Euskarazko nobela beltzaren sorkuntza bakarrik ez eta atzerriko nobela handiak gure hizkuntzara ekartzeko helburu bikoitza dauka Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak elkarlanean antola tzen duten (H)ilbeltza bekak. Aurten, Massimo Carlottoren Arrivederci amore, ciao eleberria itzultzeko hamar lagin bildu ziren eta Koldo Biguri Otxoa de Eriberen (Gasteiz, 1962) proposamena aukeratu zen garaile. Filologia ikasitakoa, irakaslea, euskaltzain urgazlea, itzultzailea eta interpretea da Biguri egun. 1992an hasi zen literatura itzultzen, gehienbat literatura italiarra. 2000 urtean, Napoliko Unibertsitatean egin zuen lan, euskal morfologiako irakasle gisa. Halaber, euskal itzultzaile aitzindarien memoria historikoaren berreskuratze lanetan ibili da. Carlottoren lana, bekaren antolatzaileek jakinarazi bezala, datorren urteko abenduan argitaratuko du Txalaparta argitaletxeak.

Massimo Carlottoren 'Arrivederci amore, ciao' lana euskaratuko duzu. Zer nolako eleberria da? Zer da kontatzen diguna?

—Literatura beltzaren barruan kokatzen da, beraz delinkuentziaren munduan islatzen da. Pertsonaia nagusia Italiako 70eko hamarkadan ezkerreko giro polikoko militantea da, atentatu batean parte hartu eta nahi gabe zaindari bat hiltzen duena. Ihes egin behar izaten du, Fran-tziara lehenengo eta Erdialdeko Ameriketara ondoren. Italiara itzultzerakoan bere burua entrega-tzen du. Bere gaztetako idealismo politikoak alde batera utzita, ongi bizi eta diru asko eduki nahi izaten du orduan. Delinkuentzian sartzen da ezagutzen duen polizia ustel batekin. Tarantino estiloan, jende asko hiltzen den lapurreta bat egiten dute... Oso istorio krudela da.

Egilearen beraren ibilbidearekin antzekotasunak badituen istorioa da, beraz... Carlottoren bizitzak ere izan zuen beltzetik, ezta?

—Badauka hortik, noski, bere bizi-tzan oinarritu baita batez ere giroa ezagutzeko. Gaztetan arazo oso handiak izan zituen Italiako justiziarekin, ez terrorismoagatik, baizik eta ustekabeko gertakari batengatik: egun batean bere arrebaren etxera joaten ari zela portalean labankadez jositako neska bat aurkitu zuen. 19 urte besterik ez zituen, neska lagun-tzera joan, izutu eta inori ezer esan gabe alde egin zuen. Zoritxarrez, bere arropak odolarekin busti zituen eta poliziak harrapatu zuenean hilketa leporatu zion. Berak beti esan zuen ez zela hiltzailea, ez zuela neska hori ezagutzen. Baina ibilbide judizialean izugarrizko arazoak izan zituen, 18 urteko kartzela-zigorrera kondenatu zuten, apelazio ugari egin zituen, askatu egin zuten, berriz ere epaitu eta zigortu zuten... Apelazio baten bitartez askatu zuten batean, Italiatik hanka egiteko aprobetxatu zuen, ez baitzen fidatzen garai hartako justiziarekin. Egin zuen ibilbidea nobelan agertzen dena da. Italiara itzuli zenean bere burua entregatu zuen, eleberriko pertsonaiak bezala, eta kartzelan egon zen, errugabea zela mantenduz betiere. Mugimendu handiak egon ziren Italiako arlo ezkertiarretik tipo hau askatzearen alde. Azkenik indultua eman zioten, baina kartzelan zortzi bat urte egon zen. Bere animoak behea jo zuen hainbat alditan, oso gaizki egon zen fisikoki ere, bulimia arazo ikaragarriekin: 140 kilo pisatzera iritsi zen. Bere buruaz beste egiteko zorian egon zen baita ere... Bizitza gordina.

Bere beste hainbat eleberritan ere agertzen duen gordintasuna, batez ere politikaren alde ilunari dagokionez.

—Bai, sistema judiziala, ustelkeria, dirua... Oso kritikoa izan da Europako gizartearekiko.

(H)ilbeltzako epaimahaiaren iri-tziz aski ongi heldu diozu obraren letra eta estiloari, batez ere dialogoetan, ahozkotasunera hurbilduz. Erronka izan da estilo hori aurkitzea?

—Horrelako istorio krudel batean espero den hizkera gogorra dauka. Batez ere dialogoak, oso gordinak dira. Euskaraz horretarako ereduak falta zaizkigu, hori da arazorik handiena. Nobelak funtzionatzea nahi baduzu, ahalik eta sinesgarriena izan behar du, hor dago koxka: nola lortu dialogo bat sinesgarria izatea eredu gehiegirik eduki gabe. Nork daki euskaraz nola hitz egiten duten era honetako giroan mugitzen diren pertsonak? Normalean, horretarako daukagun ezagutza fikziotik etortzen zaigu, zeharkako ezagutza bat da: eleberrien bitartez edo, ohikoena, pelikula edo telesailen bitartez. Zein da gure arazoa? Euskarazko filmeak eta telesailak, gehienak gazteleratik etortzen zaizkigula eta, gainera, fikzio mota honek ez daukala jarraitzaile gehiegirik.

Eta euskal nobela beltzari dagokionez?

—Literaturaren esparruan, literatura beltza ez da gehiegi jorratu euskaraz. Noski, badaude hainbat adibide, oso interesgarriak, baina beste hizkuntzetan egiten den literatura beltzarekin alderatuz askoz gutxiago garatu dela esango nuke. Beste herrialdetan gehien saltzen den literatura mota da literatura beltza. Hartara, idazle, itzultzaile eta irakurleek ez daukagu euskarazko fikzio beltzaren zeharkako ezagu-tza hori ere. Beraz, lortu nahi baduzu dialogo horiek sinesgarri izatea, ahalegin berezi bat egin behar duzu. Adibidez, ahozkotasunetik ahalik eta hurbilen dagoen hizketa modu bat erabili nahi baduzu, horrek hautu lexiko batzuk egitera behartzen zaitu. Euskaraz hitz egiten dugunean ez dugu erabiltzen euskaraz erabiltzen dugun hizkera berbera, askoz garbizaleagoak izaten gara. Eleberri honetako dialogo batean hala aritzen bazara, delinkuente bat beharrean aurrean daukazuna euskaltzain bat dela irudiko du.

Oraindik ibili gabe dagoen bide bat aurrean izatea ere zirraragarria izan daiteke...

—Bai, sortzaile puntu bat badauka horrek, baina egiteko asko gelditzen da. Itzultzaile bezala, zure jarrera aurretik joan behar da, nolabait esateko: beharbada mundu guztia ez da ados egongo erdarakadak erabiltzearekin, adibidez, baina hori itzultzailearen hautu bat da.

Itzulpengintzaren alorrean sobera murgildu ez den norbaitek pentsatu dezake itzultzearena, kasik automatikoki egin daitekeen zerbait dela.

—Bai, baina itzultzaile edo itzulgailu automatiko batek ez dauka guk daukagun ezagutza erreala, hau da, gure gizarteko ezagutza. Gure ezagutza horrek esaten digu zein bidetatik sartu behar garen, hiztegi batek ezin dizulako esan inoiz noiz erabiltzen den hitz bat edo bestea, hori esperientzia biziak esaten dizu. Horregatik, makina batek ezingo du itzuli inoiz pertsona batek bezala.

Norberaren ezagutza alde batetik, eta nobelaren jatorrizko idazlearen subjektibotasuna bestetik?

—Noski, jatorrizko idazleak esaten duena zergatik esaten duen ulertzen saiatu behar duzu. Bere antzeko bidea egin behar duzu, antzekoa eta ez berdina, testuingurua eta hizkun-tza ezberdina delako. Horregatik, euskal itzultzaileak lan plus bat egin behar du, gaztelerazko itzultzaile batek egin behar izaten ez duena, ereduak eta lexikoa badituelako. Euskaraz lexikoa falta zaigu, itzultzaileak egin behar du. Sormenetik, testua ahalik eta egiantzekoena izatea lortu behar duzu. Hori da hitz gakoa, egiantzekoa, ez dena egia baina egiaren antzekoa dena, hau da, sinesgarria.

Buruan hitz edo esaldi baten bat katramilatuta geldituko zaizu noizbait...

—Arazo lexiko bat topatzen duzunean bueltak ematen dizkiozu eta gerta liteke inoiz ez egotea konforme, edo hurrengo egunean zure buruak balio dizun hitz bat ematea bat-batean. Atzera zoaz, dena alda-tzen duzu...

Beka (H)ilbeltza ekimenaren bitartez eman dizute. Edizioz edizio harrera hobeagoa duen literatura jaialdi honek euskal genero beltzaren inguruan gogobizia badagoela erakusten du?

—Aspaldian hasitako ibilbidea da eta badaude izen garrantzitsu batzuk jada. Jon Arretxe hor daukagu eta eredu bat izan da niretzat ere... Baina ez dakit irakurleen aldetik hainbeste ote dagoen. Ez naiz aditua literaturgintzan baina esango nuke beste genero batzuk hobesten direla oraindik, batez ere alderatuta beste hizkuntzetako literaturan gertatzen denarekin. Europako hizkuntza nagusietan saltzen den literaturaren ehuneko izugarria hartzen du literatura poliziakoak edo beltzak. Euskaraz ere ondo legoke hala izatea, ez dut esaten derrigor egin behar denik baina ondo legoke. Horretarako idazleak, itzulpenak, irakurleak... behar dira. Eta testu horiek funtzionatu behar dute, sinesgarriak izan behar dira: une batean telesail batean beltz bat euskaraz aritzen arraro suertatzen bazen, berdin gertatu daiteke euskaraz ari den polizia batekin, adibidez. Baina horretan oinarritzen da fikzioa, sinesgarritasunean.

Urte aunitz daramatzazu honetan jarduten. Nola ikusten duzu osasunez euskal itzulpengintza?

—Uste dut euskal literaturan azken 40 urte hauetan eman den aurrerapausorik handiena itzulpengintza izan dela, hain zuzen. Ez naiz horrela pentsatzen duen bakarra, besteak beste Anjel Lertxundik liburu oso bat eskaini dio berriki arlo honi, Itzuliz usu begiak. Itzulpengintza garran-tzitsua da beharrezkoa delako, Anjelek esaten duen bezala, mundua euskarara ekartzeko. "Euskara jalgi adi kanpora" esan ohi dugu, bai, baina kontrako bidea ere egin behar da. Zertarako? Kanpoko hori ezagutzeko eta gure hitzekin izendatzeko. Itzulpenak bakarrik egin dezake hori. Baina honek badauka beste zentzu bat: literatura itzuliak beharbada ez duela eduki beharko lukeen oihartzuna irakurleen artean.

Jatorriz euskaraz idatzitako lanak irakurtzeko joera duelako euskal irakurleak?

—Bai, eta ulertzekoa ere bada neurri batean. Denok daukagu denbora gutxiago irakurtzeko, nik neuk ere, eta oso literaturzalea naiz... Eta gurean, euskaraz idatzitako eskain-tza oso handia da, hizkuntza txiki bat izateko izugarri handia da, proportzionalki inguruan ditugun beste hizkuntzak baino handiagoa. Eman dezagun urtean zehar hamabi liburu irakurtzen dituzula. Gaur egun, euskal idazleek idatzitako hamabi liburu berri izango dituzu urte bakarrean, eta normala da jendeak horiei ematea lehentasuna. Baina bitxia da, ez dugulako berdin funtzionatzen erdarazko itzulpenekin. Ez gara konturatzen, baina seguraski denok irakurriko ditugu itzulitako literatura lan gehiago beste hizkuntzatan.

Gazteleraz irakurtzen ditugun eleberriei dagokienez, maiz ez diogu kasurik ere egingo itzulia den edo ez den...

—Hori da, ez gara konturatu ere egiten. Eta zoritxarrez, badago jende asko gure artean euskarazko itzulpengintza bigarren maila batean kokatzeaz gain, kalitate susmagarrikotzat hartzen duena. Irakurketa zailtasunaren kontua ere hor dago: itzulpenak bertan-goxoko euskara horretatik ateratzen zaitu maiz, eta jende askorentzat deserosoa da. Arrazoi asko daude, ez dago bakar bat. Baina egia da orain dela 30 urteko egoerarekin alderatuta asko hobetu dela egoera. Hala ere, itzulpengintzak beste erantzun sendoago bat merezi du, Anjel Lertxundi parafraseatuz, egin duen bidea goraipatzeko modukoa izan delako.

"Makina batek ezingo du inoiz pertsona batek bezala itzuli, ez daukalako pertsona baten ezagutza erreala"

"Egiantzekotasuna da edozein fikzioren hitz gakoa, sinesgarritasunean dago koxka"

"Euskarazko literaturan, beste genero batzuk hobesten dira literatura beltzaren gainetik"