"Nik ez dut famarik desio, etzait batere ajola. Nik euskal publikoak eskatzen didalako abesten det". Hori adierazi zuen Lourdes Iriondo musikariak, eta badirudi bere lana oraindik ere presente dagoela. 1965 eta 1978 urte bitarteko jardunaren ondorioz euskal musikako erreferente izatera iritsi zen urnietarra. Hala ere, iragan abenduaren 27an hamabost urte bete dira hil zela, eta denbora horretan omenaldi gutxi egin zaizkio 1937an jaiotako musikariari. Hutsune hori betetzeko eta Iriondoren lanari aitortza bat egiteko iritsi da, adibidez, Agurtzane Intxaurragak zuzendutako Ez gaude konforme. Lourdes eta hamaika lore ikuskizuna, nahiz eta emanaldi bat eta bakarra egin duten.

Intxaurragak nabari du Iriondoren lana "itzalpean" gelditu dela, egindako ekarpena "oso handia" den arren. Antzerkigileak espero du aurrerantzean kantariaren izena gehiagotan egotea eremu publikoan. "Badirudi egindako lanari esker, zirrikitu bat ireki dela, eta ea autokritikarako bide bat den", adierazi du. Izan ere, Hika Teatroako kidearen ustez, badago aukera hori konpontzeko, betiere, gogoa izanez gero.

Antzerkigileak Iriondoren ingurukoak elkarrizketatu ditu ikuskizuna osatzeko, eta haiek kontatu diotenez, artearekiko sentsibilitate handia zuen Iriondok. Gainera, etxetik zetorkion musikarekiko zaletasuna, familiako kideek gustuko baitzuten kantuan aritzea. "Senideek kontatzen dutenez, gustu handia zeukan Lourdesek musikarako, baita oso ahots ederra ere", azaldu du Intxaurragak. Opera ikasketak egiten aritu zen Donostian, Mari Paz Urbietaren akademian, eta, besteak beste, Maria Callas abeslaria zuen erreferente. Hala ere, 20 urte inguru zituela atzeman zioten bihotzeko gaitz batek erabat baldintzatu zuen Iriondoren bizitza. "Horregatik ez bazen, misiolari moduan joango litzateke, eta, nolabait, euskaldunok horri esker izan dugu emakume bat kantagintzan; berarentzat oztopo bat izan zena aukera bat izan zen euskaldunontzat", adierazi du Intxaurragak.

Emanaldi ugari

Familia "onekoa" zen Iriondo, eta gaixotasuna zela medio, ebakuntza bat egin zioten Parisen. Bihotzeko gaitzaren ondorioz, Iriondoren planak aldatu baziren ere, ez zuen alde batera utzi musika. Gitarra jotzen ikasi eta kantu batzuk prestatu ostean, 1964an lehen aldiz kantatu zuen euskaraz jendaurrean. Andoainen (Gipuzkoa) izan zen, lagun batzuek eskatuta, herriko ikastola berrian diru premian zeudela eta. Denbora gutxian, indar handia hartu zuen kantariak; 1965eko uda-udazken aldean, 35-40 emanaldi eskaini zituen. Garai horretan, dei asko jasotzen zituen Iriondok emanaldiak eskaini zitzan, eta mezu argia bidali zuen abeslariak berak Zeruko Argia agerkarian 1965eko ekainaren 14an: "Herri askotatik hots egiten didate abestera joan nadin. Inor ez dadila haserretu, baina ezin naiz denetara iritsi". Horrez gain, Loiolako Herri Irratian hainbat kantu grabatu zituen, eta entzuleek behin eta berriz eskatzen zituzten.

Gerora, 1967an, Ez Dok Amairurekin hasita zegoela, 170 jaialditan hartu zuen parte, bai bakarka, baita taldean ere. "Hori gaur egungo artista batek ere ia ezin du egin" azpimarratu du Intxaurragak. Izendapen asko jaso zituen; Gabriel Aresti poetak adierazi zuen "Euskal Herriko nobia" zela. Luis Iriondo aktore eta musikagileak, berriz, Joan Baez kantari estatubatuarrarekin alderatu zuen.

Urtebete beranduago Xabier Lete musikariarekin ezkondu zen Iriondo. 1968 urriaren 11n izan zen, Tolosako (Gipuzkoa) Izaskungo Andre Mariaren elizan. Haurdun zegoen, gerora umea galdu bazuen ere. Intxaurragak nabarmendu du askotan jaso duela Iriondok Leteren emaztea izatearen izendapena. "Lete itsaso bat zen, eta bi itsaso batzean, batzuetan bakarra bilakatzen da, nahiz eta batzuek uste duten bata itsasoa zela eta bestea itsaso hori elikatzen zuen ibaitxoa", adierazi du.

Gainera, emakume izan eta oholtzara igotzea erronka bat zen frankismo garaian, emakumeak bigarren mailakotzat jotzen baitzituen gizarteak. "Publikoak ez zuen naturaltasunez ikusten emakume bat eszenatokian egotea, ez zelako ohikoa", gaineratu du antzerkigileak. Hori dela eta, Intxaurragaren ustez, beharrezkoa zitzaion Iriondori "oso sendoa" izatea eta ideia argiak izatea: "Bere pentsamenduen jabe izan ez balitz, zaila egingo zitzaion kontua". Erlijioaren pisua ere handia zen, eta Intxaurragak susmoa dauka Iriondo fededuna zenez, bide horrek bultzada bat emango ziola egin zituen urratsak egiteko.

'Hiru aldiz errebelde'

Estilo eta mezu bereziak zituzten Iriondoren kantek. Edukiz sakonak eta argiak ziren. Antzerkigileak gaineratu du kantaria hiru aldiz izan zela errebelde: frankismo garaian euskaraz kantatzen zuelako, protesta abestiak zirelako bereak eta emakumea izanik oholtzara igo zelako. "Iriondok erabaki zuen herriari kantatu behar zi-tzaiola, eta berarekin konektatzeko tresna bezala ikusten zuen kantua", azaldu du.

Garai horretan ezaguna zen oso Iriondo euskal kulturan, eta Ez Dok Amairu taldea sortu zuen beste artista batzuekin batera. Horietako batzuk, oraindik ez zuten izen handirik Euskal Herrian, nahiz eta gerora erreferente bilakatu ziren. "Bernardo Atxagak esan zuen bezala, une horretan izarra Lourdes zen", azpimarratu du Intxaurragak. Esan daiteke Iriondo izan zela taldearen bultzatzaileetako bat. Izan ere, hark eta Joxe A. Artzek egin zuten taldea osatzeko lehenengo bilerarako eskaria. 1966ko martxoaren 6an eskaini zuten lehen kontzertua Ez Dok Amairu izenarekin. Irunen (Gipuzkoa) eman zuten ikuskizun hori. Antzerkigileak azaldu duenez, Iriondoren lana "oso integrala" izan zen Ez Dok Amairun. Kantatzeaz aparte, beste ardura batzuk zituen taldean; hala nola, koordinazio eta kudeaketa lanak egitea edo idazkari moduan aritzea. Gerora, guztiarekin ezin zuela eta, lan horiek delegatu behar izan zituen.

1972an, Ez Dok Amairu taldea desegin zuten. Ondoren, hiruzpalau hilabete iraun bazituen ere, Zazpiribai ikuskizuna jarri zuen martxan Iriondok beste hainbat artistarekin batera; tartean zeuden Xabier Lete, Benito Lertxundi, Pantxoa eta Peio, Pantxika Erramuspe, Iñaki Urtizberea, Ugutz Robles-Arangiz, Manex Pagola edo Loli Ansa. Horren ostean, Franco hil zenean itzuli zen oholtzara Iriondo, Lete, Antton Valverde eta Pantxoa eta Peio lagun zituela.

Musikaren ondotik, antzerkigintza

Urte gutxiren buruan utzi zuen musikari jarduna Lourdes Iriondok; 1978ko maiatzean eskaini zuen azken kontzertu ofiziala, Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan. Bihotzeko gaitza zela eta, beste ebakuntza bat egin zioten Madrilen, eta alde batera utzi zituen jendaurreko emanaldiak. Hala ere, artearekin eta kulturarekin harremanetan jarraitu zuen Iriondok. Hori horrela, Urnietako haurrekin Buruntza antzerki taldea sortu zuen. 1987ko uztailean adierazi zuenez, beti gustatu izan zitzaion antzerkia, eta une horretan umeentzat ezer ez zegoenez, obra "pila bat" idatzi zituen. Besteak beste, Buruntza azpian eta Martin arotza eta Jaun deabrua lanak sortu zituen. Intxaurragak aitortu du ez zuela horren berri, eta beharrezkoa iruditzen zaio ikusgarritasuna ematea. "Emakume horrek kulturgintzari eskainitakoa altxor bat da, eta altxorrak ez dira tiradera batean gorde behar; zabaldu, erakutsi eta disfrutatu egin behar dira".

Izan ere, Intxaurragak uste du, nolabait, Iriondoren erabakia izan bazen ere esfera publikotik aldentzea, aitortza bat zor zaiola: "Kantu eta antzerki zoragarriak utzi ditu, baita presentzia bat ere; emakume bat eszenaren erdigunean". Gauzak horrela, Intxaurragari iruditzen zaio agerikoa dela Iriondok euskal kulturari egin zion ekarpena. "Utzitako alea hor dago, kontua da gordeta gelditu dela, baina ureztatu eta argitan jarri behar da".