Azkue Fundazioak Xare euskarazko kultura digitalaren jardunaldiak antolatu ditu Barakaldon bosgarren aldiz urriaren 22rako, eta orotara 150 gaztek parte hartuko dute euskarazko unibertso digitala sustatzea helburu duen ekimenean.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, gazteak, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT), eta euskara dira Xare jardunaldien zutabeak, eta horien inguruan ardazten da ekimenaren helburu nagusia ere: euskarazko sorkuntza eta baliabide digitalak ezagutaraztea gazteen artean.

Lanabesak ezagutu ez ezik, ikasleek tresna horiek balioan jar ditzaten bilatzen da, eta gazteak, hartzaile-kontsumitzaile izatetik, euskarazko ekosistema digitala aberastuko duten sortzaile eta garatzaile izatera pasatzea.

Barakaldoko Udalak eta Azkue Fundazioak babesten duten saioak Behurko BHI eta Minas BHI ikastetxeetako bigarren hezkuntzako 150 ikasle batuko ditu, eta Clara Campoamor zentroan egingo da, 09:00etatik 13:45era.

Zortzi lantegi praktiko, bi hitzaldi interaktibo, Memeka lehiaketa, 'Egunean Behin' jokoaren zuzeneko partida kolektiboa, zozketak eta Sara Zozayaren kontzertua izango dira.

Barakaldokoa Xare jardunaldien laugarren geldiunea izango da 2025-2026ko ikasturtean, Bilbotik, Iruñetik eta Baionatik igaro ondoren. Jarraian, Amorebieta-Etxanon, Errenterian, Laudion, Donostian eta Gasteizen egingo dira jardunaldiak.

2017an abiatu zenetik 2025era arte, 14.340 gaztek hartu dute parte Xare jardunaldietan, eta 2025-2026ko ikasturtean 4.570 gazte gehiagorengana helduko da euskarazko kultura digitala sustatzen duen egitasmoa.