DONOSTIA. Koronabirusak eragindako egoerak aurtengo Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketako irabazleak bideo baten bidez ezaguaraztera behartu egin du. XXXI. edizio honetarako ezohiko sari banaketa antolatu egin da. Esaterako, ekitaldiko “famili argazkia” modu birtualean egin da saridunekin, epaimahaiko kideekin, agintariekin eta aurkezle zein musikariekin.

Sara Cozarrek egin ditu aurkezpen lanak hutsik zegoen pleno aretoan. Iñaki Salvadorrek eta Ainara Ortegak musikaz apaindu dute ekitaldi birtuala, eta epaimahaiko kideek saritutako lanen gaineko azalpen interesgarriak eman dituzte. Halere, protagonistak sarituak izan dira, nahiz eta pertsonalki aretoan bertan ez egon. Saria jaso duten haur eta gaztetxoek etxean egindako grabazioak bidali dituzte beraien lanak irakurriz edota azalduz.

Azkenik, Eneko Goia Alkateak eta Jon Insausti Euskarako zinegotzi ordezkariak hutsik zegoen udaletxetik zoriondu dituzte saritu eta aipatu guztiak.

1.244 LAN AURKEZTU DIRA AURTENGO EDIZIOAN

Aurtengo Koldo Mitxelena Literatur Lehiaketan, 31.edizioa, 22 lan saritu dira, eta beste 39 lanek aipamen berezia jaso dute. Erabaki zaila izan da epaimahaiarentzat, izan ere guztira 1244 lan aurkeztu dira, iaz baino 200 gehiago. Parte hartzaileen artean, datu esanguratsuenetako bat guztira Donostiako 24 ikastetxe ezberdinetako ikasleek parte hartu dutelako.

Aurten saritutako lanak horrela banatzen dira:

  • 6 komiki
  • 2 olerki
  • 6 ipuin
  • 4 bertso
  • 4 mikroipuin

Lan guzti hauek Donostia Euskarazen webgunean argitaratu den liburuxka birtualean irakur daitezke, baita ere hurrengo epahaimaiak eman dituen aipamen bereziak merezi dituzten 39 lanak: Iñaki Martinarena “Mattin” komikigilea, Beñat Gaztelumendi bertsolaria, eta Yolanda Arrieta, Ana Malagon, Inazio Mujika eta Arantxa Urretabizkaia idazlea.

OPARIAK ETA LITERATURA LANTEGI BATEAN PARTE HARTZEKO AUKERA

Aurten ere, 14-18 urteko kategorietako irabazle eta aipatuentzako literatura lantegi batean parte hartzeko aukera egongo da. Denentzako lekurik ez dagoenez, zozketa egingo da eta irabazleek Zugarramurdin antolatuko den lantegian parte hartu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzaren Urruzuno Literatura Lehiaketako irabazleekin batera. Egonaldi arrakastatsua eta aberasgarria izaten da eta urtetik urtera gero eta gazte gehiago animatzen da parte hartzera.