eskaintzen duela goraipatu du. "Gauza txikiak hartuz giroak sortzea gustatzen zait. Nik ez ditut maite pertsonaien deskripzio psikologikoak, ezta gorabehera handiko narrazioak. Baina giroa zehaztu behar denean iruditzen zait poliki egin behar dela. Zinemaren eragina dudala aipatzen dute, ez dago zalantzarik, zeren eta oso zinemazalea naiz, baita gauzak pausaz hartzen dituen literaturaren zale", zehaztu zuen idazleak berak.

Saritutako eleberria 1982an kokatzen du Lizarraldek. Zinema-aretoen gainbehera ez ezik industria birmoldaketa sakonak ezagutu zituen garai oso baten hondamendia ere aztertzen du Ramon Beitia protagonista duen istorioak. "Nire liburuetan sekula ez da datarik agertu orain arte baina hemen beharrezkoa ikusten nuen; hain zuzen ere, nire ustez, aspaldian bizi dugun galera eta gainbehera urte haietan hasi zelako. Bizi dugun sistemak koska bat estutu zuen eta garai batean lortutako eskubideak zalan-tzan jartzen hasi ziren. Adituek beti aipatzen dute Thatcher eta Reaganen garaian hasi zela", azaldu zuen Lizarraldek burututako atzerabegirakoari buruz. "Nostalgiarik gabe, gaur egun gertatzen dena ulertu nahian idatzitakoa da", gaineratu zuen.

Guztira, Zazpi sari

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eman zituen ezagutzera atzo lehen hiru saridunak Donostian egindako ekitaldian. Sariak, berriz, datorren azaroaren 18an banatuko dira, Gasteizko Artium Museoan ospatuko den ekitaldian. Aurretik, datorren astean, gainontzeko lau modalitateetako irabazleak iragarriko dira: Literatura Gaztelaniaz, Lan Literarioen Ilustrazioa, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz. Saridun bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu eta beste 4.000 euro jasoko lituzke lana beste hizkuntza batean argitaratuko balitz.

Euskadi Sarietan izen ezaguna da Anjel Lertxundirena (Orio, 1948), aurretik Hamaseigarrenean aidanez Hamaseigarrenean aidanez(1983) eta Argizariaren egunak (1999) nobelengatik saritutakoa baita. 2021ean, berriz, Euskarazko Haur eta Gazte literatura alorrean lortu du ohorea, Haltzaren muinoa lanagatik. "Garai batean haur literaturan lan dezente egin nuen, orduan sariak ez ziren ematen, baina erreferentzia bezala alabak nituen eta hazten joan ziren heinean baztertzen joan nin-tzen", azaldu zuen atzo. "Lehen oso gustora egiten nuen, gero, abandonatu eta bueltatu ostean, saria ematea eskertzekoa da", aitortu zuen. "Beti esaten dut haur literaturaz hitz egiten badugu ere literaturaz hitz egiten ari garela. Eta ume txiki batentzat idazten dugunean, esaldi laburrekin bada ere, irizpide literarioa izan behar dugu kontuan. Zaila da hori behar bezala ulertzea baina ume txiki bati gusta-tzen zaion liburua heldu bati ere gustatu behar zaio", iritzi zuen.

Kasu honetan, obraren kalitate literario "handia" goraipatu du epaimahaiak: "Kapitulu laburrez osaturik dago, aberatsa da tradizioari eginiko erreferentziak direla medio, bai eta idazleei eta gazte literaturako klasikoei; aberatsa, halaber, kontatzeko modu arin, poetiko eta zainduagatik". Euskal literaturako izen nagusienetakoa den Anjel Lertxundik berak liburuaren egitura bidaia batekoa dela azaldu zuen. "Eta bidaia bakoitzean pasarte edo fotografia laburrak daude, flash moduko batzuk, eta testu laburretan kontatuak daude. Uholde batzuen ondoren, ibaia urez beteta doa, eta, nolabait, ibaiaren erritmoa ematen ahalegintzen den narrazioa da", adierazi zuen. Euskal tradizioan arakatzen hasi eta animaliak nola irudikatzen ziren miatu zuen. "Besterik gabe txori bat esan ordez, okilak Euskal Herriko tradizioan nola ager-tzen ziren aztertu eta ahalegindu naiz begirada hori irakurle berriei ekar-tzen", zehaztu zuen.

Atzo iragarritako beste sariduna Joxan Elosegi (Irun, 1955) izan zen. Erronka nabarmena burutu du itzultzaileak Irene Solà idazle katalanak idatzitako Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak. Hala aitortu du epaimahaiak: "Itzulpen honen estiloaren joritasuna nabarmendu nahi genuke, jatorrizkoaren jario orobat bixi eta magikoa euskarara isurtzen asmatu duelako". Frantsesetik, espainieratik, katalanetik zein galegotik hainbat liburu euskaratu dituen Elosegiren esanetan, "itzulpen lan guztiak dira erronka, izan ere gurea ez den hizkuntza batetik itzultzen dugu beti". Katalanetik, konkretuki, beste bi nobela zituen itzulita aurretik. Honakoan, ezaugarri bereziak zituen obrari egin dio aurre: deskribapen zehatz bezain jolastiak, poemak, metafora bihurriak... "Itzultzaile bati zintzotasuna eskatu behar diogu. Beti agertu behar dugu idazleak idatzi duena eta ez besterik. Maila horretan saiatu naiz berak estilo aldetik dauzkan ezaugarri horiek ematen euskaraz. Autoreak berak esan zuen oso ondo pasatu zuela liburua idazten, nik ere gauza bera esan dezaket", aitortu zuen atzo.

"Jarraitzaile fidelak izan ditut, horretan zortea izan dut. Baina ez naiz saltzaile ikaragarria"

Idazlea

"Ume txiki batentzat idazten dugunean, irizpide literarioa izan behar dugu kontuan"

Idazlea

"Autoreak esan zuen oso ondo pasatu zuela idazten, nik ere gauza bera esan dezaket"

Itzultzailea