BILBO. Zazpi ikuskizun eskainiko ditu Arriaga Antzokiak maiatza eta ekaina bitartean. Programazio berezia maiatzaren 7an hasiko da, eta eskainiko diren obrak opera bat, lau kontzertu eta bi antzezlan izango dira. Gaur goizean, apirilak 22, egin da egitarau berriaren aurkezpena.

Amaia Arregi Bilboko jarduneko alkateak parte hartu du aurkezpenean, eta alboan izan ditu Calixto Bieito Arriaga Antzokiaren zuzendari artistikoa eta Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoaren zuzendari nagusia, honako lankidetza hau bultzatzen duten erakundeen ordezkari gisa.

Amaia Arregik, hain zuzen, lankidetza horretan jarri nahi izan du arreta: "oso mugarri garrantzitsua da gure hiriarentzat, Bilbok ikuskizun handiez gozatuko du Arriaga Antzokian, eta horiek Guggenheim Museoko obra handiekin lotuta egongo dira. Bilboko bi erakunde handi hauen artean sortutako sinergiak aukera ematen digu Bilbo artearen eta kulturaren nazioarteko erreferente gisa sendotzeko estrategiarekin jarraitzeko".

Komeni da gogoraraztea Guggenheim Bilbao Museoaren eta Arriaga Antzokiaren arteko elkarlan hau Calixto Bieito Arriaga Antzokiaren zuzendari artistikoaren inplikazioaren bidez sortu zela, berak egingo baitu maiatzaren 7an Museoan inauguratuko den Urte eroak, 1920ko hamarkada erakusketaren diseinua.

Elkarlan horren helburua da, alde batetik, erakusketaren eszenografia aberastea, Bieitoren zigilu pertsonala emanez, eta, bestetik, bi erakundeen arteko elkarrizketa Arriaga Antzokira hedatzea. Bertan, ikuspegia zabaltzen duten eta erakusketaren osagarri diren zazpi ikuskizun eskainiko dira.

Horri dagokionez, Calixto Bieitok berak zera dio: "Urte eroak, 1920ko hamarkada erakusketak Arriagari sakontzeko aukera ematen dio, gaur egungo testuingurutik, garai hartako eztanda sozial eta kultural zirraragarrira hainbat hurbilketa artistiko eginez, espiritu kritiko eta sortzailearekin, horretarako tokiko eta nazioarteko artistek parte hartzen dutela".

Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoaren zuzendari nagusiaren hitzetan, "lankidetzari esker, bi erakundeek duten harreman handia estutu daiteke eta beren jarduera pixka bat harago proiektatu, beren publikoei balio gehigarria emanez. Zalantzarik gabe, Calixto Bieitoren talentua eta ikuspegi artistikoa Urte eroak, 1920ko hamarkada erakusketaren eszenografian izateak, bisita paregabe horretan murgiltzen lagunduko digu. Azken batean, erakusketak garai bat islatzen du, non herritarrek sormenetik erantzun zieten gaur egungoak bezalako garai zailei, eta merezi du garai hartako bizitzeko espirituan murgiltzea ahalbidetuko digun esperientzia bat sortzea. Ildo horretan, Arriaga Antzokiaren programazioak ere aukera ezin hobea ematen digu 1920ko hamarkadako eromenean murgiltzeko".

ZAZPI PROPOSAMEN

Arriaga Antzokiak zazpi ikuskizunez osatutako egitarau erakargarria prestatu du, ikusleei XX. mendeko 20ko hamarkadako espirituan sartzeko aukera emango diena, hainbat ikuspuntu artistikotatik.

Lehenengo hitzordua musikala izango da eta gerra arteko garaiko musika judura hurbilduko gaitu. Musika hark eragin handia izan zuen Europan eta, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Estatu Batuetarako jauzia egin zuen. Jerusalem Quartet nazioartean ospe handia duen musika taldeak eta Hila Baggio soprano israeldarrak Varsoviako Yiddish Cabaretaren 1920ko hamarkadako abesti bilduma ederra interpretatuko dute maiatzaren 2an.

Maiatzaren 19an Arriagan París, años 20 kontzertua egongo da, Miren Urbieta-Vega sopranoarekin eta Sapere Aude Sinfoniettarekin, Alain Ayerdiren zuzendaritzapean. Kontzertu honek XX. mendeko lehen hamarkadetako ahots- eta instrumentu-ekoizpen kameristikoaren orrialderik onenen antologia jasotzen du.

Hurrengo egunean, maiatzaren 20an, antzerkiaren txanda izango da. Doña Rosita, anotada Pablo Remón-ek Lorcaren azken lanetako bati buruz (Doña Rosita la soltera o el lenguaje de las flores, denboraren joanari buruzko tragikomedia) egiten duen berrirakurketa da. Francesco Carril, Fernanda Orazi eta Elisabet Gelabert dira Teatro Kamikazeren faktorian sortutako obra honen antzezleak.

Los siete pecados capitales Arriaga Antzokiaren ekoizpen liriko berria da, eta ekainaren 4an eta 5ean ikusi ahal izango dugu. Zalantzarik gabe, opera zaleek ezingo diote hitzorduari huts egin, izan ere, zazpi eszenatan banatutako ballet chanté "ballet kantatu" ospetsua, Kurt Weillen musika eta Bertolt Brechten libretoa dituena, XX. mendearen lehen erdiko konposizio handienetako bat baita. 1933 da, Parisen, eta bai Weill, bai Brecht Alemania nazitik ihesi dabiltza. Aurreko proiektu batzuetan bi pertsonaia ospetsu horien artean tentsio artistikoa sortu arren, erabaki zuten elkarrekin ekitea "Los siete pecados capitales" izeneko kabaret satiriko honi, elkarrekin egin zituzten lehen operatan elkartu zituen helburu berarekin: gizartea aldatzen saiatzea, moral bikoitza salatzen zuen zinismo korrosibo baten bidez.

Barbora Horáková Joly izango da eszena zuzendaria eta Iker Sánchez Silva musika zuzendaria; ikuskizunak, halaber, BilbaoSinfonietta orkestra eta Nicola Beller Carbone soprano alemaniarra eta Iratxe Ansa dantzaria buru izango dituen abeslari, antzezle eta dantzari ugari bilduko ditu. Ansa berak sortuko du koreografia, Igor Bacovichekin batera.

Nazioartean lehen mailakoa den beste soprano bat Ausrine Stundyte da, eta egun gutxi batzuk geroago ikusi ahal izango dugu bere emanaldia, ekainaren 10ean. Abeslari lituaniarra Arriaga Antzokira itzuliko da, non 2019an ikusleak liluratuta utzi zituen, Usandizagaren Mendi-Mendiyan bikain hura, Arriaga Antzokiaren ekoizpena zena eta Calixto Bieitok zuzendu zuena, euskaraz kantatuz. Orain, Stundytek Erwartung (Itxaronaldia) opera abestuko du kontzertu formatuan, Arnold Schönberg obraren egileak honela definitu zuen konposizio zoragarria: "Eszitazio espiritual goreneko segundo bakar batean gertatzen den guztia mugimendu motelean irudikatzean datza, ordu erdira arte luzatuz". Kontzertu honetan, Ausrine Stundytek Andrej Hovrin maisua izango du lagun pianoan.

Zazpi ikuskizuneko sorta honek bigarren antzerki-proposamen bat du. Kakerlake/Kafkaz ari gara, Kafkaren Metamorfosian oinarrituta, Richard Sahagúnek egiten duen egokitzapenaz. Sahagúnek zama poetiko handiko muntaia proposatzen du, antzezleekin eta musikarekin, eta Toti Martínez de Lezea gasteiztar idazlearen agertoki gaineko parte hartzearekin. Obraren emanaldia ekainaren 12an izango da.

Azkenik, Guggenheim Bilbao Museoaren Urte eroak, 1920ko hamarkada erakusketari lotutako programari amaiera emateko, eta Arriaga Antzokiaren 2020-2021 denboraldiari amaiera emateko, zinema eta kontzertua uztartzen dituen ikuskizun bat eskainiko da ekainaren 19an; izan ere, Bilbao Orquestra Sinfonikoak (BOS), Nacho de Pazen zuzendaritzapean, Sigfried tod filmaren musika interpretatuko du, filma pantaila erraldoi batean proiektatzen den bitartean. Gogoan izan behar dugu film hori izan zela Nibelungen osatu zuten bi filmen lehen zatia, Fritz Lang zinemagile alemaniarrak 1924an landu zuen proiektu handinahiarena.

SARREREN SALMENTA

Ikuskizun horietarako sarrerak ikusleentzat salgai egongo dira astelehenetik, apirilaren 26tik, webgunean edo Arriaga Antzokiko txarteldegietan.

Salbuespen bakarra maiatzaren 2ko kontzertua da, Jerusalem Quartet eta Hila Baggioren eskutik egingo dena: sarrerak bihartik aurrera egongo dira salgai, apirilaren 23tik, ostiraletik.