"Pelikula arina ematen du 'Nora'-k, baina bizitzan zer egiten ari garen galdetzen du"

Lara Izagirreren bigarren lana gaur heltzen da zinema aretoetara iazko Donostiako Zinemaldian estreinatu ostean

03.09.2021 | 01:05
Ane Pikaza, Lara Izagirre eta Iñigo Aranbarri, dyane 6-aren barruan.

Bilbo – Azalean dirudiena baino premisa sakonago bat du abiapuntu Lara Izagirre zuzendari bizkaitarraren euskarazko azken lanak: "Pelikula arina ematen du Nora-k, baina bizitzan zer egiten ari garen galdetzen du". Zinema aretoetara gaur heltzen den film honetan aitonaren heriotzaren ondoren bidaia katartiko bat abiatzen duen 30 urteko neska baten istorioa kontatzen du. Ane Pikaza aktorea da Euskal Herriko txoko fotogenikoenetan grabatu den road trip berezi hau gorpuztearen arduraduna. Bere bidea egiteko orakuluak izango diren bigarren mailako hainbat pertsonairekin egiten du topo: "Batzuetan ez garela inora heldu ematen du, baina heldu gara", diotso trailerrean Itziar Ituñok, berebiziko esangura hartzen duen hausnarketan.

Nora pelikularen ibilbidea duela sei urte hasi zen, atzo Bilbon egindako aurkezpenan Lara Izagirrek berak adierazi zuen bezala. "Orduan idatzi nituen lehen lerroak", azaldu zuen. "Zorionez, 2019an grabatu genuen. Uda hartan oso eguraldi ona egin zuen Euskal Herian. Egun batean baino ez zuen euria egin, eta hori ere azaleratzen da", gaineratu zuen. Estreinaldia iazko Donostiako Zinemaldian izan zen. Baina, ondoren, etenaldi bat egitea erabaki zuten. "Batez ere egoeragatik: arauak egunez egun aldatzen ziren, bakoi-tza ezin zen bere herritik irten... Animoa ere ez zegoen oso goian. Pelikulak espiritu hobea eta argitasuna behar zituen", adierazi zuen Un otoño sin Berlin (2015) film arrakasta-tsuaren ostean burutu duen bigarren lanari buruz. Asteazkenaz geroztik, gainera, zinema aretoek edukiaren %60a bete ahalko dute. "Gure pelikularentzat oso garrantzitsua izan da, euskaraz delako", adierazi zuen pozez Izagirrek.

Grabaketa lanak hasi baino urtebete lehenago Ane Pikaza aukeratu zuen protagonista bezala. Ondoren, berak lagundu zion beste aktoreen castinga egiten. "Honelako pertsonaia bat hasieratik planteatzea oso pisu handia zen eta lagungarria egin zitzaidan bidaia norekin egingo nuen jakitea", argitu zuen aktore bilbotarrak. Horrela osatu zuten Héctor Alterio, Naiara Carmona, Ramón Barea, Klara Badiola, Loli Astoreka, Iñigo Arambarri, Itziar Ituño, Joseba Usabiaga, Kepa Errasti, Aia Kruse eta Peio Berterretche aktoreek betetzen duten zerrenda.

Izagirreren esanetan, ibilbide geldo horretan, apurka apurka eraiki zuten Nora pertsonaia nagusiaren izaera. "Beti esaten dugu Frankenstein antzeko bat dela, ez da ez ni ez Lara; erdibidean dagoen neska bat da", gaineratu zuen Pikazak. "Bada adin bat gauza askotan pentsatzeko: bikotea, familia, lana... aldaketa adin bat da. Agian bera ez da estandar batzuetan sartu eta horren inguruan hausnartzen du. Berezia da Nora bere istorioan, baina jende asko sentitu daiteke identifikatuta, beste egoera batzuk bizita ere", iritzi zuen. "Gogoeta unibertsala da. Pelikula bizitza begiratzeko modu bat da: Nora argia da eta berak argitasunetik begiratzen du, nahiz eta dolu bat bizi", gaineratu zuen zuzendariak.

Energia eta asmoa Duela sei urte abiarazitako proiektua izanik, lehen zirriborroarekin antzekotasun gutxi ditu. "Hasieran Ane eta Pierre, maitasun istorio bat piper artean dei-tzen zen. Prozesuak hain luzeak direnean, eta nire kasuan bizitzak buelta asko eman ditu urte hauetan, badago momentu bat non ezin duzun hasierako istorio horrekin", aitortu zuen Izagirrek. Horrela, Ane Pikaza proiektuan sartu ostean, gidoia guztiz aldatu zuen. "Hasierako bertsio horretatik pelikula gozo bat egiteko energia eta asmoa gelditu dira", adierazi zuen feel good movie bezala deskribatu izan duten lanari buruz. "Lehengo egunean, Bartzelonan, pelikula besarkada bat bezala sentitu dutela esan ziguten. Hori zen asmoa", esplikatu zuen.

Horretarako, hainbat urtez Héctor Alteriok antzezten duen aitona eta lagun baten seme-alabak zaintzen ibili den neska normal baten bizi-tzan murgiltzen dira. "Aitona hiltzeak klik bat sorrarazten du bere barnean eta bidaia bat abiatzen du", azaldu zuen Izagirrek oinordetzan gelditzen zaion Dyane 6 ibilgailu berezian hasten duen bideari buruz. "Euskal Herria ezagutzen dugunok badakigu kostatik egiten duen bidaia hori fisikoki egun batean egin daitekeela; baina berak geldiro egiten du, beste abiadura batera, bere bizi-tzarentzako aldaketa handia baita", dio zuzendariak. Horrela, Zornotzatik abiatu eta Urdaibaiko spot bitxienetan ibiliko da: Laida, Kanala, Busturia eta Ibarrangelua bezalako tokietan. "Aukeratu ditugun kokalekuek Game of Thrones telesailak San Juan de Gaztelugatxerekin egin zuen kontrakoa egiten dute: han handitasuna eta ikusgarritasuna lantzen zen, guk seinaleetan agertzen ez diren txoko txiki eta xarmangarriak aukeratu ditugu", iritzi zuen. Hurrengo zatia Iparralden grabatzen da, Hendaian, Ziburun zein Sokoan, Norak bertara eraman behar baititu aitonaren errautsak.

Bidean hainbat lagun egingo ditu. Pikazaren esanetan, "bazirudien hasieratik zekiela nora nahi zuen joan, baina pertsonaia bakoitza orakulu bat bezalakoa da Norarentzat. Bakoitzak pista bat ematen dio hurrengo pausoa eman dezan". Bide horretan, besteak beste, Iñigo Aranbarrik antzezten duen Josebarekin egingo du topo. "Paddle surf-eko irakaslea da eta Norak bere bidaia berarekin bukatzeko aukera du, airean gelditzen da ea zer gertatzen den", kontatu zuen Izagirrek intriga mantenduz. "Noraren unibertsoa osa-tzen duten pertsonaiek gasolina eman nahi zioten bitartean, nik kendu egin nahi nion", adierazi zuen, txantxetan, Aranbarrik berak, bere pertsonaiari beste itxura bat emateko ahalegina egin duenak. "Nik estereotipoak idazten ditut eta aktoreei pertsonaiak garatzea eskatzen diet". Horrela lortu zuen aktore gipuzkoarrak Noraren bidea eteteko beste indar azaleratzea.

"Lehengo egunean pelikula besarkada bat bezala sentitu dutela esan ziguten. Hori zen asmoa"

Lara Izagirre

Zuzendari eta gidoilaria

"Nora Frankenstein antzeko bat da; ez da ez ni ez Lara, erdibidean dagoen neska bat da"

Ane Pikaza

Antzezlea

noticias de deia