GASTEIZ. Urriaren 7tik abenduaren 21era bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuak hartu egingo du Gasteizko Antzerki Jaialdiaren 45.edizioa. Denbora horretan zehar 21 euskal konpainiek 33 ikuskizun antzeztuko dituzte, horietako bederatzi euskaraz.

Gasteizko publikoak Nuria Espert, Aitana Sánchez Gijón, Carmen Machi, Natalie Poza, Manuela Velasco, Ernesto Alterio, Ramón Barea, Juan Diego Boto eta Sergio Peris-Mencheta aktoreen lanez gozatu ahalko du, besteak beste. Gainera, antzerkigile ospetsuak etorriko dira hirira, hala nola Lluis Pascual eta Andrés Lima.

Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagastik aurkeztu zutne jaialdia prentsaren aurrean.

"Gaur jaialdi ezberdina aurkezten dugu, 0 kilometroko jaialdia, tokiko sortzaileen bandera-ontzia izateagatik gogoratuko dena, publikoari, artistei eta alorreko langileei antzokietan segurtasun eta normaltasun sentsazioa itzultzeagatik", adierazi zuen Estíbaliz Cantok.

Egitarauak lau erabateko estreinaldi barne hartzen ditu: Proyecto Larruaren 'Ojo de Buey' lanaren aretorako bertsioa; 'Una noche sin luna', Sergio Peris-Menchetak zuzendu eta Juan Diego Bottok protagonizatzen duen lana, eta 'Sisiforen paperak/Los papeles de Sísifo', euskaraz eta gaztelaniaz, Gasteizko Principal antzokiak, Donostiako Victoria Eugenia antzokiak, Bilboko Arriaga antzokiak eta Centro Dramático Nacionalak elkarrekin ekoitzitakoa. Harkaitz Canok idatzi du lan hori, eta Iñaki Rikarte da protagonista, besteren artean.

SORKUNTZA ESZENIKOA

Antzerki Jaialdiak sorkuntza eszenikoari laguntzeko bi deialdiei eutsi die: 'Off Local' eta 'Enred@dos'. "Off Lokalek hiru proposamen izan ohi zituen, baina aurten zortzi lan ikusi ahalko ditugu, aurkeztutako lanen kalitatea handia delako eta bertako sorkuntzari ikusgarritasuna eman nahi diogulako", nabarmendu zuen zinegotziak.

Jaialdiak hizkuntza eszeniko berrien eta programazio ausartenen alde egiten jarraitzen du, bai dantza eta antzerki proposamenetan bai JIM Aktual zikloan, zeinak antzezlan berritzaileenak biltzen baititu.

"Gainera, ikuskizun inklusiboak ere programatu ditugu, programazio hori gure agertokietan normalizatu eta ikusarazi behar baita", nabarmendu zuen Cantok.

FAMILIA OSOARENTZAKO ANTZERKIA

Familientzako lau lan aurkeztuko ditu Gasteizko Jaialdiak, formatu ezberdinetakoak (dantza eta antzerkia).

Kultura zinegotziak publiko horri zuzendutako berrikuntza bat iragarri du. "2020an lehenengo haurtzarorako Mapping europar jaialdian lan egiten hasi gara, zeina Udalaren Antzoki Saretik antolatuko baitugu, Teatro Paraíso taldearen laguntzarekin. Horri esker, Gasteizko publikoak haur txikientzako proposamenez beteriko jaialdi handi batez gozatu ahalko du 2021eko azaroaren 19tik 28ra."

Aurrekari gisa, 2020an sortzaile, familia eta irakasleen arteko lantegia egingo da, 2021eko Mapping jaialdia diseinatzeko partaidetza-prozesua garatzeko. Horretaz gain, topaketa bat egingo da online, Titulartasun Publikoko Antzoki eta Entzunaretoen Espainiako Sarearen lankidetzarekin, esperientziak partekatzeko eta Gasteizko Antzerki Jaialdiko "Haurtxoak proiektua" programaren ibilbidea laburtzeko, Euskal Herrian aitzindaria izan baita.

INAUGURAZIOA

Urriaren 7an, 8an eta 9an inauguratuko da Antzerki Jaialdiaren 45. edizioa, euskal sortzaileen zenbait proiekturekin eta estatuan arrakasta handia izaten ari den lan batekin.

Urriaren 7an, Proyecto Larruaren 'Ojo de Buey' lana hartuko du Principal antzokiak, eta urriaren 8an, 'Prostitución', Carmen Machi protagonista duen dokumentu-antzerki erdiragarria; urriaren 9an, berriz, Zanguazo Teatro taldeak 'Aquí va a pasar algo' lan arrakastatsua eskainiko du.

Udal Antzoki Sarearen publikoari berriz ilusioa ekarriko dion programazio gailen baten hasiera baino ez da izango.