BILBO. Bilboko Arriaga Antzokian joan den ostiraletik ospatzen ari den Zinebi-Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak saio berezi bat eskaini dio Zinema_Ilegala ekimenari bere hamargarren urteurrena ospatzeko.

Saio honetarako proposatutako filma dokumentala Yugoslavia, How Ideology Moved Our Collective Body (Jugoslavija, kako je ideologija pokretala našekolektiv no telo, 2013) izango da. Marta Popivoda da zuzendaria, Belgraden (Serbia) Zinema_ilegala proiektuaren sortzailea. Proiektu hori Europako hainbat hiritan ere egin da, hala nola Istanbulen, Parisen, Zagreben edo - 2010az geroztik - Bulegoa z/b-en egoitzan, Bilboko Solokoetxe kalean. Proiekzioak Marta Popivoda beraren eta Isabel de Naveran Bulegoa z/b-ren sortzaileetako bat den irakasle eta arte eszenikoetako ikertzailearen arteko elkarrizketa ekarriko du.

2007an sortutako Ilegal_Cinema hark autoirakaskuntza komunitarioko modu bat izan nahi zuen. Funtzionamendua erraza da: norbaitek film bat proposatzen du (ezin da izan proposatzen duenaren lana), erakutsi aurretik testuinguruan kokatzen da eta, ondoren, hari buruz hitz egiten da.

BERTOKO BEGIRADAK-MIRADAS DESDE EUSKADI

Arte Ederren Museoan, Zinema_ilegala saioaren aurretik, Bertoko Begiradak-Miradas desde Euskadi sekzioaren proiekzio berezia izango da eta, bertan, Maddi Barberren (Gorria), Peio Agirreren (Un retrato de N. B.), Mikel Otxotekoren (Invierno) eta Jorge Núñezen (Dentro de los sueños: la curva) euskal zinemagileen azken lanak izango dira ikusgai.

BEAUTIFUL DOCS

Ulrike Ottinger argazkilari eta zinemagile alemaniarra izango da igandeko programazioko protagonistetako bat. Paris Calligrammes dokumentalak - estreinaldia Estatuan - bere erakusketetako bat eta liburu propio bat ditu abiapuntu. Liburu horretan, Aljeriako Gerrak eta 68ko Maiatzak markatutako 60ko hamarkada gorabeheratsuan Parisen egindako egonaldiari buruzko bere behaketa pertsonal eta politikoak xehatzen zituen.

Ottingerrek biziari itzultzen dizkio auzo latindarreko eta Saint-Germain-des-Préseko kafe bohemio zaharrak eta jazz klubak; erbesteratuekin eta komunitate artistikoko kideekin topaketak oroitarazten ditu; eta "nire heroien aztarnak" jarraitzen ditu. Filma Berlingo Zinemaldian estreinatu zen, eta bertan margolari, diseinatzaile, argazkilari, idazle eta Juana de Arco de Mongolia (Johanna d'Arc of Mongolia, 1989), Taiga (1992) edo Unter Schnee (2011, ZINEBI 56 proiektatuta) filmen zuzendariak parte hartu zuen. Zuzendariak Berlinale Camera saria jaso zuen bere ibilbide luze eta emankorragatik.

Horrez gain, 'Beautiful Docs - Panorama de documentales del mundo' eskaintzaren barruan, Eléonore Weber antzerki-zuzendari eta zinemagilearen Il n'y aura plus de nuit filma estreinatuko da Estatuan, Pesaro eta Cinéma du Réeleko jaialdi ospetsuetan ezagututako filma da, Irak, Afganistan edo Pakistanen egindako operazioetan pilotu militarren portaera salatzeagatik.