Zumalakarregi Museoak 2021-2022 ikasturterako kultur eta hezkuntza eskaintza berritua aurkeztu du, ibilaldi ezohikoekin, Ramon Lobo kazetariarekin izandako solasaldiarekin eta mintegi espezializatuekin. Museoak jakinarazi duenez, ekitaldi guztiak Covid-19aren aurkako neurriak errespetatuz antolatuko dira.

"XII. Mutiloa-Ormaiztegi Bide Berde Eguna ospatzeko Bizi ezkutua bisita gidatua ospatuko da irailaren 26an 10:00etan. Iñaki Mezkita Aranburu argazkilari naturalistaren eskutik Mutiloatik abiatuta, bidean topaturiko xomorroetan jarriko dugu begirada, hauek identifikatu eta balioan jartzen erakutsiko digu berak. Ekitaldi hau Zumalakarregi Museoak, Mutiloako udala, Ormaiztegiko Udala, Goierri Turismoa eta Lemniskata Zientzia elkartearen kolaborazioarekin antolatu du. Bisita honez gain, Mutiloako Udaletxeko ganbaran "Bizi ezkutua, Goierriko kronika ikusezina" aldi baterako erakusketa ikusgai izango da irailaren 26tik aurrera.

Zumalakarregi Museoak "Urgullen magalean. Donostiako estanpak" aldi baterako erakusketaren programazioaren baitan, tertulia berezi bat antolatu du. Ramón Lobo gerra kazetariarekin "on line" hizketaldia izango dugu XIX.mendeko gerra ilustrazioen atalari gaurkotasuna eman eta bere bizi esperientzia kontatzeko. Jarduera irailaren 30ean ospatuko da arratsaldeko 19:00etan. Mikel Alberdi, erakusketaren komisarioak dinamizatuko du. Izan ere, kazetariak "on line" parte hartuko du eta Museoak erakusketatik bertatik solasaldian parte hartzeko aukera eskainiko du. Bi aukeretarako, digitala eta presentziala, mzumalakarregi@gipuzkoa.eus helbidean ala 943 88 99 00 telefonoan aurrez izen ematea beharrezkoa da.

Azkenik, irailaren 27 eta 28an Madrilen ospatuko den " Ignacio Larramendi y la dinamización de los estudios históricos sobre el carlismo" nazioarteko seminarioan Zumalakarregi Museoak izango duen partaidetza azpimarratu. Museoak "El carlismo en los Museos" mahai inguruan parte hartuz bertaratzeko gonbitea jaso baitu.

Jarduera horiez gain, gogorarazi nahi dizuegu asteazkenero 11:30etan, irailean zehar, erakusketako komisario Mikel Alberdik gidatutako bisita bat egiten dela "Urgullen magalean. Donostiako estampak" aldi baterako erakusketara.