Bilboko Udalak ezagutzera eman du noiz ospatuko den Bilboko Kalealdia- Kaleko Antzerkiaren eta Arteen Jaialdia. Aurtengo edizioa ekainaren 28an hasiko da, eta uztailaren 3ra arte iraungo du. Urtero bezala, egitarau zabala eskainiko dute, 58 emanaldirekin.

Bilboko Kalealdiaren XXII. edizioaren aurkezpena gaur goizean izan da, Gonzalo Olabarriak, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotziak, eta Pedro Ormazabalek, Jaialdiaren Zuzendariak emandako prentsaurrekoan. Aurkezpenean, programazioaren aperitibo bat ikusi ahal izan da Malas Compañías Zirko Taldearen "Zirkus" ikuskizunaren eskutik. Zirkus ikuskizunak "Compañía Amateur del Club Deportivo" delakoaren historia kontatzen du, euskal zirkuaren historiako atal eder bat berreskuratzeko asmoz. Karakoil Production konpainiak parte hartu du ere Casilda Iturrizar parkean ikusgai egongo den instalazio artistikoaren lagin txiki bat partekatzeko.

"Bilbo antzerkiarekin eta kaleko arteekin murgildutako hiria izango da aurten ere, nolabait normaltasuna berreskuratuko duen jaialdi honekin. Hori bai, dagozkion segurtasun- eta higiene-neurri guztiekin. Ohiko datetara itzultzen da, eta nazioarteko konpainia ospetsu asko hirira itzultzen dira edizio biribil batean parte hartzeko, estreinaldi ugariekin", azpimarratu du Gonzalo Olabarriak.

Aurkezpenean zehar azaldu duten programazioaren arabera, kulturak, antzerkiak eta arte eszenikoek kaleak konkistatuko dituzte eta protagonista izango dira hiriko udako lehen egunetan, "2021 honetan, Bilboko Kalealdian ere ikuskizunen antzezpen hutsetik haratago doazen proposamenei lekua ematearen alde egiten dugu. Hala, dekorazio- eta arte-instalazioez edo bitartekaritza Laborategia-prozesuekin lotutako esku-hartze artistikoez gozatuko dugu, eta ez dira faltako dantza, zirkoa edo antzerkia bezalako diziplinak ere".

Jaialdia hirian zehar banatutako zortzi agertokitan ikusi ahal izango da: Casilda Iturrizar parkean, sei kokapenekin; baita Arriaga plazan, Areatzan, Areatzako kaian, Gasaren plazan, Areatzako aterpeetan eta UPV/EHU Bizkaia Aretoan ere.

Casilda Iturrizar parkearen kasuan, edizio berri honetarako antzezpen eremua gehiago irekiko da, Arte Ederren Museoaren eremuari Pergolaren eremura gehituz. Gainera, aurreko edizioetan Plaza Berria betetzen zituzten emanaldiak Gasaren Plazara pasako dira, eta Arriaga Antzokiaren atzekaldea erabiltzen zutenak Areatzako Aterpeen eremura eraman dira. Kokapen berri hauen bidez, jendea espazio zabalagoetara joatea lortu nahi da, sakabanaketa handiagoa egon dadin, eta uneoro behar den segurtasun-distantzia bermatze aldera.