Euskal Museoak bere mendeurrenean egingo duen berrikuntza integralerako proiektua aurkeztu egin du, bihar, uztailak 3, ehun urte beteko dira Etnografia Mueoak eta Arkeologia Museoak bat egin zutenetik.

Antonio Vaíllo eta Juan Luis Irigaray buru dituen arkitektura-taldeak, Jesús Moreno y Asociados estudioarekin batera, Bilboko Euskal Museo berria behin betiko osorik berritzeko proiektua aurkeztu du, Bilboko alkate Juan Mari Aburtorekin, Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbao Ibarrarekin eta museoko zuzendari Sorkunde Aiarzarekin batera.

Eko nekta proposamen arkitektoniko eta museografiko bat da, eta esperientzien museo berri bat lortu nahi du, hainbat atmosferatan murgilduz.

Esku-hartze erabakigarria da munduari gure historia ezagutarazteko, euskal kultura-ondarea balioesteko, museoaren bildumaz herritarrek duten erabilera eta gozamena handitzeko, eta ondare-balioak zabaltzeko. Aldi berean, euskararen presentziari funtsezko papera ematen saiatuko gara, euskararen bilakaera eta bizitasuna ezagutarazten, bere biziberritze-prozesua erreferentea baita nazioartean; horrekin guztiarekin, kide izatearen eta etorkizunerako aukeren harrotasun-mezua proiektatu nahi da. Gizarte bat gara, tokian ondo errotutako kultura bat, baina adarrak munduari irekita dauzkana.

Museografiari dagokionez, proiektua bat dator museoak aldez aurretik egindako "Aretz bizia" plan museologikoaren diskurtsoarekin. Metafora horrek ekarriko du organismo biziaren kontzeptua bere garapen osoan, eta azken ondorioetaraino eramango du, bisitariak benetako esperientziatzat har dezan. Helburua, beraz, ez da kontakizuna "irakurtzea", baizik eta esperimentatzea, berritzaile eta, aldi berean, publiko guztientzat ulergarria den diskurtso batekin. Diskurtso horretan, museoaren bildumako funtsak duindu eta balioetsiko dira, museografiak eta arkitekturak bat egiten duten atmosfera desberdinak sortuz. Erakundeak abangoardiako museoa izan nahi du, iragana errespetatu eta behatzen duena, baina etorkizuna gogoan duena eta bere bildumako pieza bakoitza artelan paregabetzat hartzen duena.

Euskal Museo berriak 3 bolumen handi izango ditu, erakusketa-erabilera erdi-iraunkorrerako bereiziak:

MISERIKORDIA

Espazio honen beheko solairua aurkezpen-gutuna izango da, eta, bertan, lekua emango zaie euskarari, lurraldeari eta ondare antropologikoari -azken hori museoaren funtsetako pieza bitxi ikonikoek ordezkatuta-.

Arkitektonikoki, bolumen hustu handia izateagatik nabarmentzen da, azalpen-lengoaia berriekin eta puntako baliabideekin. Muturretako batean, murgiltze-atmosfera bat sortuko da, maketa multimedia handi bati esker, 4 metroko altuerako espazio horretako oihal edo hormetako batean proiektatuko baita. Hori guztia, bisitariari murgilaldi bat eskaintzeko euskal geografian.

Erdialdean eta harmailetan, bitrina-banku handi bat eta soinu-baliabideak lagungarri izango zaizkigu gure hizkuntza euskal ahotsen bidez ezagutzeko, etengabeko bilakaeran den aberastasuna eta izaera bizia balioetsiz.

Eremu honetako proposamena osatzeko, erakusketa-muntaia bat egingo da, haritz-baso bat simulatuko duena. Ikuslea bertan barneratu ahal izango da, euskal kulturarekin lotutako pieza ikonikoak ikusteko, Gernikako haritz zaharra buru dela.

Miserikordiaren barruan, beste altuera batean, proiektu arkitektonikoaren proposamenik berezienetako bat aurkituko dugu: haritzaren enborra simulatuko duen gela arina edo Aretz bizia. Zurezko estalkia izango du eta formatu handiko piezak izango ditu barruan, eskultura gisa erakusgai. Aldi berean, proiekzioak egingo dira, euskaldunak, haien hobetzeko nahia eta konpromisoa erakusteko, hemen eta diasporan, eta kutsu eszenografikoko espazio bereizi batean.

KLAUSTROA

Museoaren bihotza. Klaustroaren arkitektura gaur egun dagoen bezala errespetatuko da, museoaren erdigune historikoa den eraikinari duintasuna emanez. Paseatzeko moduko leku bat, bildumaren funts antropologikoak biltzen dituena. Bildumaren piezak gure eguneroko artelanen kategoriakoak dira, eta tradizioaren historia txiki batzuk kontatzen dizkiote bisitariari.

Hemen, proiektuaren beste irtenbide arkitektoniko bereizi bat planteatzen da: arku bikoitz bat sortzea, klaustroaren jatorrizko arkuak solairu guztietan erreplikatzeko, eta, horrela, arku-bitrina handiak sortzeko. Era horretan, bildumako piezak hainbat altueratan ikusi ahal izango dira, arte-erakusleihoak balira bezala, beti espazioko argi naturalaren pean.

Klaustro espazioak euskaldunek historian zehar egindako ahaleginaren balioa nabarmendu nahi du, beraien lana, baserria diskurtsoaren ardatz nagusi gisa hartuta, gure bizimodu tradizionalak, erlazionatzeko eta adierazteko moduak.

Gainera, areto erantsiak egongo dira, hainbat arlo jorratzeko, hala nola euskal janzkera herrikoia edo gure identitate politikoari buruzko hausnarketa-gune bat.

UNAMUNO

Leku honek erakutsiko du nola aldatu zen merkataritzako Bilbo, itsasadarraren inguruko lurralde industrial indartsu bat izan arte. Burdina beltzeko bolumen handi bat izango da aretoko buru, eta ikus-entzunezko maketa berri bat edukiko du, Bilboko kontsulatu zaharraren eta lehenengo siderurgien pieza ikonikoekin lagunduta, eta argazki-erakusketa handi batekin.

Eraikin horrekin bat egingo du Gastrolab delakoak, tailerrak egiteko eta sorkuntzarako gastronomia-laborategiak. Aldi baterako erakusketa-aretoak, bisitatzeko moduko biltegi batek edo jakintzarako eremu batek osatuko dute proposamena, besteak beste.

Alabaina, horiek ez dira izango Euskal Museo berriaren erakusketa-gune bakarrak. Beste gune batzuek aukera emango dute etorkizunera begiratzeko eta bilduma berrirudikatzeko, hala nola sormen eta berrikuntzarako "Kukulak".

Proiektua, 15 milioi euroko inbertsioarekin, irabazlea izan zen joan den martxoaren 9an, 9 proposamenen artean, epaimahai profesionalak eztabaidatu ondoren. Arkitektonikoki nabarmentzen da beste hainbat arrazoirengatik.

Kanpotik, jarduerarik garrantzitsuenaren helburua jatorrizko bolumetriak eta estalkiekiko lotura berreskuratzea da. Lotura hori egiteko, proiektuak beheko solairuko lotura indartuko du, patiotik joango den korridore handi argiztatu baten bidez, eta eraikin bakoitzaren komunikazio-guneak indartuko ditu, multzoaren bi zirkuitu nagusiak indartuz: museografikoa eta erabilera osagarriak garatzeko behar dena (Kurtzeko eraikin berri bir-funtzionalizatuan zentralizatuak). Asmoa da Euskal Museo berria osatuko duten eraikinak bateratzea, uniformetasun-sentsazioa emateko.

Ideiak planteatzen du Euskal Museo berrirako sarrera Gurutze kaletik egitea eta ikusgarritasun handiagoa ematea.

Barrualdeari dagokionez, berariaz nabarmentzen dira espazioen minimalismoa eta harrizko paramentu biluzien garbitasuna, bolumen handiak eta berreskuratutako argi naturala, argiztapen-proiektu zainduarekin batera, bai eta material nobleen konbinazioa (harria bera, zura eta altzairua) eta lehen aipatutako soluzio arinak ere, multzoari lengoaia bisual erreferentziala ematen diotenak.

Berrikuntza museografikoa eta arkitektonikoa batuta, Euskal Museoak euskal kulturara sartzeko nazioarteko atea izan nahi du, nortasun propio eta bereizlea duen proposamen baten bidez, izaera abangoardista nabarmenarekin, betiere, gure sustraiak errespetatuz.