Euskadiko Orkestrak antolatzen duen Miramongo Matineeak ganbera musikako zikloaren denboraldi honetako bigarren saioa izango da larunbatean, urriak 18 dituela, eta Haizea taldeak 'Teklak eta haizeak' izeneko kontzertua eskainiko du.

Taldeko bost musikari Euskadiko Orkestraren kide dira: Helene Billard-Alirol (flauta), Pascal Laffont (oboea), Sara Zufiaurre (klarinetea), Anne Charlotte Lacroix (fagota) eta Marianne Tauzin (tronpa). Arkaitz Mendoza pianistak osatzen du seikotea.

Euskadiko Orkestratik jakinarazi dutenez, Haizea taldeak "dotoreziaz, kolorez eta sotiltasunez beteriko bidaia" proposatuko du, ganbera musikako errepertorioan gutxi interpretatzen diren bi lanetan barrena.

Programak "haize-instrumentuen eta pianoaren arteko elkarrizketa" jarriko du lehen planoan, eta "lirismoz, umorez eta fineziaz bustitako bi bitxi ezezagun" erakutsiko ditu.

Horrela, kontzertua Nikolai Rimski-Korsakovek 1876an konposatu zuen 'Flauta, klarinete, tronpa, fagot eta pianorako kintetoa'-rekin hasiko da. Bere orkestra lan handiengatik ezagunagoa den arren, musikagile errusiarrak "kolorearen eta orekaren artean maisutasun osoa" erakutsi zuen obra honetan, formazio intimoago batean.

Programaren bigarren zatian, Ludwig Thuillek 1888an konposatutako 'Piano eta haize-boskoterako sextetoa' entzungo da. Municheko eskolako ordezkari eta Richard Straussen lagun hurbila, Thuillek "lan eskuzabala" eskaintzen du, "erromantizismo neurritsu eta argitsukoa", eta "idazkera arina da eta rol espresiboa" ematen dio instrumentu bakoitzari.

Kontzertua 11:00etan hasiko da, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan, Donostian, eta sarrerak solteak salgai daude 11 euroan euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal auditoriumeko leihatilan; orkestraren egoitzako leihatilan bertan ere eros ahal izango dira kontzertuaren egunean, leku librerik geratzen bada.